'Errefuxiatuen hiria'

Beirutek urteak daramatza milaka errefuxiaturi babesa ematen: gehienbat, palestinarrei 1948tik, eta siriarrei 2011tik. Gipuzkoako Aldundiaren ordezkaritza bat Libanon da errealitate hori ezagutzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Fathi Abu el-Adarath PAEk Libanon duen buruzagiaren arteko bilera. MIKEL RODRIGUEZ.
mikel rodriguez
Beirut
2017ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Beiruten doinu nagusia osatzen dute klaxon soinuek. Autoak, autobusak, taxi kolektiboak, edozein norabidetan doazen scooter-ak... Libanoko hiriburuko auzoen muturreko kontrasteei uniformetasun pixka bat ematen dion ezaugarria da gidatzeko modua. Izan ere, kontrasteak eta desberdintasunak ematen diote izaera Beiruti. Hamra auzoan, eraikin erraldoi komertzialak, kate handien saltokiak eta rock musika duten pubak aurki daitezke, baita, bazter batean, espaloian jarrita karrikara begira dauden bi gizonezko ere, telefono mugikorrak plastikozko aulki baten gainean utzita. Ingurua zaintzeko mandatua duten SSNP Alderdi Sozial Nazionalista Siriarreko bi kide —Hezbollahen aliatuak—. Rafik Hariri lehen ministroak gerraostean (1990eko hamarkadan) berritutako Downtown erdigunea ere kontrastez beteriko gunea da: itxura klasikoko eraikin garbi-garbiek, arkupeek, meskitek, elizek eta jatetxeek osatzen dute, eta sarrera guztietan dituen kontrolguneek, berriz, gotorleku bihurtzen dute. Barrenean, zibilak adina militar karrika lasaietan. Eta toki horietatik distantzia laburrera daude Sabrako etxe kolpatu eta zaharkituak, eta karrika estu eta zikinak. 1948az geroztik, palestinarrek bizirik irauten dutene auzo horretan, eta, orain, baita siriarrek ere. Beirut kontrasteen hiria bihurtzen baitu, hein handi batean, errefuxiatuen hiri ere izateak.

Palestinako eta Siriako errefuxiatuek Ekialde Hurbilean eta mundu osoan harrapatu duten babesleku handienetakoa da Beirut. Horregatik, Gipuzkoako Aldundiak Libanora bidalitako ordezkaritzak hiriburuan jarduten duten eragileekin igaro zuen atzo bidaiaren lehenbiziko eguna. Aldundiak eta Donostiako, Zumarragako eta Irungo udalek 90 haur palestinar eta siriarren haur hezkuntza ziurtatzeko programa bat finantzatzen dute. Nazioarteko Elkartasuna gobernuz kanpoko erakundea eta haren Libanoko bazkide PARD Garapenerako eta Babeserako Giza Laguntza Herritarra erakundea arduratzen dira programaz. Horren nondik norakoak, eta, oro har, Libanon dauden errefuxiatuen egoera ezagutzeko, delegazio bat joan da, honako hauek osatutakoa: Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletarako diputatuak, aldundiko giza eskubideen eta garapenerako arduradunek, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiek bidalitako diputatu banak —PPk izan ezik—.

Hain zuzen, PARDen egoitzan hasi zuten atzoko eguna, Sabrako kanpamentutik gertu. Errefuxiatu palestinarrei laguntzeko sortu zuten PARD 1980ko hamarkadan, palestinarrek beraiek eta Libanoko herritar batzuek. 2012az geroztik, siriarrei ere laguntzen die PARDek, eta jardun horren berri eman zion ordezkaritzari.

Sabra ingurutik UNDP Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programaren egoitzara joan zen Gipuzkoako ordezkaritza, auzo kristau batera. Nancy Hilal ordezkariak azaldu zien UNDPk garrantzi berezia ematen diola udalekin elkarlanean aritzeari. «Garrantzitsua da udalak inplikatzea, eta udalen eta errefuxiatuen kokalekuen artean koordinazioa bideratzea». Hilalek elkarlan horren eredutzat paratu zuen duela bi urte Libanon zabor bilketaren auziak sortu zuen krisian garatutako programa bat. Zaborren gatazka aipatzeak ezinbertzean irribarreak eta begirada gurutzatuak eragin zituen Gipuzkoako ordezkaritzan, UNDPko kideak ulertu ez zuen isiltasun une motz bat. «Tiro ondoan [hegoaldean], errefuxiatuen lau gunetako 2.204 etxeetan atez ate joan ginen hondakin solido birziklagarriak bereizi behar zituztela azaltzera, eta, orain, lau guneetan ezarri da birziklatzea».

«Egun batzuetarako»

Ordezkaritzaren atzoko azken hitzordua PAE Palestina Askatzeko Erakundeak Libanon duen buruzagiarekin egin zuen Gipuzkoako ordezkaritzak. Bi auzo erdibitzen dituen autobide baten bazterrean, eraikin batzuek sortutako karrika mehar baten sarrera uniforme militarrarekin jantzitako mutiko koxkor batek zaintzen zuen kalaxnikov batekin. Aitzinerago, zibil jantzitako gizon batek, kalaxnikova eskuetan hark ere, irribarretsu agurtu zituen etorri berri guztiak banan-banan. Beiruten hamaikagarren kontrastea. Fathi Abu el-Aradat PAEko ordezkariak barkamena eskatu zuen berandu ailegatzeagatik. Beiruten antolatuta zeuden protesta batzuen ondorioz gibelatu zen.

«1948an Elizak utzi zizkigun auzo honetako lur hauek palestinarroi, egun edo hilabete batzuen buruan etxera itzul gintezen, baina 77 urte igaro dira ordutik. Esperantza dugu itzultzeko, ez dugu egoera izugarri hau betikotzea nahi», azaldu zuen. Bi estatuen irtenbidea defendatu zuen Israelekin gatazka konpondu eta errefuxiatu palestinarrak itzultzeko. Itxaso Kultura diputatuak adierazi zuen «ezinbestekoa» dela Gipuzkoako gizarteak errefuxiatu palestinarrei eta siriarrei laguntzen jarraitzea. «Gure programekin jarraitu behar dugu, eta handitu ere egin behar ditugu. Estatu bat ez duten bitartean, beharrezkoa da Europako udalek, eskualdeek eta estatu aberatsek laguntza ematen jarraitzea garapenerako politiken bidez». Beirut utzi ondoren, Gipuzkoako ordezkaritza Tirora joan zen, finantzatutako hezkuntza programen egoera ikusteko gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.