KRITIKA. Antzerkia

Barreak serio

Agus Perez -

2018ko apirilak 3

Topaklown jardunaldiak

Konpainiak: Cancamisa, Ganso & Cia, Los Gandules, 2Theatre, Bandada, Peter Shub, Toi d'abord. Lekua: Durangoko Landako gunea, Andra Mari basilikako elizpea eta San Agustin aretoa. Egunak: Martxoak 28, 29, 30 eta 31.

Durangoko San Agustin aretoan urtero antolatzen diren Topaklown topaketak beren seigarren urtemugara heldu dira aurten, eta Euskal Herriko zein kanpoko profesionalak hainbat ikastarotan elkartzeaz gain, aukera polita eman digute Aste Santuko hutsune existentziala barre artean igarotzeko.

Publiko zabalarentzako emankizunetan Ramper, historia de un payaso izan zen jardunaldietako lehena. Imanol Ituñok idatzi eta zuzendu duen lan txukun honek Cafe Bar Bilbao lehiaketako saria eskuratu du, eta lehen frankismoan ohore handiz ehortzi zuten pailazo baten bizitza dakarkigu gogora. Ni behintzat ez nau asko motibatzen sitsek jandako haren umore zuriak, baina onartu behar dut meritu nahikoa daukala bai gerra garaiko Madril setiatu hartan bai gerraostekoan jendeari barreak ateratzeko gaitasunak. Juan Paños aktoreak eman dio beste aukera bat Ramper delakoari, zati historiko serioak pailazoaren imitazioekin tartekatuz, eta emanaldiak nota ona atera du, nire gusturako parametro akademikoetan geratu den arren.

Hurrengo jardunaldia indar handiz hasi zen, Landako gunean izandako Babo Royal-en aurre-estreinaldiarekin. Ganso & Cia konpainia bizkaitarrak 50 metro karratuko inperioaren gorabehera loriatsuak eskaintzen dizkigu bere azken sorkuntzan, eta Espainiako FETEN jaialdian interpretazio onenaren saria eskuratu zuten haren bi antzezleek (Gorka Ganso eta Txefo Rodriguez). Merezimendu osoz gainera, planteamendu eszenikoa, objektuei emandako erabilera satirikoa, denboraren kudeaketa bikaina eta ume zein helduekin izandako harreman jostagarria ikusita.

Zaragozatik (Espainia) etorritako Los Gandules bikoteak argi utzi zigun haien umorearen galbahetik igaro ostean ezer ez zela bizirik irtengo, eta egunari amaiera emateko 2Theatre taldearen Boris & Ingrid berriz ikusteko zoriona eduki genuen. Azkoitiko Matadeixe gune autogestionatuan ikusi genuen Euskal Herriko estreinaldia orain urtebete, eta orduan iruzkindu nuen orriotan. Harrezkeroztik honako hau da euren bigarren emanaldia Arrigorriagakoaren ostean, baina zinez diotsuet Cirque du Soleilen partaideak diren sortzaile hauen lana opari hutsa dela gu guztiontzat.

Hurrengo egunean, ordea, epeltasunaren eremuan itota geratu ziren Valentziako (Herri Katalanak) Bandada taldeko zazpi emakumeak, beren hizkuntzaz aritzeaz erdi lotsatuta, erdipurdiko maila amateurretik irten ezinik eta totelka hitz egitearen imitazioaz pozik. Horraino ere heldu da Espainiako kulturaren miseria. Ordea, beren ahots eta harmoniarako dohainak ondo baliatuta, talde polita eratuko zuketen, zuzendaritza artistiko on baten pean. Eskerrak Estatu Batuetatik etorritako Peter Shubek maila goreneraino igoarazi zuela gaualdiaren kalitatea, bere jarrera estoikoa eta umore minimalista lagun. Zein onak, gero, mikrofonoaren erabilera absurdua eta edozein gauzari emandako norabide zentzugabea!

Larunbatean Frantziako Toi d'abord konpainiak zabaldu zuen egitaraua gero Topaklown Kabareta etorri zen eta seguru nago haren bi kideek beren bizitzetako emanaldirik zoritxarrekoena bizi izan zutela: era guztietako ezbeharrak eta istripuak jasan zituzten haietariko bat edo bi larriak izateko zorian egon ziren eta, hala ere, aurrera jarraitu zuten, umorea beti lagun eta ezuste bihurrei punta atereaz, ahal zuten moduan. Profesionaltasun bikaina, benetan. Ikuskizuna beti aurrera!