KRITIKA. Musika

Beczalak arin daraman zama

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun

Piotr Beczala

Pianoa: Camillo Radicke.Egitaraua: P. I. Txaikovski,S. Moniuszko, Ch. Gounod,J. Massenet, G. Verdi eta abarren obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 15.

Azken hamarkadetan erreferentzia izan diren tenorretan pentsatzen jartzen denari aise etorriko zaio burura Piotr Beczalaren izena. Mundu osoko eszenatoki ezagunenetan aritu izan da, opera ekoizpenetan parte hartuz zein errezitalak emanez. Azken urteotan, ahots zama handiagoa eskatzen duten rolak interpretatu ditu, verismoaren bideetan maisutasunez murgilduz. Kursaaleko programa intentsitate horren adierazgarri izan zen.

Kontzertua P. I. Txaikovskiren hainbat abesti eta erromantzerkin hasi zen. Errezitaletan oso ohikoak ez badira ere, ehun baino gehiago idatzi zituen, eta hain ziren arrakastatsuak garaiko saloietan, ezen entzule askok buruz ikasten zituzten. Egiaz, Txaikovskik melodia eder eta malenkoniatsuak osatzeko erraztasun handia zuen; Beczalak, berriz, esaldi luzeak sostengatzeko eta dinamikak zein ñabardurak imintzio handirik gabe zabaltzeko tasunak ditu sobera. Hala antzeman zen, esaterako, Dantzaldi zalapartasua (op. 38, 3. zb) edo Eguzkia sartu da (op. 73, 4. zb) obretan. Eugeni Onegin operako Kuda, kuda aria bere tasun guztien erakustaldia izan zen, urte askoz gogoratzeko interpretazioa egin baitzuen, hain zuzen.

Ondoren, S. Moniuszko konpositore poloniarraren abestiak etorri ziren, eta Beczalaren ahoskera bikaina bere ama hizkuntzan gozatzeko aukera izan genuen. Bereziki ezezagun bezain gozagarriak suertatu ziren Krakoviarra abestia eta Etxe sorgindua operako Stefanen aria. Beczalak edonon eta edonora hedatzen duen tinbre gardena modu arin zein sakonean hauteman zen.

Kontzertuaren bigarren zatian opera ezagunen ariak entzun ahal izan ziren, tenor poloniarrak azkenaldian maiz eta sen onaz interpretatu dituenak.J. Masseneten O souverain, ô juge, ô père presentzia handikoa izan zen; G. Verdiren Celeste Aida, dotorea. Lerro garbia eta malgua erakutsi zuen Beczalak denetan, goiko zein beheko erregistroan, oso modu organikoan, Camillo Radicker bikaina lagun zuela. Bis gisa, G. Pucciniren E lucevan le stelle fin eta lazgarria, oparia. Txalo zaparradaz koroatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.