Kanpoan isil, zelaian hiztun

Hemezortzi urte besterik eduki ez arren, hirugarren denboraldia egingo du Athleticeko lehen taldean Damaris Egurrolak. Zelai erdian taldearen zutabeetako bat da euskarria.

Damaris Egurrola, eskuinean, Bartzelonaren aurkako partidan, kataluniarren jarduna oztopatu nahian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Hitz egitean isila eta lotsatia dela nabari zaio Damaris Egurrola Athleticeko jokalariari (Orlando, AEB, 1999). Egurrolak berak ere aitortu du hori. Duen gaztetasunaren seinale ere bada hori. Baina, elastiko zuri-gorria jarri eta zelaira irtetean, lotsa horiek guztiak alde batera uzten ditu. Sekulako ziurtasuna erakusten du baloia oinetan duenean. Lehen taldearekin fitxa duen lehen sasoia izan arren, eskarmentua duen jokalari baten traza du zelaian: nortasuna du, eta ardurek ez diote beldurrik ematen. Athleticeko lehen taldean jokatzeko «ametsari» eutsi nahi dio euskarriak, eta garaipen zerrenda osatzen hasi. Liga bat irabazi du Athleticekin, eta Europako txapelduna da Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin.

Orlandon jaio zen, baina aita Ondarroakoa du, eta ama Herbehereetako herri txiki batekoa. «Beti gustatu izan zaie futbola. Aita txikitatik hitz egiten zidan Athletici buruz». Euskal Herrian hasi zen, dena den, futbolean. 6 urte edo izango zituen. Mutilekin jokatu zuen 13 urte izan arte. Ondoren hasi zen Erandioko Neskak taldean lehiatzen, eta handik Athleticek fitxatu zuen. «Niretzat eta gurasoentzat amets bat izan zen». Neurri batean haiei zor die Lehen Mailara iritsi izana. «Batetik bestera ibili izan dira ni entrenatzera eta jokatzera eramateko. Jaiegunak ere hartu izan dituzte».

Ametsa duela hiru denboraldi bete zuen, lehen taldearekin entrenatzen hasi zenean. Ez du sekula ahaztuko estreinakoz aldagelara sartu zen eguna: «Lotsatuta sartu nintzen. Niretzat sinestezina zen hainbesteko maila zuten jokalariekin entrenatzea eta jokatzea. Zer esanik ez sasoi amaieran liga irabaztea. Ez dut sekula ahaztuko ospakizuna».

Oiartzunen aurkako derbi batean egin zuen debuta. Irabazi arren, bi gol sartzeko aukera garbi huts egin zituen, eta arantza hori geratu zitzaion. Baina gogor entrenatzen jarraitu zen, eta eskarmentua duten jokalarien babesean aurrerapausoak emanez joan da.

Datuek agerian utzi dute: aurreneko sasoian sei partida jokatu zituen; hurrengoan, 24; eta honetan sei daramatza —horietatik hirutan jokatu du hasieratik—. Pozik dago Joseba Agirre entrenatzaileak emandako aukerekin. «Gustura sentitzen naiz zelaian».

Uste du denboraldi hau delaorain arteko inportanteena bere kirol ibilbidean. «Aurrenekoa da lehen taldeko fitxa dudala. Gustatuko litzaidake taldeari nire gaitasunak ematea baloia berreskuratu eta jokoa sortzeko orduan».

Jokalari «osatuagoa» dela uste du. «Batez ere defentsako lanean asko hobetu dut, partiden abiadurara egokituz joan naizen arabera». Badu, dena den, zer hobetua. «Baloiarekin are pazientzia handiagoa izan behar dut, horren erraz ez galtzeko. Taldeari ere hori falta zaio». Gabezia hori, besteak besteak, taldearen gaztetasunak eragin dezakeela onartu du: «Azken bi sasoietan jokalari asko igo gara. Denek dugun guztia erakutsi nahi dugu. Gogoa eta grina ondo daude, baina patxada izatea ere inportantea da».

Hobetzeko inguruan dituen jokalari guztiez ikasten saiatzen da. Baina bi nabarmendu ditu: Iraia Iturregi eta Vanesa Gimbert. «Iraia nire entrenatzailea izan zen harrobian, eta beti miretsi izan dut. Ikaragarria zen entrenamendu eta partida guztietan erakusten zuen grina». Gimbertez honako hau esan du: «Baloia ederki mugitzen du, eta taldeari ederki eusten dio. Ez du sekula bere maila jaisten».

Baina esperientziako jokalarien lekua ari dira pixkanaka hartzen gazteak. «Hainbeste gazte batera igotzeak lagundu egin digu. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta lagundu egiten gara». Presiorik ez dute sumatzen gazteak izanagatik. «Badakigu ardurak hartuz joan behar dugula, eta ez diegu uko egiten. Beste bat bezala sentiarazten gaituzte esperientzia duten jokalariek. Niri hasieratik esan izan didate aldagelan eta zelaian gehiago hitz egiteko».

Taldea ondo ikusten du

Denboraldi honetan bide onetik ikusten du taldea: «Granadillaren aurkako porrota izan ezik, beste emaitzak esperotakoak izan dira». Bihar Betisen aurka duten partidan jarri du arreta. Partida «orekatua eta lehiatua» espero du: «Betisek talde gaztea du, baina oso sasoi ona egiten ari da. Joko erakargarria egiten du. Oso entrenatzaile ona dauka, eta, gainera, primeran indartu da». Egurrolaren ustez, joko zuzena egitea eta Betisi baloia kentzea izango dira partida irabazteko gakoak.

Espainiako selekzioarekin ere jokatzen du. Udan, gazte mailakoEuropako txapeldun izan zen. «Ederrena izan zen taldean Athleticeko bost jokalari aritzea. Horrek erakusten du maila handiko harrobia dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.