Desobedientzia noiz da egoki erakundeetan?

Zilegitasunaren eta legezkotasunaren arteko harremana aztertu dute Helena Franco, Anna Gabriel eta Mari Jose Beaumontek, Gasteizen, 'Desobedientzia eta erakundeak. Ezinezko misioa?' mahai inguruan.
Helena Franco, Anna Gabriel eta Mari Jose Beaumont, atzo, Gasteizko mahai inguruan.
Helena Franco, Anna Gabriel eta Mari Jose Beaumont, atzo, Gasteizko mahai inguruan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PESS

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko maiatzak 14
Desobedientzia erakundeetan, posible den ala ez, noiz den egoki, eta zein baldintza bete behar dituen aztertu dute Helena Franco Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatu ohiak, Anna Gabriel CUP alderdiko (Herrialde Katalanak) diputatuak eta Mari Jose Beaumont Nafarroako Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Justizia eta Barne kontseilariak.

Gasteizko Alkartetxean bildu zituzten, atzo, desobedientziari buruzko jardunaldiei ekiteko. Gaur ere hitzaldi eta ekitaldi gehiago izango dira Gasteizen, Eleak mugimenduak, Joxemi Zumalabe fundazioak, Hezkuntza Plataformen Topaguneak, Hala Bedi Irratiak, Fracking Ez plataformak eta Ernaik antolatua.

Zilegitasunaren eta legezkotasunaren arteko gatazka izaten da desobedientziaren beharra azaleratu ohi duen funtsezko arrazoia. Helena Francoren ustez, «etengabe» sortzen da bi elementuen bateraezintasuna, legezkotasuna sistema kapitalistaren eredua ezartzeko «erreminta» den neurrian. «Errealitate sozialaren alde» dauden eragileek, egoera horri aurre egiteko «tresnak» behar dituzte; baina, azpimarratu duenez, «erakundeetako borrokak mugak dauzka», eta nagusietako bat, hain zuzen, legezkotasuna bera da.

Desobedientzia «indar handiko tresna» izan daiteke erakundeetan, Francoren esanetan. Ezinbesteko jo du, ordea, erakundeek halako erabaki bat hartzeko «herri mugimendu sendoa» izatea atzetik, bultza egingo duena; legezkotasunak ekar ditzakeen bidegabekeriei «zilegitasunarekin aurre egin» ahal izateko.

«Mesfidantza handia» egon da, diputatu ohiaren ustez, «ezkerreko jendeak erakundeetan egin dezakegun lanari buruz». Legezkotasunak ezartzen dituen mugen barruan bada ere, «sistemaren kontraesanak» agerian uzteko balio dezake erakundeetako lanak, Francoren ustez.

Etorkizunean, «indarra» ikusi nahiko luke kalean eta erakundeetan, elkarlanean, «desobedientziaren bidean aurrera egiteko».

Kataluniako egoera politikoa deskribatu du Gabrielek, eta, haren esanetan, «sekula baino baldintza hobeak daude» erakundeak desobedientzian murgiltzeko.

Kataluniako gizartearen «mobilizazio masiboek» zilegitasuna bakarrik ez, prozesu independentista bultzatzeko «beharra» ere ezarri diela adierazi du.

Hala ere, gainditu beharreko hainbat erronka aipatu ditu. «Desobedientziarekin harremanetan hasi behar dugu». Gabrielen hitzetan, «formulak» probatzen hastea komeni da, «amildegira ez garamatzala frogatzeko; aldiz, [Espainiako] estatuaren erasoen aurrean indartsuago egiten gaituela frogatzeko».

Desobedientziaren gaineko «beldurra» zabaltzearen arriskuaz ere ohartarazi du. «Eguna iristen denean desobeditzeko prest inor ez egoteak kezkatzen gaitu». Mezu horiei aurre egiteko, «pedagogia» aldarrikatu du, eta, helburu horrekin, CUPek Beldurrik gabe kanpaina abian jarri duela azaldu du.

«Kataluniako errepublikaren autoritatea» eraikitzeko beharra ere azpimarratu du Gabrielek; Espainiako Estatuko legedia baztertu eta legedi berrira jauzi egin ahal izateko.

Beaumontek defendatu duenez, berriz, gobernu guztien helburua izan behar da erabakiak «segurtasun juridiko markoen barruan» hartzea; gainontzean, «arbitrariotasun» egoera sortuko litzateke eta.

Hala ere, uneren batean erakundeek desobedientziaren aldeko hautua egin behar ote luketen erantzutea «konplexua» dela aitortu du. Batetik, aipatu du legedia ezartzen duten organoak hainbat direla, gaur egun; eta «batzuk oso urrunekoak». Urruneko erabakiguneetatik datozen legeei aurre egiteko tresna gisa «foru baimena» ekarri du gogora. Bestalde, interes orokorraren alde, legedia desobeditzeko zilegitasuna nazioartean onartua dagoela azpimarratu du.

Desobedientziak, Beaumonten ustez, «egokitua» izan behar du sortzen duen gertakariarekiko, baketsua ezinbestean eta, eraldatzailea izatekotan, helburu pedagogikoa eduki behar du.

Desobedientziari buruzko jardunaldiak gaur amaituko dira, Gasteizen. Goizean, Desobedientzia gaur egun izeneko solasaldia izango da; eta, arratsaldean, praktika desobedienteei buruzko mahai ingurua osatuko dute Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak, Axier Lopez kazetariak, Las Otras talde feministak, Errekaleor Bizirik! taldeak eta Blanca Martinez de San Vicente Hezkuntza Topaguneko kideak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: