Donostiako Aste Nagusia. BADIATIK

Kronometratze lanak

Nerea Arriola -

2018ko abuztuak 15
F lamenka. 02:16. Lagunekin kontzertua ikusten garagardoaren ondoriozko zorabioaren efektupean. Bat-batean… «Kaixo!», dio nire maskuriak, ozen. Azkar jokatu behar dut. Hasperen egin eta komuneko bideari ekin diot. 02:18, nire aurretik bost emakume daude, eta ilara aurrera doan heinean nabariagoak dira larritasun zantzuak; etorkizuna ikustea bezala da. 02:29, «Ai ama! Hau pixagura!», maskuria kolpeka nire sabelaren behealdean. Hurrengoa naiz. Izerdi tanta batek nire bizkarrezurra marrazten du goitik behera, barraskiloen antzera. Gogor estutu ditut nire hankak, ekintza horrek larritasuna gutxituko balu bezala. 02:31, «Pentsatu beste zerbaitetan, pentsatu beste zerbaitetan», balantzaka hasi naiz eskuin-ezker eta maskuria tok-tok bitartean gogor. 02:34, «Lasai, hartu arnasa, lasai». Desesperazioak komuneko atea jotzera eraman nau. Tik-tak, tik-tak, segundoak orduak bezala sentitzen ditut, eta maskuria tok-tok-TOK! «Ai ama! Ai ama!». Orduan kisketa gorritik berdera pasa eta kamera geldoan bezala ireki da atea. Azkenean! Korrika sartu naiz usain txar eta argirik gabeko komun itxi horretara. Kisketa jiratu dut. «Lasai, lasai, segituan, bost segundo eta listo». Besoak kabinaren alboetan jarri, hanka komun zuloko alboko gainazalera igo eta gora egin dut salto. Komun zuloa nire hanka artean geratu da. Korrika jaitsi ditut nire galtza pegatuak, makurtu eta…plazerraaa! Lasaitua hain da handia, zorabioa areagotu egin zaidala. Garbitu eta ahal dudan moduan igo ditut kiribilduta geratu diren kulero eta galtzak izerdiz blai dauden nire hanketatik. Lurrera jaitsi eta atera egin naiz. 02:39, «Noraino joan zara pixa egitera?», esan dit gurekin dagoen mutil batek. Hasperen egin dut garagardoari trago bat ematen diodan bitartean. 02:40, 25 minutu barru… tok-tok. Berriro.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna