Lurraldetasunaren korapiloak eta zubiak

Iratzar Fundazioak antolatutako hitzaldian, nazio eraikuntzarako arazo nagusi bezala ikusten da egungo lurralde egitura. Ukazioaren gainetik, ordea, aurrera egin duen Euskal Herri funtzionala bada.

Hitzaldian, Floren Aoiz, Bakartxo Ruiz, Imanol Esnaola eta Eneritz Zabaleta, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Euskal herritar askori maiz oso zail egin zaie atzerriko edonori Euskal Herriaren lurralde egitura azaltzea. Konplexutasun horri egun lurraldetasun deitzen zaio, eta naziogintzari begira egungo errealitateak eskaintzen dituen korapiloei zein horiek askatzeko zubilanen inguruan hausnartu zuten atzo Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, Eneritz Zabaleta ikerlari eta Baionako Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea eta Floren Aoiz Iratzar fundazioko presidenteak. Hain justu ere, fundazio horrek antolatutako Neguko Unibertsitatea izeneko hitzaldi sortaren baitan zegoen atzoko solasaldia. Hiru hizlariek nabarmendu zuten urteetako eta mendeetako dinamikaren baitan «Euskal Herria desprogramatzeko» dinamika eman bada ere, euskal lurraldeen arteko harremanak bizirik dirautela.

Ideia hori argi azaldu zuen, esate baterako, Imanol Esnaolak. Bere ustez, «lurraldetasun ukatua» du Euskal Herriak: «Azken mendeetan eraiki diren instituzionalizazioak eta horien inguruan eraiki diren praxi ekonomikoak, sozialak, akademikoak, mediatikoak, teknologikoak ekarri dute euskal lurraldetasuna ukatzea». Hala, «euskal lurraldetasuna gatazka eremu bat da, eta Euskal Herria desprogramatu nahi duten elementuek aplikatu egiten dute hori».

Esnaolaren arabera, errealitate horren aurrean, «Euskal Herriak lurraldetasun bat du, eta zatiketen gainetik indarrean dago». Bi ideia ustez sinple nabarmendu ditu jarraian: «Gauden tokian gaude, dugun lurraldea dugu». Euskal Herriamunduarekiko zein bere barruan diren lurraldeekiko harreman modu batean jartzen du. «Era berean, berezko koherentzia bat du». Horri esker, gaur egun, zatiketen gainetik elkarren arteko loturak bizirik diraute.

Bere aldetik, Zabaletak gogora ekarri du Eskozian edo Katalunian gako nagusia ez dela nazioa izan. «Nik uste dut gaur egun demokrazia ulertzeko modu berrietan gehiago jartzen dugula begia lurraldean eta ez hainbeste nazioan. Horrek hainbat gako ematen dizkigu nortasun arazoak gainditzeko». Lurralde egiturari begira, «asimetria handiak» daude, batez ere maila instituzional politikoan.

Asimetria horiek gainditzeko aukerak badira, lehenik arlo sozioekonomikoan elkarlan esparruak badirelako. Bestetik, Ipar Euskal Herriari dagokionez, aldaketa nabariak antzeman ditu Zabaletak: «Ipar Euskal Herriko aktore sozialek eta ekonomikoek Hegoaldearekin lan egiteko gogoa dute. Ikusten dute erreferente bat». Gainera, euskal departamendua lortzeko aldarrikapena eraldatu da eta orain ez da soilik abertzaleen aldarrikapen politikoa. 2012tik politikatik kanpoko gizarte eragileek euren beharrei erantzungo dien egitura instituzional bat aldarrikatzen dute, eta ez dago identitateari lotuta, lurraldeari baizik.

Floren Aoizen arabera, lurraldetasuna da abertzaletasunaren «ahulezia handienetakoa, handiena ez bada». Era berean korapilo horri lotuta daude beste arazoak ere:estatuen itxikeria egoera ez aldatzeko eta bertako eliteen jarrera ere. «Pentsatzen zuten zatiketan bazutela negozioa». Aoizek gaineratu du zatiketa «barneratu» egin dela: «Instituzionalizazio prozesuak, batez ere Hego Euskal Herrian, zatiketa errotu dute. Azken finean, EAE eta Nafarroan foru erkidegoa bakoitza besteari sorbalda emanaz eraiki dira», esan eta gaineratu du: «Hala ere, egia da gure herriak lortu duela lurralde funtzional bat izaten mantentzea, eta ez da nolanahikoa».

Nafarroako hauteskundeek atea berriak irekitzeko aukera ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.