Otorduak, aire zabalean

Egun-pasa ederrak egin daitezke piknikerako guneetan. Aire zabalean jateko aukera ez ezik, hainbat jarduera eskaintzen dituzte tokian tokiko guneek, hala oinez egiteko ibilbideak nola bisita ezberdinak. Halako ugari daude Euskal Herrian, eta alternatiba on bat dira hondartzara edo mendira joan nahi ez dutenentzat, bakarrik edo konpainian egun eder bat pasatzeko

JON URBE / FOKU

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2018ko uztailak 24

Oiangu parkea.

Zelai zabala Goierriren bihotzean

Aizkorri eta Txindokiri begira zelaian txiribueltaka ibiltzeko leku ezin hobea da Oiangu, Gipuzkoan. Zelai zabal horretan sakabanaturik, mahai ugari daude eguzkitan zein itzaletan, otorduak egiteko aproposak. Norberak etxetik prestatuta nahi duen janaria eraman dezake, baina han bertan ere prestatu daiteke: ospea dute hango parrillek. Nahi dutenentzat, taberna eta jatetxea ere badaude, baina horiek ez dira, aurrekoa bezala, ez doakoak, ez ordutegirik gabeak. Hala ere, merezi du Basque Culinary Centerreko lehen promozioko ikasleek gidatzen duten jatetxetik pasatzea. Parkeari izena ematen dion Oiangu baserrian dago hori, Frai Andres Urdaneta kosmografo eta itsasgizon ezagunaren jaiotetxean, hain zuzen. Ordiziako erdigunetik hogei minutura dago oinez, eta autoentzako aparkalekua ere badauka. Parkearen ezaugarririk nagusiena bere zelai zabala da, baina ez bakarra: paseo ederra dago Lazkaomendirantz. Lazkaomendi Lazkaoko auzo bat da, eta, hain justu, han jaio zen Lazkao Txiki bertsolaria. Oiangutik Lazkaomendira ordu laurdeneko paseoa dago, eta iristean, paisaia ederraz gozatzearekin batera zerbait hartu daiteke Pipas eta Itxurrene tabernetan. Alarte zalditegia ere hor bertan dago; beraz, zaldian ibili nahiko lukeenak badaki nora jo. Egun-pasa desberdin polit bat egiteko leku egokia da Oiangu parkea.


 

Aldazitalako gunea.

Basoan galdutako mahaiak

Abadiñon (Bizkaia) dago Aldazitala piknikerako gunea, leku pribilegiatu batean: Urkiolako natura parkean. Baso horren erdi-erdian aurkitzen den piknikerako guneak, gainerakoek bezala, mahaiak, bankuak, parrillak, komunak eta aparkalekua ditu. Hala ere, bere kokapenak egiten du berezi Aldazitala. Urkiolako natura parkearen sarreratik mahaiak dituen gunera ibilbide didaktiko bat dago, panel interpretatibo ezberdinak dituena bertako fauna, flora, ekosistema eta paisaia aberatsari buruz.

Parkearen sarreratik Aldazitalara hiru ordu laurdeneko paseo bat emanez joan daiteke, eta Urkiolako santutegia ere gertu dago. Hala ere, ibilbide botaniko interesgarri bat ere badago lasaixeago egon nahi duenarentzat.

 



Zabalaingo parkea.

Urtegiaren ertzean

Urrunaga urtegiaren barneko penintsulan dago Zabalaingo parkeko piknikerako gunea. Legutioko (Araba) Kurutzalde auzotik aurrera joanda iristen da bertara; ez dago herritik batere urrun. Mahai eta banku ugari ditu, eta familian joateko leku aparta da, haurrentzako jolastokia baitauka. Urrunaga urtegian bainatu ezin badaiteke ere, paisaia zoragarri baten parte izan daiteke bisitaria: bazkaldu edo afaldu bitartean, urtegiaren ertzean egoteaz gain, haritz eta pinu handien itzalpeaz goza dezake. Leku aparta da egun-pasa bat egiteko.

Eremuaren balio erantsia paisaia ederra eta itzal zabala badira ere, Legution bertan gauza asko egin daitezke. Ibiltarientzat, hainbat ibilbide daude: Albertia mendia, arraina eta ardoaren bidea... Euskal eltzegintzaren museoa bisitatu daiteke ere, edo herriko alde zaharretik buelta bat eman.

 


Bertizko Jaurerriaren natura parkea.

Egun-pasa politena

Baztanen (Nafarroa) bihotzean dago Bertizko Jaurerriaren natura parkea; 1984an ireki zuten. Sarreran piknikerako gune bat dauka, sarbide askekoa eta doakoa, ordutegirik gabe. Parkeko lorategian sartzeko sarrera ordaindu gabe, familian edo lagunartean otordua egin ondoren, Bertizeko basora joan daiteke hainbat ibilbide egitera. Bide guztiak seinalizatuta daude, eta paseo bat emateko ideala da. Zenbait bide nahiko lauak dira, eta haurren aulkiekin ibiltzeko modukoak dira. Bestalde, lorategira ere sartu daiteke: sarrera bat ordaindu behar da, eta 10:30etik 19:30era dago zabalik udan. Landaredia bereziko lorategi batean paseatzeaz gainera, Naturaren Interpretazio Zentroan sar daiteke, baita Kotxeretan ere: eraikin horretan parkearen maketa dago. Errekara ematen duen begiraleku bat ere badago.



Xibertako basoa.

Kirola, abentura, eta atsedena

Angelu (Lapurdi) kostan badago ere, aisiarako eta kirolerako aukera badago hondartzatik kanpo ere. Xibertako basoa bere garaian zingiratsua zen eremua idortzeko sorturiko pinudia da, baina egun, zerbitzu ugari eskaintzen dizkie bertara gerturatzen direnei. Pinuen itzalpean dagoen piknikerako gunetik ibilbide oso ederra egin daiteke basoan, bai oinez, bai korrika. Kirolzaleentzat eremu oso egokia da, bide horietan gimnasia egiteko tresnak daudelako, pertsona guztientzat egokituak, baita elbarritasunen bat dutenentzat ere. Abenturazaleentzat, tirolina eta pasarelaz jositako eremu bat ere badago, guztiz segurua eta zirkuitu batekin. Gainera, segway-n eta zaldian ibiltzeko aukera dago, baita bizikletan ere. Beraz, pinuen itzalpean egin daitezkeen otorduez gain, kirolak, abenturak eta atsedenak lekua dute Xibertako basoan.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna