Iberdrolak 2.800 milioi euro irabazi ditu, eta 3.700 nahi ditu 2022rako

AEBetako zerga erreformak 1.200 milioitik gorako sarrerak ekarri dizkio. 2022ra arte 32.000 milioiko inbertsioa egingo du

xabier martin
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Donald Trump bihurtu da Iberdrolaren aliatu onena 2017an. Merkatuko analisten aurreikuspenak gainditu ditu Ignacio Sanchez Galanek gidatzen duen konpainiak, eta %3,7 igo ditu mozkinak. 2.804 milioi euroko irabazi garbia lortu du Iberdrolak, eta mozkin horien zati handi bat Trumpek AEBetan bultzatutako erreforma fiskalari esker iritsi da.

Sareen (AEB eta Brasilen) eta energia berriztagarrien negozioen emaitzek hauspotu dituzte gehien Iberdrolaren emaitzak. Espainiako negozio tradizionalaren emaitza kaskarrak orekatu dituztela jakinarazi du enpresak. Lehorteak nabarmen egin dio kalte Espainian energia sorkuntzaren adarrari; %49 gutxiago ekoitzi du Iberdrolak. Horiek horrela, sarrerak ia %8 handitu ditu 2017an Iberdrolak, 31.244 milioi euroko kopurua lortu arte. EBITDA emaitzak behera egin du, ordea, %7,8 hain zuzen; 7.318 milioikoa izan da, CNMV arautzaileari igorritako informazioaren arabera.

Donald Trumpen erreforma fiskalak 1.284 milioi euroko eragin positiboa izan duela jakinarazi du konpainiak, eta iragarri du kopuru hori hornidurak egiteko eta hainbat aktiboren balioa gaurkotzeko baliatuko duela.

Eraginkortasun plana

Iberdrolak jakinarazi zuen atzo 32.000 milioi euroko inbertsioa egin nahi duela 2022 arte. Sareen negozioan (%50) eta berriztagarrietan (%37) egingo du batik bat. Konpainiak uste du 2022. urterako EBITDAren %80 negozio horien bidez lortuko dutela. Irabaziei begira ere helburu argi bat finkatu du, atzo azaldutako eraginkortasun plan bat tarteko, eta honako hau da: 3.500 eta 3.700 milioi euro arteko mozkinak 2022rako.

Iberdrolak 0,33 euro gordin akzioko banatu ditu akziodunen artean, 2016an baino %3,2 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.