Realak 0-3 irabazi du Albaceten, eta Athleticek 3-2 galdu Valentzian

Txuri-urdinek beheko postuetatik aldentzen segitzen dute. Levante 3-0 aurreratu da, baina zuri-gorriak emaitza iraultzear egon dira
<b>Athleticeko atezain Ainhoa Tirapu, aurkari bati laguntzen.</b>
Athleticeko atezain Ainhoa Tirapu, aurkari bati laguntzen. LA LIGA

Ainara Arratibel Gascon

2017ko abenduak 7
Realak garaipen baliotsua lortu zuen atzo Albaceteren zelaian (0-3), eta beheko postuetatik aldentzen segitzen du. Athleticek, berriz, 3-2 galdu zuen Levante aurkari zuzenaren kontra, eta, hirugarren postuan jarraitu arren, ezin izan zuen sailkapenean duen errenta handitu.

Azken lau jardunaldietan, hiru partida irabazi eta bat berdinduta, Realaren egoera dezente aldatu da. Emaitzetatik harago, jokoan ere beste itxura bat ematen ari da, eta batez ere erasoan asmatzen ari da. Albacete zuen atzo aurrean, eta hasieratik erakutsi zuen gehiago zela. Partida aginduz hasi zuen Gonzalo Arconadaren taldeak, eta nagusitasun horren isla izan ziren sartutako bi golak. Bea Beltranek (20. min) eta Manu Lareok (28. min) sartu zituzten.

Bigarren zati hasieran Albacetek estutu egin zuen. Baina Realak ondo eutsi zion defentsan, eta berriz jokoaren ekimena eskuratu zuen. 86. minutuan sartu zuen hirugarren gola Etxezarretak.

Athleticek partida gaiztoa zuen Levanteren aurka, eta are gehiago zaildu zitzaion 30 minuturako. 3-0 aurreratu zen Levante. Hiru golak Ligako golegile onenak sartu zituen: Charlyn aurrelariak. Athleticeko atzelariek ez zuten hura geratzen jakin. Baina atsedenaldira iritsi aurretik, 39. minutuan, Nekanek gola sartu zuen buruz.

Gol hori pizgarri izan zen zuri-gorrientzat. Bigarren zatian joko ekimena bizkaitarrena izan zen. Levante kontraerasoan partida erabakita uzten ahalegindu zen, baina ez zuen lehen zatian bezala asmatu. Gola sartu zuena Athletic izan zen, berriro ere buruz, Vanesa Gimberten eskutik (79. min). Azken hamar minutuetan izan zituen aukera gehiago. Baina, merezi arren, ez zuen emaitza irauli.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria