«Herritar ekintzaz», plaza okupatu dute

Urruñako Gazte Asanbladako kideek hiru eguneko okupazioari eman zioten hasiera atzo. Herriko plaza gazteek eskatzen duten gaztetxe bilakatuko dute bihar arte, hainbat ekintza eginez bertan.

Bigarren eskuko jantzien dendak arrakasta handia izan zuen atzo Urruñan. BOB EDME.
Urruña
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Herriko etxeak asteazkenean egindako «mehatxuen» aitzinean, atzo goizean, Urruñako Gazte Asanbladak hasiera eman zion hiru eguneko okupazioari. Hamar bat gazte bildu ziren goizeko hamarretan; karpak muntatu eta musika jarri zuten, hiru egun eta gau pasatuko dituzten gunea antolatzeko.

Egitarau betea izan zuten okupazioaren lehen egunean. Truke azokarekin hasi ziren: «Arropa denda bat» jarri zuten, arropak urririk eskaintzeko. «Bigarren eskuko arropa da, eta urririk ematea pentsatu dugu, sistema kapitalista honi aurre egiteko modu bat delako. Gaur egun dena erosi eta saldu egiten da, eta bizitzeko beste modu bat badagoela erakutsi nahi dugu gauzak trukatuz», azaldu zuen Unai Billakortak, Urruñako Gazte Asanbladako kideak. Gatuzain argitaletxeak ere bere txokoa egin zuen azokan, eta liburuak bi eurora jarri zituen salgai. Herriko plazan zirenen interesa piztu zuen Arropa denda 0 euro zioen afixak, eta jendea azokara hurbiltzen hasi zen.

Eguerdian, Gustokik egindako taloa eta xingarra jateko txanda iritsi zen. «Tokiko eta sasoiko» produktuak saltzen dituen elkarte bat da. Hogeita hamar gazte inguru bildu ziren bazkarira, eta Urruñako bestak antolatzeko bilkura egin zuten ondotik. Iaz arte gazte batzarrak Urruñako bestetan parte hartzeko eskaria egiten zuen, baina, herriko etxeak gazteen parte hartzea ukatzen zuela ikusirik, gazte batzarrak bere aldetik «besta alternatibo batzuk egitea» deliberatu zuela adierazi zuen Orhi Barroso gazteak. Joan den urtean egin zituzten herriko lehen «besta alternatiboak», eta aurten ideia horrekin jarraitzekotan dira. Urruñako Herrira eta Euskal Herrian Euskaraz taldeekin biltzen hasi ziren, eta aurtengo bestak antolatzen hasi. Atzo, plazaren okupazioaren kari, bilkura horien segida egin zuten.

«Sei urte gazte asanblada sortu dugula, eta sei urte gaztetxea eskatzen dugula», zioen berriz Txomin Poveda gazte batzarreko kideak. «Ez dugu inoiz erantzun baikorrik jaso», gaineratu zuen. Hori horrela antolatu dute gazteek hiru eguneko okupazio bat herriko plazan, herriko etxearen nahiarekin ados ez direla adierazteko, eta haien «aldarrikapenari segida emateko».

Hiru egun horietan, larunbat arte, hainbat ekintza proposatuko dituzte. «Herritarrek herritarrentzat egiten dugun ekintza bat da», azaldu zuen Nahia Imaz Gazte Asanbladako kideak. Plaza okupatuz erakutsi nahi dituzte gaztetxea izango balute bertan eskaintzen ahalko lituzketen ekintzak. Baina herriko etxeak, horren ordez, gutun bat bidali zien asteazkenean Gazte Asanbladako kide batzuei. Okupazioa eginez gero Polizia bidaliko zuela erran zien, edo salaketa jarriko zuela bestela. «Legez kanpoko okupazioa» egiten ari zirela berretsi zuen atzo goizean, eta gaineratu zuen herriko plaza okupatzeko nahiarekin segitzen bazuten «ondorioak» izanen zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.