Libre bai, baina gerra iraganean utzi ezinik

Hego Sudanen independentziaren bortzgarren urteurrena gatazka zibila konpondu gabe ospatuko dute gaur. Egoera ekonomikoa eta krisi humanitarioa larriak dira; lau pertsonatik bat desplazatua da.

Tomgingeko errefuxiatu guneko irudi bat, Yuban. Emakume desplazatu bat, dokumentu bat jasotzen. JM LOPEZ / EFE.
mikel rodriguez
2016ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Hego Sudan estatu independente gaurko egunez bihurtu zen duela bortz urte. NBE Nazio Batuen Erakundean eskubide osoko kide bihurtu den azken estatua da. Urteurrena, ordea, herrialdearen egoeraren adierazle izanen da, gobernuak adierazi baitu ez duela ospakizun berezirik eginen independentzia oroitzeko, krisi ekonomiko larriaren eraginez. Salva Kiir presidenteak telebista eta irrati publikoan emanen duen hitzaldia izanen da ekitaldi ofizial nagusia. Ia bi milioi hildako eragin zituen gerra luze baten ondoren lortu zuen Hego Sudanek independentzia, baina errepublika burujabe bat denetik ere ezin izan dio ihes egin gerrari.

Krisi humanitarioa ere latza da. Agowuh Lakechen testigantzak elikagai eskasiaren tamaina erakusten du: «Zuhaitzetatik hartzen ditudan hostoak ematen dizkiet jateko seme-alabei». Bahr el Ghazalen bizi da, gosetearen atarian dagoen eskualdean. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi du 4,3 milioi lagun daudela giza laguntzaren beharrean eta datozen hilabeteotan 4,8 milioi izan daitezkeela.

Desplazatuen berri ere eman du erakundeak. Melissa Fleming bozeramailearen hitzetan, gero eta desplazatu gehiago dago. Hego Sudanek 11 milioi biztanle ditu, eta lautik bat da desplazatua; 2,6 milioi. Horietatik 860.000k muga zeharkatu dute; Sudanen, Kongon eta Afrika Erdiko Errepublikan bilatu dute babesa.

NBEk ohartarazi du ekainean 70.000 herritarrek alde egin behar izan zutela etxetik; Wau hiriburuan bakarrik, 35.000 inguruk. Ekainaren 24an piztu ziren borrokak Waun. «Karrika guztietan, hiruzpalau gorpu ikus zitezkeen», adierazi du Mariana Isidoro medikuntza arloko langileak. Lekukoek armadari leporatzen diote sarraskia, eta, zehatzago, dinka etniako soldaduei.

Dinkak nagusi

Hego Sudanen 60 etnia inguru bizi dira, eta dinkak dira nagusi—hiru milioi inguru dira, eta Kiir presidentea ere dinka da—. Bigarren etnia dira nuerrak, bi milioi inguru —Machar presidenteordea nuerra da—. Testigantzen arabera, dinka soldaduek eraso zieten zibil nuerri, fartitei —gehiengoa dira Waun— eta bertze gutxiengoei. Gabriel Jok Riak armadak Waun duen buruzagiak, ordea, ukatu egin du zibilei eraso zietenik. «Matxinoak sartu ziren hirian».

Hego Sudanek ezberdintasun etniko eta erlijioso argiak zituen Sudan iparraldearekiko: hegoaldean, Saharaz hegoaldeko etnia beltzetakoak dira herritar gehienak, erlijioz bertako sinesmenen jarraitzaileak eta kristauak; iparraldean, berriz, nagusiki arabiarrak eta musulmanak. Khartum hiriburuko botere zentroak hegoaldeari autonomia kentzeko erabakia hartu ondoren matxinatu zen SPLA/M (Sudan Askatzeko Herri Armada/Mugimendua) 1983an. Gerra 2005eko bake akordioarekin bukatu zen, eta, hitzarmenean bildu bezala, 2011n egin zen independentziari buruzko erreferenduma. Hego Sudango barne gatazken erroa, ordea, independentzia lortu aitzineko gerran sortuta zegoen, gutxienik.

Horren adibide da herrialdea ezegonkortuta daukan gerra zibila 2013ko abenduan piztu zela, estatu independente bihurtu eta bi urte eta erdi eskasera. Pertsona boteretsuen arteko botere borroka, etnien arteko liskarrak eta interes ekonomikoak dira gatazka iturri —petrolioaren ustiapena, herri abeltzainen eta nekazarien arteko borrokak...—. Salva Kiir presidenteak eta Riek Machar matxinoen liderrak apirilean sinatu zuten bakea, eta bertze gobernu bat eratu zuten, baina indarkeria ez da eten.

Joan den hilean, Bahr el Ghazal estatura hedatu ziren borrokak, ipar-mendebaldean. 2013an gerra piztu zenetik borroka gutxi gertatua ziren estatu horretan, eta NBEk kezka agertu du horregatik, Kiirrek eta Macharrek egindako akordioa ez dela sendoa erakutsiko lukeelako.

Petrolio ekoizpena, behera

Gerra zibilak lehendik kaskarra zen egoera ekonomikoa are larriago egin du. Hego Sudanek Afrikako petrolio baliabide aberatsenetakoak dauzka. Gerraren ondorioz, erabat ustiatu gabeko baliabidea zen, eta iraupenerako nekazaritza zen jarduera ekonomiko nagusia. Gaur egun, estatuak petrolio esportazioen menpekotasuna du, eta ekoizpena anitz murriztearen eta gerra gastuen ondorioz hondoa jota dago ekonomia. Badira hiru hilabete funtzionarioek ez dutela soldatarik kobratu, eta, hilaren bukaerarako, atzerriko dibisarik gabe geldi liteke Hego Sudan. Gerra zibilaren aitzinetik, egunean 245.000 upel ekoizten zituen, eta, orain, egunean 145.000.

Hain zuzen, petrolio aberastasun horrek erakarri zituen AEBak Sudango gerrara, eta SPLA/M babestu zuten Sudango Gobernuaren aurka. Orain, Washingtonek epaile rola hartu nahi izan du gerra zibilean: apirilean, bi aldeetako buruzagiei zigorrak ezartzeko mehatxua egin zien, eta, duela hilabete, gerra krimenak ikertzeko auzitegi bat sortzea babestu zuen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.