Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Bizikleta eta hiria (I). Donostia

Autoek ebatsitakoa berreskuratu guran

Bizikletek gero eta eremu handiagoa hartzen dute Donostiako kaleetan: aisialdiaz harago, nabarmen ugaritu da egunerokoan garraiobide gisa erabiltzen dutenen kopurua. Azpiegiturek ere zerikusi zuzena dute: ia osatuta dago 65 kilometroko bidegorri sarea, eta bistakoak dira aurrerapenak. Badira gabeziak, ordea.
Kalapie txirrindulari elkarteko presidente Gorka Hoyosek eguneroko bidelagun du bizikleta.
Kalapie txirrindulari elkarteko presidente Gorka Hoyosek eguneroko bidelagun du bizikleta. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Oihan Vitoria -

2015eko uztailak 15 - Donostia

Zirkulazio itogarriak eta ingurumena zaintzeko premiak bultzatuta batzuek; lanera joateko edo kirola praktikatzeko garraiobide gisa beste hainbatek; eta aisialdirako erreminta gisa beste zenbaitzuek. Arrazoia edozein dela ere, askok eta askok erabiltzen dute bizikleta Donostian, hara eta hona mugitzeko. Azken hamar-hamabost urteotan gorakada bat sumatu da bizikleta eguneroko garraiobide dutenen kopuruan.

Bizikletaren eta herritarren arteko lotura gero eta estuagoa bada ere, bistako ezberdintasunak ageri dira neguaren eta udaren artean. Eguraldiak hobera egitearekin batera, nabarmen ugaritzen da bizikleten joan-etorria Donostiako bazterretan. Aparkalekuak eta bidegorriak lepo betetzen dira bi gurpileko garraiobideez. Negu sasoian beharrera edo ikastetxera bizikletaz joatean, hala ere, gabezia batzuk daude oraino. Herritarrek erreparoa diote eguraldi makurrarekin bizikletan ibiltzeari: euria dela, elurra dela, txingorra dela, hotza dela... bizikleta bazter uzteko ohitura gailentzen da. Joera hori iraultzea du erronka Kalapie txirrindulari elkarteko presidente Gorka Hoyosek (Donostia, 1983). Udako erabilerari eusteaz gain, negukoa sendotzea nahitaezkoa dela nabarmendu du.

Bizikletentzat espresuki sortutako bideak ohikoak dira jadanik Donostian: 65 kilometro pasatxoko sarea osatua dago, eta bizikletariak eroso mugi daitezke hiriko punta batetik bestera. Ingurune lau eta bidegorriz jositakoa den neurrian, bizikletaz ibiltzeko egina dirudi Donostiak. Egun, posible da edonora ailegatzea. Nola, ordea, beste kontu bat da. Bidegorriak ez daude toki guztietan, eta arazoak sortzen dira maiz; Anoeta estadioaren eta Loiola auzoaren arteko zatian, esaterako. Zorroaga ibilbideko bidegorria amaitu gabe dago, eta bizikletariek galtzadatik edo espaloi gainetik ibili behar dute ezinbestean.

Denek, haatik, ez dute autoen bidera jaisteko abileziarik, ausardia, segurtasun eta konfiantzarik eza dela tarteko. Kasu horietan bi aukera baizik ez dute: bizikletatik jaistea edo oinezkoen bidetik ibiltzea, arauak urratuta. Antzekoa gertatzen da Ategorrietako galtzada zaharrean. Bestelako motiboengatik, aldiz. Noranzko bakarreko errepide batean bidegorria erditik doa, eta, inguruan ikastetxe ugari daudenez, gatazkak sortzen dira bizilagunekin; bazkalorduetan, bereziki. Gurasoen autoek, bizikletek eta umeek egiten dute topo zebrabidearen bueltan.

