Ertzetako gorputz eta identitateak, pantailara

LGTBI kolektiboa gero eta ikusgarriagoa da telesailetan, nola pertsonaietan hala gaietan. Baina kezka sortzen du haiek irudikatzeko moduak: estereotipoak birsortzen dira sarri, eta istorioak erabat naturalizatzeak errealitatea estaltzen du.

'Pose' telesaila. FX.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Lankide bisexuala, ama transexuala, lagun lesbiana, maitale intersexuala, auzokide gaya... Pixkanaka, gorputz, sexu eta genero identitateen aniztasunak pantailara egin du jauzi; tartean, fikziozko telesailetara. LGTBI kolektiboaren inguruko gaiak lantzen dituzten telesailak gero eta gehiago egiten dira, baita pertsonaia nagusiak LGTBI kolektibokoak diren ikus-entzunezkoak ere. Ikusgarritasunak egin du tokia, baina hori ez da nahikoa, zenbaiten arabera.

«Azkenaldian, LGTBI pertsonak gehiago ikusten dira, gero eta gehiago hitz egiten baita ikusgarritasunari buruz», azaldu du Bryn Hounsellek, Harro plataformako eta Ozen LGTB Ligako kideak. Iritzi berekoa da Xabi Zabaleta Go!azen telesaileko gidoi arduraduna eta produktore eragilea: «Pixkanaka, gizartean gero eta isla gehiago duten kolektiboak telesailetan ere agertzen ari dira». Besteak beste, Hasiberriak eta Aitaren Etxea telesailetan ere aritu zen aurrez Zabaleta; sumatzen du aldaketa ordutik hona: «Ez dut ondo oroitzen Hasiberriak, baina, izatekotan, pertsonaia gay eta lesbianak egongo ziren; transexualak agertzea pentsaezina zen orduan». Egunotan ari dira Go!azen-en denboraldi berria grabatzen, eta pertsonaia transexual bat dago, aktore transexual batek gorpuztua.

Maria Castejon historialari, irakasle eta zine kritikariaren ustez ere, ikusgarritasuna areagotu egin da: «Azken hamar-hamabost urteetan ohikoa da LGTBI kolektiboko pertsonaiak agertzea; baina, gehienetan, gizon gay bat izan da». Gaietan ere nabaritu da aldaketa: «Asko ugaritu dira LGTBI gaiak lantzen dituzten telesailak; Orange is the New Black eta Sense 8, adibidez». Pertsonaietan eta gaietan ez ezik, telesailen amaieretan ere sumatzen du aldaketa Castejonek: «Gaizki amaitzen ez diren LGTBI istorioak kontatzen dira orain: tragedia batekin, suizidio batekin, familia haustura batekin, hilketa batekin eta abar amaitzen ez direnak».

Ikusgarritasuna ez da nahikoa, ordea, Hounsellen iritziz:«Beharrezkoa da aztertzea nolakoa den ikusgarritasun hori; hau da, zer ari den erakusten behatzea». Haren arabera, begirada pornografikoa nabari da zenbaitetan; pertsonaiak fetitxe bihurtzen dira beste batzuetan, edo umorerako bitarteko. «Esaterako, erosketak egitera doan lagun gayaren estereotipoa irudikatzen da sarri. Edo ile apaintzailea den pertsonaia transexualarena, Orange is the New Black-en bezala».

Castejon ere estereotipoak haustearen aldekoa da. «Ikusgarritasunak, bere horretan, ez du aldaketa bermatzen. Ez du balio, ikusezin egiten dituen egiturak zalantzan jartzen ez badira». Haren iritziz, pertsonaia gazte eta ederrak izaten dira askotan. Gay zoriontsuaren estereotipoa azaltzeko, berriz, Modern Family jarri du adibidetzat: «Ezkontzen diren gizon gayak dira pertsonaiak, eta heteroarauaren rolak erreproduzitzen dituzte».

Aktoreari ere erreparatu behar zaiola nabarmendu du Hounsellek: «Transparent-en, emakume transexual bat da protagonista. Hura gorpuzten duen pertsona gizon zis bat da —bere ezaugarri biologikoengatik jaiotzean ezarri zaion generokoa sentitzen dena—. Andre transexual bat irudikatzeko orduan, beharrezkoa da aktorea ere emakume transexual bat izatea; ez langabezia tasa altua dutelako soilik, ezpada ileordea daraman gizonaren topikotik ateratzeko». Pose gomendatu du. Uste du oraindik ez dela barneratu zer den pertsona transexual bat imajinario kolektiboan, eta hori egitea beharrezkoa dela.

