David Zurutuza. Futbolari ohia

«Arraroa egiten zait Zubietan nituen gauzak etxean ikustea orain»

Lehen taldean 11 denboraldi eman ostean, futbola uztea erabaki du Zurutuzak. Hirurehun partida baino gehiago jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin, eta 24 gol sartu ditu. Futbolaz ahaztu, eta «deskonektatzeko garaia» iritsi zaio erdilariari.

JUAN HERRERO / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Futbolean erretiroa hartzea erabaki du David Zurutuzak (Rochefort, Frantzia, 1986). Bere belaunaldiko azkena izan da Reala uzten: dagoeneko ez da 1980ko hamarkadako belaunaldiko jokalaririk geratzen taldean. Txuri-urdinez bizi osoa pasatu eta gero, lasai egoteko gogoz da, futbolarien bizimodutik kanpo. Gustura dago izandako ibilbideaz, eta harro bidean egindako lanaz.

Hiru egun igaro dira agur prentsaurrekoa egin zenuenetik. Zer sentitzen duzu orain?

Orain arte ez nuen atzera begiratzen, eta dena bukatzen denean, atzera begiratzen duzu. Lagun asko egin ditut, momentu on asko pasatu... Gainera, dena nola bukatu den ikusita, Wandan, nire urtebetetze egunean, Europa ligarako sailkatuz, oso pozik noa.

Zerk bultzatu zaitu?

Aurreko urtean zalantzak izan nituen, baina argi neukan sasoi hau azkenekoa izango zela. Lesio gogorrak izan ditut azken denboraldietan, eta adinarekin gauzak beste modu batera ikusten dituzu.

Denboraldi honek aurreko sasoian hartu zenuen erabakia berretsi du?

Gazteei lekua uzteko momentua iritsi dela uste dut. Nire garaia iritsi da, eta ondo joan nahi dut Realetik. Oso sasoi ona egin dugu, egia da nik ezin izan dudala asko parte hartu, baina oro har urte ona izan da, eta nahiago dut horrela joan.

Aperribaik, Olabek, Imanolek… jarraitzeko eskatu dizute?

Ez didate ezer esan. Nik aurreko denboraldian esan nuen nire azkenekoa izango zela Realean. Aurreko denboraldian, bi sasoirako kontratua proposatu zidaten, eta nik ezetz esan nien, bakarra egin eta utzi egingo nuela.

11 denboraldi eman dituzu Realeko lehen taldean. Gustura ibilbidearekin?

Oso gustura noa. Asko disfrutatu dut ibilbideaz. Harro nago hemen pasa dudan guztiaz.

Hainbeste urte eta gero, zer sentitu zenuen Zubietatik gauzak hartzean?

Oraindik gauza batzuk han ditut. Arraroa egiten zait Zubietan nituen gauzak etxean ikustea orain. Arraroa egin zitzaidan hango apala hustu eta gauzak etxera eramatea.

Oso gazte iritsi zinen Zubietara. Hainbeste urte pasatu eta gero, zer eman dizu Realak?

Eskola bat izan da Reala niretzat. 13 urterekin iritsi nintzen, eta beraiek hartu ninduten, eta balio asko erakutsi dizkidate. Futbolari dagokionez, diziplina, esfortzua, lehia...

Noiz konturatu zinen Lehen Mailako jokalaria izan zintezkeela?

Momentuak etortzen ziren bezala hartzen nituen, baina egia da Reala B-n jokatzen ari nintzela planteatzen hasi nintzela. Halere, asko kostatu zitzaidan Lehen Mailan debutatzea.

Nola oroitzen duzu Realarekin egin zenuen debuta?

Oso urduri nengoela gogoratzen dut. Egun berezia izan zen niretzat. Huescaren aurka izan zen, eta Xabi Castillok sekulako gola sartu zuen partida irabazteko. Oso berezia izan zen Realeko elastikoarekin debutatzea, benetan pozgarria.

Realeko bigarren taldeko askok lehen taldean jokatzeko aukera izan zenuten.

Oso belaunaldi berezia izan da niretzat 1980koa. Pertsona on asko ezagutu nuen bertan. Lagun asko ditut belaunaldi hartakoak.

Nola hartu zenuen Realaren jaitsiera?

Guretzat gogorra izan zen. Erantzukizun puntu hori ere bagenuen. Igo ginenean zama hori kendu genuen gure gainetik.

Martin Lasartek aukera eman zizuen Zubietako gazte askori. Realak bere filosofiari heldu al zion berriz?

Bai, horrela suertatu zen. Hirugarren urtea Bigarren Mailan, kluba oso momentu gogorra pasatzen ari zen. Etxeko gazteei begiratzen hasi ziren, eta hor aldatu zen dena. Filosofia hori mantendu dute, eta orain ikus daiteke bere fruituak eman dituela.

Lehen Mailara igotzea lortu zenuten egunean, Jokin Aperribairi pistak kentzeko eskatu zenion. Egun, Anoeta berria ikusita, zer sentitzen duzu?

Oso pozik jartzen naiz zelaia ikustean. Sekulako giroa dago. Aurreko Anoetak ez dauka zerikusirik oraingo Anoetarekin. Zaleak orain partidan sartuta daude, eta nabari da jendearen berotasuna.

Lehen Mailara iritsi eta handik sasoi gutxitara, onenen artean zineten. 2012-2013ko denboraldian Txapeldunen Ligarako sailkatu zineten.

Dinamika ona hartu genuen, taldeak oso ondo jokatzen zuen. Jokalari askok urteak geramatzan taldean.

