Aulkitik dator aldaketa

Angel Villacamparen aginduetara, sasoi-aurreko lehen entrenamendua egin du Athleticek. Andrea de la Nava atezaina da berritasun bakarra

Athleticeko jokalariak eta Angel Villacampa teknikaria, denboraldi-aurreko lehen entrenamenduan. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Oporrak amaituta, futboleko oinetakoak armairutik ateratzeko ordua iritsi zaie Athleticeko jokalariei. Atzo goizean egin zuten denboraldi-aurreko lehen entrenamendua, Lezaman, Angel Villacamparen zuzendaritzapean. Taldeari jarraitutasuna eman nahi izan dio klub zuri-gorriak, eta merkatuan ez da asko mugitu. Hala ere, egon dira aldaketa batzuk. Aulkikoa da berritasun nabarmenena: Joseba Agirreren lekukoa hartuko du Angel Villacampak. Lau denboralditan Athletic gidatzen aritu ondoren, etapa berria hasiko du Agirrek, eta kirol zuzendaria izango da. Agirrerekin izan zen azkenekoz ligako txapeldun Athletic, 2015-2016 denboraldian. Taldeak haize freskoa behar zuela jakinarazi zuen Agirrek, eta Villacampa izan da hautatua erronka berrirako. «Izan dut jokalariekin aurreneko harremana, eta hasteko gogotsu gaude denak», azaldu zuen atzo Villacampak.

Aulkiko aldaketaz gain, fitxaketa bat ere egin du talde zuri-gorriak: Andrea de la Nava atezaina. Logroñon jokatu ditu azken lau urteak, eta iragan sasoian egin zuen debuta Lehen Mailan. Athleticek bi atezain zituen jada lehen talderako: Ainhoa Tirapu eta Andere Legina. Hala ere, beste bat ekartzeko beharra ikusi dute: «Beste atezain batekin ateko lehia handitzea da helburua», esan zuen entrenatzaile berriak.

26 jokalarik hartu zuten parte atzo goizean Lezaman egindako lan saioan. Tartean zeuden Athleticen bigarren taldeko bost jokalari: Nerea Nevado, Oihane Valdezate, Naroa Uriarte, Leire Monente eta Amaiur Sarriegi. Lucia Garcia ere bertan egon zen. Munduko Kopa jokatzen aritu da Espainiako selekzioarekin. Hori dela eta, hilaren 29 arte zituen oporrak Garciak, baina lehen egunetik egon nahi izan du taldekideekin. Plan berezia jarriko diotela ziurtatu du Villacampak.

Bestalde, badirudi Maite Orozek eta Yulema Corresek gainditu dituztela izandako lesio luzeak, eta arazorik gabe hasi dute denboraldi-aurrea: «Fitxaketarik onenak dira. Tentuz ibiliko gara, baina medikuek esan digute sasoi betean daudela».

Lagunartekoak

Datorren astean Boltañan (Espainia) egonaldia egin ondoren ekingo dio Villacamparen taldeak adiskidantzazko neurketak jokatzeari. Abuztuaren 4an jokatuko dute lehen norgehiagoka, Girondisen aurka. Gero, beste hiru neurketa ditu aurreikusita: abuztuaren 8an, Soyauxen kontra; abuztuaren 18an, Osasunaren aurka; eta, azkenik, Euskal Herria Kopako finala, abuztuaren 24an, Realaren aurka. Finala Azpeitian jokatuko da, Garmendipe futbol zelaian.

Horrez gain, abuztuaren 12tik 14ra bitartean, Cadizen (Espainia) jokatuko den Carranza Trofeoan hartuko du parte Athleticek. Lau talde lehiatuko dira: Athletic, Tacon (etorkizuneko Real Madril), Tottenham eta Betis. Taconen aurka jokatuko du finalaurreko partida talde zuri-gorriak, abuztuaren 12an.Txapelketa horren 65. aldia izango da hau, eta lehen aldiz lehiatuko dira bertan emakumezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.