Izenaren eta izanaren arteko gatazka

Mazedoniak 1991n lortu zuen independentzia, baina Greziak ez dio izen hori onartzen. Aurten, negoziatzeko prest daude biak, baina Grezian kontrako jarrera gogorra sortu du horrek.

Izenaren eta izanaren arteko gatazka.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ohikoa eta topiko samarra da euskaraz izena eta izana solasekin hitz jokoak egitea, bien antzekotasun morfologikoaren eta erranahien arteko loturaren ondorioz. Antzekoa gertatzen da latinezko nomen (izena) eta omen (patua edo iragarpena) solasekin; nomen est omen, erromatarren pentsamenduaren arabera, izenak norbere patua iragartzen duela, alegia. Esamolde topiko horiek munduko bazter gutxitan hartuko dute Balkanetako penintsularen hegoaldean baino zentzu literalagorik. 1991n Jugoslaviatik banatu zen Mazedoniako Errepublika, baina Greziak ez dio onartzen izen hori hartzea, eta, horregatik, nazioarteko hainbat erakundetan parte hartzeko betoa paratzen dio—NATOn eta EB Europako Batasunean, bertzeak bertze—. Zoran Zaev Mazedoniako lehen ministroak eta Alexis Tsipras Greziakoak adierazi dute aurten gatazka hori konpontzeko baldintzak badaudela, baina, Grezian bederen, aurkako erreakzio handia sortu du, herritarren zati handi batentzat Mazedonia izen soil bat baino gehiago delako.

«Mazedoniarentzat ez dago NATO eta EBko kide izatea ez den bertze alternatibarik. Ez dago bertze alternatibarik eremu [Balkanetako penintsula] osoarentzat», adierazi zuen Zaevek, joan den otsailaren 21ean, Berlinen, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera egin zuen agerraldian. Zaevek eta Tsiprasek uztail arteko epea eman diote elkarri konponbideren bat lortzeko —NATOk egitekoa duen goi bilera baten aitzinetik—. Zaevek egin duen azken proposamena da errepublikak erreferentzia geografikoren bat gehitzea izenari.

«Ez dakit ziur ba ote dagoen konponbiderik», erran dioBERRIAri Nikolaos Zahariadis politologoak. «JOMEk [Jugoslavia Ohiko Mazedoniako Errepublikak] ez du gibelera egin nahi, haren identitatea ahulduko lukeelako, eta, horrekin, eslaviarrak eta albaniarrak elkarrekin bizitzeko arrazoia [herritarren %25 inguru dira albaniarrak]. Greziarrek dilema existentzial berbera dute: izenarekin amore ematen badute, haien historiaren eta identitatearen zati bati amore emanen diote». Zahariadisen ustez, euskaldunek «ongi» ulertzen dute «identitateen politika». «Hagitz zaila da nor zaren zalantzan paratzea. Agian, lurralde galera bati aurre egin diezaiokezu, baina ez identitatea galtzeari».

AEBetako Rhodes College unibertsitateko irakaslea da Zahariadis, eta gaia ikertu izan du hainbat argitalpenetan. Greziaren ikuspegitik, bi eragozpen nagusi daude iparraldeko errepublikak Mazedonia izena hartzeko: bata, irredentismoa, eta, bertzea, historia eta nortasuna. Irredentismoari dagokionez, Greziak Mazedonia izeneko eskualde bat du, eta badago oraindik eslaviar jatorriko komunitate bat. «Hagitz eslaviar hiztun gutxi daude», azaldu du Zahariadisek. «Zoritxarrez, ez dago daturik haien kopurua zehazteko, edo zer pentsatzen duten jakiteko. Ez dute ordezkari politiko propiorik, eta zenbait elkarte kultural desegin izan dituzte Greziako agintariek, irredentismoa sustatzen zutela argudiatuta». Zahariadisen ustez, irredentismoaren beldurra «neurri batean» da errealista; bertzeak bertze, Mazedoniako Errepublikak konstituzioan aipatzen dituelako haren mugetatik kanpoko lurraldeak.

Eztabaidaren mami handia, ordea, historiaren eta identitatearen erreferenteek hartzen dute. «Mundu oso baten erranahia dute bientzat». Eztabaidak gutxienez Alexandro Handiraino eraman dituzte (K.a. 356-K.a. 323). Berriki, Mazedoniako Gobernuak Antzinaroko enperadore horren izena kendu die Skopjeko aireportuari eta Greziaranzko autobideari, borondate oneko keinu gisa. «Bi aldeak etsi-etsian ari dira aldarrikatzen Antzinaroko biztanleen oinordekotza. Eslaviarren aldetik, ezinezkoa da Alexandro Handia aldarrikatzea [VI. mendean ailegatu ziren Balkanetara], hortaz, erraten dute mazedoniarra zela, ez greziarra. Noski,gaur egungo identitate nazionalik ez zen existitzen garai hartan, eta froga arkeologikoek erakusten digute Alexandrok grezieraz ikasi eta solas egin zuela».

Syrizarentzat arazo

Urtea hasi denetik, Grezian manifestazio handiak egin dituzte iparraldeko errepublikari Mazedonia izena erabiltzea debekatzearen alde. Zahariadisek uste du Greziako Gobernua ez dela egoki kudeatzen ari egoera. «Agintean dagoen ezker muturreko alderdiak [Syrizak] luzaroan pentsatu du ez zela kontuan hartzeko gai bat; nazionalistegia, haien gusturako. Hortaz, pentsatu du konpontzeko erraza izanen zela, eta oposizioko zentro eskuineko alderdi nagusia banatzeko aukera izanen zuela, horren barnean ere desadostasunak dituztelako irtenbidearen inguruan». Zahariadisek dio Syrizaren gobernuak ospea galdu duela «luzatzen ari den miseria eta austeritate egoerarengatik», eta «garaipen bat» lortzeko beharrez erran du akordio bat egiteko aukera dagoela.

Politologoaren ustez, ordea, Syrizak gaizki kalkulatu du. «Oposizioa errudun egin nahi izan du, manifestazioak nazionalisten eta faxisten ekintzak izan direla erranda, eta hari egotzita sentimendu nazionalista sustatzea». Zahariadisen ustez, alderdi gehienek akordioren bat nahiko lukete Mazedoniarekin, baina ez dute hori jendaurrean erraten «manifestazioetan parte hartu duen jendetzarengatik, eta gobernuko alderdia ahultzen ikusi nahi dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.