Geroa Baik dio denak «damutuko» direla koalizio bat osatu ez izanaz
Espainiako Senaturako elkarrekin aurkeztuko dira Nafarroako aldaketako indarrak —Aldaketa izenarekin, hain zuzen—, baina Kongresura ere elkarrekin aurkezteko ez dira ados jarri. Koldo Martinez Geroa Baiko eledunak berretsi zuen atzo haiek ere euren markarekin aurkeztuko direla, baina aukera on bat alferrik galdu dutelakoan dago. «Denok damutuko gara gure hiru bazkideek hartutako okerreko erabakiaz», nabarmendu zuen. Izan ere, Geroa Baik eta EH Bilduk egin zuten Kongresura ere laurak elkarrekin joateko lehen proposamena, baina berehala jaso zuten Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren ezezko borobila. Aurreneko biek egindako azken saiakerek ere ez dute fruiturik eman, eta Geroa Baik bere bazkideei leporatu die «kalabazak» eman izana.
«Ez da posible izan», azpimarratu zuen Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak. «Saiatu» direla, «bilera intentsoak» izan dituztela, baina ez dutela lortu. «Geroa Bairekin saiatu ginen, ulertzen genuelako badagoela Nafarroan espazio bat estatuari men egiten ez dioten indarrek bete zezaketena, baina ez dugu lortu». Arrazoia? Nola Martinezek hala Araizek, berbera aipatu dute: «Estrategia ezberdinak». Geroa Baik «Nafarroan eta autogobernuan» oinarritutako kanpaina planteatuko duela adierazi zuen Martinezek. «Espainiako Estatuaren inboluzioari» aurre egingo dion talde politiko «indartsu» bat nahi zutela zioen Araizek: «Erabaki zuten ez zuela zentzurik elkarrizketekin jarraitzeak».
UPN, PSNri galdezka
Ciudadanosekin egindako akordioa dela eta, estu hartu zuten atzo ere Javier Esparza UPNko presidentea gainontzeko alderdiek, parlamentuko saioaren ostean. Eraso eginez defendatu zen hura, eta PSNk egindako kritikei erantzun zien, batez ere. Maria Txibite PSNko idazkariak, izan ere, Navarra Suma Nafarroaren foraltasunaren eta autogobernuaren defendatzaile gisa «saltzea» egotzi zion Esparzari, «eta izango da nahi duena, baina, hain justu, horixe da ez dena: foraltasunaren eta autogobernuaren defendatzailea».
Esparzak galdera batekin erantzun zion Txibiteri: «Eta PSNrentzat Nafarroaren autogobernua defendatzea zer da? Barkosekin ituna egitea?». Hori argitzeko eskatu zion UPNkoak PSNkoari, eta gogora ekarri zizkion PSOEk Ciudadanosekin lortutako akordioak: «2016an, Sanchezen inbestidurarako akordioa lortu zuten, eta han ez zuen inork autogobernuaz hitz egin. Badaude agintari sozialistak Nafarroako erregimena zalantzan jarri dutenak: Susana Diaz, Iceta, Ximo Puig... Autogobernuari buruzko batere leziorik ez eman UPNri».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.