Zabaletaren iritziz, pertsonaiak naturaltasunez tratatzea da gakoa; are gehiago nerabeentzako telesailetan. «Pertsonaia homosexuala edo transexuala bada, ez dugu trama bat sortu nahi horren inguruan». Etiketak baztertzearen aldekoa da: «Garrantzitsua da pertsonaiak beste ezaugarri batzuk ere izatea. Pertsonaia hitz bakar batekin deskribatzerakoan, ez dadila izan gay bat edo trans bat, baizik eta beste gauza batzuk». The Good Fight telesaila aipatu du adibidetzat: «Protagonista abokatua da, eta neska lagunarekin bizi da. Ez dago horren bueltako gatazkarik».

Naturalizatzea beharrezkoa da Castejonen ustez ere, baina badu arriskurik. «Naturalizatu egin behar da, hori da bidea. Baina badago guztia lagunkoiegia izateko arriskua ere. Hainbeste naturalizatzean, politizatzeari uzten diogu». Haren arabera, denetik izatea da beharrezkoa: «Errepresentazio guztien arteko elkarbizitza litzateke egokiena: batetik, karga politikoa duten telesailak, Pose-ren modukoak, eta, bestetik, lagunkoiagoak direnak, Grace and Frankie bezala».

Hounsellek kamera atzean ikusten du erronka nagusia: «Nork idazten dituen gidoiak, nork zuzentzen duen, nork egiten dituen castingak... Horiek dira istorioak sortzen dituztenak». Haren iritziz, beharrezkoa da bazterretako pertsonek euren ekoizpenak egiteko aukera izatea.

'Pose'

Pose Ryan Murphyk, Nelson Craggek eta Silas Howardek zuzendutako telesail bat da. New Yorken dago girotuta, 1980ko hamarkadaren amaieran. LGTBI kolektiboko pertsonak dira telesaileko protagonistak, nagusiki emakume transexualak. Euren gorputz eta identitateak tarteko, baztertuak izango dira pertsonaia horiek, eta ball culture esaten dioten mugimenduan aurkituko dute euren tokia. Aktore transgeneroek antzezten dituzte pertsonaia nagusiak. Transexualitatea, queer mugimendua, LGTBIfobia, hiesa eta beste hainbat gai jorratzen ditu telesailak. 2018ko ekainean estreinatu zen, FX katean, eta duela gutxi hasi da bigarren denboraldia. HBO katean ere ikus daiteke.

'Transparent'

Transparent Amazon Studiosek ekoitzitako Interneteko telesail bat da; Jill Soloway da haren sortzailea, eta 2014ko otsailean estreinatu zen. Los Angelesko familia baten bizipenak jorratzen ditu: bikote batena eta haren hiru seme-alabena. Aitak, Mortonek, emakumea dela esango du, eta Maura izango da hortik aurrera; Jeffrey Tambor aktorea da protagonista. Transexualitatea, homosexualitatea, harremanak, familiako gatazkak eta beste hainbat gai jorratzen ditu. Laugarren denboraldian jakin zenez, telesaileko bi emakumek Tambor salatu zuten, sexu jazarpenagatik. Ondorioz, aktorea kaleratu egin dute, eta ez du parte hartuko 2019ko udazkenean estreinatuko den bosgarren eta azken denboraldian.


AMAZON STUDIOS

'Orange is the new black'

Orange is the New Black AEBetako telesail bat da, Jenji Leslie Kohanek sortua. 2013ko uztailean eman zen lehenengoz, Netflixen. Piper Kermanek idatzitako Orange Is the New Black: My Time in a Women's Prison liburu autobiografikoan dago oinarrituta. Hain zuzen, Kermanen espetxeko bizipenak kontatzen ditu telesailak. Taylor Schilling aktoreak jokatzen du telesaileko protagonistaren rola: Piper Chapman. Emakumeen espetxe batera sartuko dute Chapman, hamar urte lehenagoko narkotrafikori lotutako kasu batengatik. Alex Vause bikotekide ohia ere espetxe berean egongo da. Lesbianismoa, AEBetako espetxe sistema, sexu jazarpena, transexualitatea eta beste hainbat gai jorratzen ditu ikus-entzunezkoak. Sei denboraldi ditu, eta uztailean estreinatuko da zazpigarren eta azken denboraldia.


NETFLIX

'Gentleman Jack'

Anne Lister da Sally Wainwrightek sortutako Gentleman Jack telesaileko protagonista. XIX. mendean dago girotuta ikus-entzunezkoa, Yorkshiren (Erresuma Batua). Lister lur-jabe eta bidaiaria da; lesbiana da, eta ez du ezkutatzen hori. Listerrek egunerokoetan jaso zituen bere bizitzaren nondik norakoak, baita harreman lesbikoak ere; kode ezkutu batean idatzita nagusiki. Suranne Jones aktoreak jokatzen du telesaileko protagonistaren rola. Lister Halifaxera itzuli da, familiako negozioei heltzera. Gizonena den mundu horretan tokia nola egiten duen erakusten du telesailak, baita Ann Walkerrekin duen harremana ere. 2019ko apirilean estreinatu zen AEBetan, HBO katean, eta maiatzean, berriz, Erresuma Batuan, BBC One katean.


HBO
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.