Konpondu beharreko salbuespenak dira, Hoyosek argitu duenez. Hainbat kasutan, orobat, fintzeko daude auzoen arteko loturak. Horren isla da Egian egingo duten bidegorria; proiektua adjudikatu dute berriki, eta urtea bukatzerako ekingo diete lanei.

Auzo garaietakoak, egiteke

Azpiegiturak pedalkadaz pedalkada, zatika, gauzatu dituzte Gipuzkoako hiriburuan, eta homogeneotasunik ez dago toki batetik bestera. «Kaleak ez daude pentsatuak txirrindularientzat, eta egunerokoan asko igartzen da». Bidegorri estuegiak, espaloi gainetik doazen guneak... Hoyosek ez deritzo aski eginiko lanari, eta uste du gauza franko daudela egiteko oraino. «Azpiegiturak oinarri-oinarrizkoak dira: azpiegiturarik gabe ez dago erabilerarik».

Ikuspuntu baikorragoa du Donostiako Bizikletaren Behatokiko koordinatzaile Manu Gonzalezek (Donostia, 1951). Bizikletarekin zerikusia duen ororen inguruan herritarrek dituzten kexak nahiz iradokizunak kudeatzen ditu behatoki horrek, eta egindako lanak behatzen. Gonzalezek «ontzat» jo du bidegorri sarea, baina ohartarazi du bizikleta errepidera eramatea falta dela. «Ibilgailu motordunen erabilera oinarri daukan kultura batetik gatoz, eta ez dago ohiturarik errepidetik ibiltzeko». Hoyosen aburuz, auzo garaietara iristeko bideak eraiki, eta trenbide nahiz autobus geltokiekin komunikazioak indartu beharko lirateke, besteak beste.

Usadio falta hori apurtzeko, autoen abiadura mantsotzea eta gehienez ere orduko 30 kilometroan ibiltzeko guneak sortzea da Gonzalezentzat giltzarrietako bat. «Donostia osoan izan beharko lukete hala. Hasieran tirabirak eta zalapartak egon badaitezke ere, azkenean denborak arrazoia ematen dio proiektuari».

Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren eta udalaren araudiak, baina, ez datoz bat; ikuspegi kontrajarriak dituzte muinean. Hoyosek adierazi duenez, trafiko zuzendaritzak norberaren esku lagatzen du hautua, inguruan bidegorriak egonda ere. «Baimendu egiten du errepidetik bizikletan ibiltzea bidegorria dagoen tokietan». Udalak, aldiz, bestelako iritzia dauka: ezetz dio, errepidetik joatea galarazita dagoela, eta halakoetan bidegorriak lehenetsi behar direla.

Oro har, bizikletentzako araudia «linbo moduko batean» dagoela deritzo Kalapie txirrindularien taldeko kideak: «Gaur-gaurkoz ez dago ordenantza sendorik bizikleta eguneroko garraiobide daukagunontzat». Hoyosek salatu du «zoritxarrez» indar politikoen erabakien esku geratzen direla maiz gisa horretako kontuak, eta ez litzatekeela horrela izan behar. «Gai transbertsala da, ez alderdikoia. Ezker-eskuin zatiketatik harago doa». Haren ustez, politikariek «irmo» sinistu beharko lukete erabileran eta sustapenean. «Nolabait, ia-ia txirrindulariek izan behar lukete eredu, lantokira ere bizikletaz joanda».

Bizikleta, «askatasun iturri»

Oraindik ez dira batzartu udal gobernu berriko ordezkariekin, baina orainoko ildoari eutsiko dioten irudipena du Hoyosek. Eta Gonzalezek susmoak baieztatu ditu: «Askatasunaren Etorbidea, adibidez, gehienez orduko 30 kilometroko abiadurako gune bihurtuko dute; txirrindulariak eroso ibili ahalko dira». Horretarako, kultura aldaketa bat gauzatu behar dela, azpimarra hori egin du Hoyosek. «Europako herrialdeetan bezala, politika aurrerakoiei eutsi behar lizkiekete». Horren haritik, mugikortasun jasangarria bultzatzeko proposamenak bozetako programetan txertatzeko gonbita egin zieten alderdiei.

