NBEk milioika lagunen egoera «etsigarriaren» erantzule egin du Kiev

Erredakzioa -

2014ko abenduak 16
NBE Nazio Batuen Erakundeak Ukrainako ekialdeko gatazkari buruz argitaratutako azken txostenak bete-betean jo du Kiev. Ekialdeko bost milioi lagunen egoera «etsigarria» da, eta gobernua egin du horren erantzule. Bizirik irauteko zailtasunak dituzte matxinoen kontrolpeko eremuko biztanleek. «Ukrainako Gobernuak bermatu behar ditu ukrainarren giza eskubideak, hezkuntza eta gizarte segurtasuna barne. Baita kontrolpean ez dituen lurraldeetan ere», ohartarazi du Zeid Ra'ad Al-Husseinik, NBEko Giza Eskubideen goi mandatariak. Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketan azaroan hauteskundeak egin ondotik, Kievek estatuaren zerbitzu guztiak eten zituen. «Gobernuari eskatzen diot berriz azter dezala erabaki horrek herritarrengan duen eragina».

Ukraina barruan 555.000 errefuxiatu eragin ditu gatazkak. Horietatik 19.800 Krimeatik iritsi dira. Beste askok Errusiara ihes egin dute. NBEko txostenak nabarmendu duenez, beste asko gatazka eremuan harrapatuta gelditu dira. «Matxinoek ez diete uzten ihes egiten. Badakigu iheslariak askoz gehiago ere izango liratekeela bestela».

Apirilaren erdialdetik, gatazka piztu zenetik, gutxienez 4.707 lagun hil dira. Beste 10.300 zauritu baino gehiago daude. «Zuzenbide estatuaren deuseztapenak, armamentu astunaren erabilerak, eta atzerriko borrokalarien joan-etorriak —horietako asko Errusiatik etorriak— eragin zuzena dute giza eskubideen urratzeetan».

Erroman bildu ziren atzo John Kerry eta Sergei Lavrov, AEBetako eta Errusiako diplomaziaburuak hurrenez hurren. Gatazka bideratzeko, Minskeko protokoloa aldarrikatu zuten. Irailaren 5ean sinatu zuten matxinoek eta Kieveko ordezkariek protokoloa, baina ordutik 1.357 hilketa zenbatu ditu NBEk. Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak, bestalde, EB Europako Batasunari egotzi dio gatazkaren errua, Moskurekin Ukrainaren elkartze akordioa negoziatu nahi ez izateagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna