Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Bizierak, izaerak

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Bizierak alda daitezke. Izaerak, ez hainbeste. Bizitza beti izango da biziraupen bat. Materiala ez bada, biziraupen sentimentala. Albotik begiratuta, bizitza da zerbaitekin betetzeko eman zaigun denbora bat. Zerbait hori bizibidea denean (edo «bizibeharra»), denborak badu zentzu bat. Baina bizibide seguruan ere, denborak berdin darrai bete beharreko izaten, nahiz betelan asko zentzugabeak iruditu. Hori ez da hain kezkagarri, izaki zentzugabea izaten aise ikasten baita. Baina kontuz! Denbora zama larria gerta daiteke, bere alderik zapalgarriena izanik ezin duzula gainetik kendu. Adimena, finean, era ezberdin bat baizik ez da denbora bat betetzeko, zeina betetzen ez baduzu, berak irentsiko baitzaitu. Denbora hutsa zulo beltza da.

Gizakia ezaguera osora iritsi aurreko betirauna albora utzirik, gure bizitza bi arotan bana daiteke. Lehenengoa da denbora bizi duguna amaigabea bailitzan. Bigarrena da denbora bizi duguna amaitzen ari delako kezkaz. Bi arook, bakoitza bere baitan, zentzuzkoak izan daitezke, baina biek batera ez dute ematen adimen-maila goregia. Nire denbora da alanbre horizontal bat airean, muturretan euskarri gabe. Ez nintzen inondik iritsi, eta amaitzean, ez naiz inora eroriko. Ez al da zentzu on bat?

Beste guztiak akabatzea baino errazago iruditu zitzaion suizidatzea, eta horixe egin zuen. Nor izan liteke bera? Ba, adibidez, protesta bizian ari den bat, otordua garestiegi iruditu zaiolako. Utziozu. Zer edan duen ahaztu zaionari ez galdetu zenbat edan duen. Lege natural nahiko argia dirudi norbere burua hiltzeko kemen handiagoa behar dela, norbait hiltzeko baino. Izatez, norbait hil dutenak askoz gehiago dira norbere burua hil dutenak baino. Hala ere, izutzen nau pentsatzeak norbere buruaren hiltzaileak gehiago izan daitezkeela norbere buruaren maitaleak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.