Errealitatea, ordea, bestelakoa da, eta Kalapie taldeko presidenteak ondo daki hori. Dena dela, apurka-apurka joera aldaketa bat gertatzen ari da: oinezkoei begira eraikitako guneak ugaritzen ari dira hainbat auzotan; Grosen, bereziki. «Ibilgailuek kendutakoa berreskuratuz joatea da helburua», dio Gonzalezek. Kutsatzen ez duen garraiobidea izateaz gain, merkea ere bada bizikleta. Baina ekologikoki, ekonomikoki eta sozialki dakartzan onurez harago, «askatasun iturri bat» da Hoyosentzat. Gonzalez ere bat dator: «Errepidean ibil daitekeenaren kontzientziarik ez dagoen arren, beldurrak uxatuz gero sekulakoa da sentsazioa: gozamen hutsa».

Bizikletentzako autobideak

Hori horrela izan dadin, proposamen zehatzak egin ohi dizkiete elkarteko kideek agintariei. Besteak beste, eskaera egina diete Kontxa hondartza zeharkatzen duen bidegorria handitzeko, egungoa estuegia dela iritzita. «Udan jasanezina da. Eguraldiak hobera egiten duenean, bizikletaz betetzen da. Urte osoan bizikleta ohiko garraio ez dutenak ibiltzen dira».

Hori dela eta, Hoyosek ezinbestekotzat du errepideari koska bat kentzea, eta bizikletentzako bidea autoenaren norabide berean jartzea, txirrindularien mesederako. Kursaaleko bidea ere espaloi gainetik ez, errepidetik joatearen aldekoa da. Jakin badaki neurriak mesfidantza sor dezakeela. «Kontxakoa adjudikatu zenean ere jende ugari agertu zen kritiko. Nork jartzen du orain ezbaian?».

Semaforoen egitekoaz ere kexu dago Hoyos. Ez du gustuko etengabe gelditzen ibiltzea: «Bizikleta garraiobide bat da neuretzat; bizkor joatea gustatzen zait». Adibide bat jarri du Gonzalezek: «Bulebarreko McDonalds inguruko tartea gorroto dut. Erakargarritasuna eta askatasuna kentzen dio bizikletari: muga deseroso eta nekeza da». Dioenez, jende asko batzen da bidegorrian, eta «inork» ez ditu bizikletak errespetatzen.

Halakoak saihesteko, bizikletentzat autobideen erako guneak eraiki beharko lirateke, Hoyosen iritziz. «Autoentzako egiten badira, zergatik ez bizikletentzat?». Kontagailu bat ezartzeko asmoa ere badute Kontxan, txirrindulariak zenbatu eta aintzat hartuak sentiarazteko. Proba gisa, orobat, plataforma gorri batzuk martxan daude bizpahiru semaforotan, bizikletei lehentasuna emateko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Larra-Belagua eski estazioa ©Larra-Belagua

Iritsi da eski denboraldia

Isabel Jaurena

Larra-Belagua eta Arette eski estazioak bisitariak hartzeko prest egonen dira bihartik aurrera

Mahai inguruko partaideak, atzo, EHUren Leioako campusean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Euskararen xehetasunak

Amaia Igartua Aristondo

EHUko irakasleak dira, atzerritarrak, eta helduaroan euskaldunduak, lanagatik besteak beste. Euskara ikastearen esperientzia xehatu dute EHUk antolatutako solasaldi batean.
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, Lau eta Erdiko Txapelketako finalean, azaroaren 20an. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

ETB2k %7,7ko ikusle kuota izan du azaroan, 2019ko udatik txikiena

Urtzi Urkizu

ETB1ek %1,9ko batezbestekoa du; lau eta erdiko finalak %24,5eko ikusle kuota lortu zuen

Munduko aktibo natural kritikoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...