Zer pentsatu zenuen Txapeldunen Ligako ereserkia Anoetan entzutean?

Txapeldunen Ligako ereserkia Anoetan entzutea oso berezia izan zen. Txikitatik ikusi izan ditut Txapeldunen Ligako partidak, eta abestia oso berezia da. Anoetan entzuterakoan oilo ipurdia jarri zitzaidan.

Manchester Uniteden aurka Old Trafforden jokatzea ere berezia izango zen, ezta?

Goiko harmailan realzale asko zeudela gogoratzen dut. Hoteletik zelaira joaterakoan ere zale pila bat ikusi genituen. Gainera, zaleen artean familiako kide batzuk nituen, eta oso berezia izan zen dena.

Txapeldunen Ligako sasoiaz geroztik, entrenatzaile asko pasatu dira entrenatzailearen kargutik. Joko estilo antzekoak ia denak, Asier Garitano izan ezik. Kritiko azaldu zinen bere ikuspuntu batzuekin. Gogorra izan al zen denboraldi-aurre hura?

Garai hartan gauza asko gertatu zitzaizkidan. Aita hil zitzaidan, eta ordu asko pasatzen genituen Zubietan. Hori esateagatik kritikatu egin ninduten, baina nik esan nahi nuena zen ordu asko pasatzen genituela ezer egin gabe. Garrantzitsua iruditzen zait jokalariak deskonektatzeko tartea izatea. Joko aldetik ere ez nengoen oso ados entrenatzailearen ikuspuntuarekin. Hori guztia batu zitzaidan, eta oso denboraldi aurre gogorra izan zen niretzat.

Garitanoren ostean, Imanol Alguacil iritsi zen, eta ematen du gauzak aldatu egin direla.

Beste futbol ikuspuntu bat du. Jokatzeko beste modu bat du Imanolek. Nire ustez, Realari hobeto datorkio jokatzeko era hori.

Alguacil al da Realak izan dezakeen entrenatzailerik onena?

Horrelako gauzak esatea ez zait gustatzen. Iruditzen zait oso teknikari ona dela. Gainera, klubaren filosofia ondo ezagutzen du, eta gazteekin lan egitera ohituta dago. Oso entrenatzaile dinamikoa da. Jokalariak psikologikoki ondo mantentzen ditu. Oso entrenatzaile egokia da orain dagoen Realerako.

Espainiako Kopako finala galtzeak pena emango dizu, ezta?

Pena handia ematen dit. Gauzak horrela suertatu dira, eta ezin da atzera bota.

Finala jokatzekotan, non ikusiko zaitugu?

Harmailetan izango naiz. Espero finalerako sarrera edukitzea.

Azken denboraldietan partida asko galdu dituzu lesioengatik. Horiekin bizitzen ikasi al duzu?

Lesioekin bizitzea jokalari guztiok ikasi behar dugun zerbait da. Jokoaren parte da lesioa, parte gogor bat, gainera. Asko ikasten da, eta niri tokatu zaidanean ikasten saiatu naiz. Nire bizitzako zati izan dira lesioak.

Kritikak ere jasodituzu «kristalezkoa» eta alferra izatea egotzita. Minik egin al dizute?

Ni ez naiz inoiz alferra sentitu, zelaian dena ematen zuen jokalari horietako bat izan naiz eta zaleek nire esfortzua baloratu dute. Kristalezkoarena, kazetarien kontu bat izan da, eta nire ustez errespetu falta bat da. Gainera, ez nintzen identifikatuta sentitzen. Lasai noa egin dudanarengatik.

Lesiorik gabe beste David Zurutuza bat ikusiko al zen?

Ez dakit. Ni naizena izan naiz nire joko eta lesioekin. Horretan pentsatzeak ez du ezertarako balio. Errealitatea gertatu dena izan da.

Izateko modu oso markatua duzu. Futbol zelai barruan izaera hori mantendu duzu?

Naizen bezalakoa izan naiz bai zelai barruan, bai kanpoan. Eskerrak eman beharrean nago ez didatelako aldatzeko eskatu. Nik momentu oro ondo zegoena uste duena egin eta esan dut.

Reala bai, baina, futbola uzteko asmoa al daukazu?

Bai, esan nuen erretiroa hartuko nuela. Futbola utzi dut, eta orain beste etapa bat tokatzen zait.

Zure taldekide ohi askok ere futbola utzi dute. Gomendiorik eman al dizute?

Ez didate ezer berezirik esan. Ondo bizi direla esan didate, baina ez didate gomendiorik eman.

Egitea gustatuko litzaizukeen zer ezin izan duzu egin futbolaria izateagatik?

Gauza asko galarazi dizkit futbolak. Jende normalak eskura dituen gauza sinple asko ezin izan ditut egin. Asteburuak libre izatea, adibidez. Halere nik ez nuke nire bizitza aldatuko. Gustura nago izan dudan bizitzarekin.

Hemendik aurrera futbolarekin lotutako zerbaitekin jarraitu behar al duzu?

Ez dut uste futbolarekin jarraituko dudanik. Orain deskonektatu, eta familiarekin eta lagunekin disfrutatzea tokatzen da. Lasai bizitzeko unea da orain.

Etorkizunerako zer asmo duzu?

Ez daukat argi. Kirola egiten jarraituko dut hobby bezala, gorputzak hori eskatuko didala uste dudalako, baina bestela ez dakit zer egingo dudan. Oraintxe, momentuan pentsatzen nabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.