Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Derrigorrean

2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ez nintzen ausartu adierazten ez nintzela aipuen zale, harik eta irakurri nuen arte Ralph Waldo Emersonek idatzia: «Gorroto ditut aipuak. Esadazue dakizuena». Nik dakidana da esku batek ezin duela egin bi eskuk egiten dutenaren erdia. Eta ez dagoela tokirik, ondo abandonatua sentitzekorik. Norbaitek zerbait larria kontatzen badizu, ez aipatu beste baten larritasunak. Ez dizu kasu bat kontatu. Maitasun boluntarioa iraunkorra izan daiteke. Zirkunstantziek agintzen dutena, puskaezina.

Ez dakit noraino naizen izaki bakarkoi, eta noraino, elkarkoi. Dakidana da, bakartasun ezarria ala elkarbizitza behartua hautatzera derrigortzen banaute, beharbada, bakartasunera joko dudala. Derrigor horrexen mugetan ulertzekoa izan daiteke Jean-Paul Sartreren esaldi ospetsua, eta astapitoa: «Infernua besteak dira». Oso esperientzia txarren bat pairatua izan behar zuen pentsalariak, Bigarren Mundu Gerran preso atxiki zutenean.

Derrigorrean bakartasuna hautatzeak ez du esan nahi berau txikiestea. Bai esango nuke bakartasunaren leizea ez dela bakarrik —eta agian, batez ere— bakarrik daudenena, baizik amildegi-ertza oin batera nabari dutenena. Hauek askoz gehiago baitira. Izan naiteke bat. Naiz. Baina nire buruaren erasoak ezagutzen ditut. Besteenak, ez hainbeste. Nire burua aurreikusi ahal dut, gehienetan. Besteena, batzuetan bakarrik. Nire buruarekiko errakuntzak neuregan gelditzen dira. Besteekiko errakuntzak ez dakit noraino iritsiko diren. Egia ote da, ba, Sartrerena?

Ez naiz eliz dorre zapal horiek bezalakoa, zeintzuek gorputz buru-moztu baten monumentuak diruditen. Ez naiz orratz-dorre gerlari horiek bezalakoa ere, zeintzuek diruditen zeruari jaisteko eskatzen ari direla, ezten amorratu bat sartzeko. Ez naiz. Ez dut pretenditzen mundua diferentea izatea. Nahikoa dut neu diferentea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.