2019an baino adingabe gehiago bizi dira orain gerra eremuetan

Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Iaz 200 milioi adingabe inguru bizi ziren gerra eremuetan. 2019ko datuekin alderatuta, horrenbestez, %20ko gorakada bat izan zen —162 milioi ziren duela bi urte—. Horixe jakinarazi zuen Save the Children GKE gobernuz kanpoko erakundeak, atzo kaleratutako txosten batean. Neurketa hori egiten hasi zirenetik, inoizko kopururik altuena da, 2008koaren ondoren; orduan 208 bat milioi ziren.

Txostenak azpimarratu du gorakada bat izan dela Mozambiken indarkeria agerraldi bat gertatu delako, eta Afganistanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Nigerian eta Yemenen gatazka egoerek ez dutelako hobera egin. GKEak azaldu du COVID-19aren pandemia eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egindako mundu osorako su-eten eskaera ez direla nahikoa izan gerra horiek eteteko. «Hori, sinpleki esanda, izugarria da», kexu agertu da Save the Childreneko zuzendari nagusi Inger Ashing, ohar batean.

Herrialde horiek dira, hain zuzen ere, klima larrialdiaren eraginak modu nabarmenenean nozitzen ari direnak, eta «aurrekaririk gabeko» goseteei aurre egin beharko dietenak.

GKEaren txostenak zehaztu du, gainera, 337 milioi haur bizi zirela adin txikikoak errekrutatzen dituzten talde armatuengandik edo gobernuengandik gertu. 1990ean 99 milioi ziren. 2019an 85 ziren adingabeak errekrutatzen zituzten talde armatuak, eta iaz, berriz, 110.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.