Ziburuko ikastolarentzat isun handiagoa galdegin du auzapezak

4.370 euroren zigorra ordaindu berri du Seaskak.

Auzitegiaren aginduz, egun bakoitzeko 100 euro pagatu ditu ikastolak, baina kopurua 400era igo nahi du Poulouk

Erredakzioa -

2014ko urriak 30
Isuna ordaintzeko une berean heldu zen Ziburuko Kaskarotenea ikastolarentzako (Lapurdi) hamaikagarren albiste txarra: auzitara jo du berriro Guy Poulou Ziburuko auzapezak, ikastolari isun handiagoa ezar diezaioten galdegiteko. Orain arte, egun bakoitzeko ehun euroko zigorra ordaindu du ikastolak, baina kopuru hori 400 eurora igotzeko eskatu du Poulouk. Auziaren eguna zehaztu gabe dago. Ikastolak manifestazioa egingo du azaroaren 8an.

Atzo bertan ordaindu zuen ikastolak orain arte pilatutako isunaren zenbatekoa: 4.370 euroko txekea igorri zuen Seaskak. Paueko auzitegiak eman zuen agindua, orain hilabete eta erdi: Ziburuko ikastolak Marinela auzoko eskola publikotik alde egin behar zuela ebatzi zuen; deliberoa bete ezean, egun bakoitzeko ehun euro ordaintzera behartuko zituela ohartarazi zuen.

Abagune horretan auzapezak isuna handitzeko eskatu izana gaitzetsi du Seaskak, ohar bidez: «Poulouren jokamoldea argia da: batetik, presiobide guziak erabiltzen ditu ikastola dagoen tokitik kanporatzeko, baina une berean aterabidea oztopatzen du». Gogora ekarri du ikastolak proposatu dituen hiru konponbideak galarazi dituela Poulouk.

Bihar agerraldia egingo dute Donostian, Ziburuko ikastolari «euskalgintza, kulturgintza eta gizarte eragileen sostengua plazaratzeko». Datorren asteko larunbatean Ziburun egingo den manifestaziora joateko deia ere berretsi du Seaskak, «auzapezak ikastolaren kontra duen jarrera salatzeko; haurren, familien eta, oro har, euskararen kontrako jazarpena salatzeko».

Kanporatzeko mehatxua

Izan ere, isuna ez da Ziburuko ikastolak duen arazo bakarra. Marinelako eskola publikoan erabiltzen duen espazioa utzi ezean, han ikasten ari diren 2 eta 4 urteko hamabi umeak kaleratzera Polizia ere bidaltzeko prest dela jakinarazi zien auzapezak ikastolako arduradun eta gurasoei orain dela bi aste. «Abisu egiten dizuet legez kanpo okupatzen duzuen lekua lehenbailehen pertsonaz eta ondarez husteko. Hala egin ezean, behartuta egongo naiz zuen eta egoitzan dauden guztien kaleratzea gauzatzera, beharrezko balitz indar publikoaren laguntzaz», zioen oharrak.

Gainera, datorren astean ikastola argindarrik gabe uzteko asmoa ere badu auzapezak. Urri erdialdera jakinarazi zuen Poulouk Omiasainduko oporren ostean argindarra kenduko ziola, eskola publikoko eta ikastolako argindarra bermatzeko ahalik ez duelakoan. Berriro erantzun dio Seaskak Poulouri: «Nahiz eta haurrak kanporatzeko polizia indarra baliatuko duzula mehatxatu, nahiz eta haurrak urik, berogailurik eta argindarrik gabe utziko dituzula mehatxatu, nahiz eta beste behin ikastola itotzearekin mehatxatu, ez duzu lortuko Kaskarotenea ikastola hestea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna