Monolitoen pandemia birala

Utahko basamortuan (AEB) hasi zen: hiru bat metroko monolito bat, ezerezetik agertu zen bezala, desagertu egin zen. Gauza bera gertatzen ari da mundu osoan: dagoeneko, 70 bat dira jada. Badirudi, ordea, biren egileak baizik ez direla ezagutzen. Misterioa da gertakariaren protagonista nagusia.

Ainize Madariaga
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

Espazioa. Jorge Oteizaren espazioaren ikerketak baluke zer erranik. Bere teorietako baten funtsa hutsa-k betetzen du. Hutsik den espazio bat zenbat betea den ohartzeko, aski da ezdeusari deus gehitzea: ezereza deusezteko.

Natura hutsean deus kulturalik gehituz gero, albistez betetzen dira sare sozialak oro.

Eta hori da agitu, hain zuzen ere, munduko bazter frankotan azaroaren 18tik haste. Izan ere, egun hartan, metalezko monolito bat agertu zen Utahko (AEB) basamortuan. Lur antzuen emankortasun misteriotsuak bazterrak harrotu zituen: eskultura umezurtz agertu baitzen. Biologo batzuek zuten pieza ustegaketarik ediren, basahari kanadarraren errolda lanetan zebiltzala, helikopteroz hortik iragatean. Ez zuten lokalizaziorik komunikatu, gune babestuan landatua izan baitzen, jende etorreraren lotsa. Hala ere, GPSa lagun, internauta talde batek kausitu zuen basamortuko arrotzarekin topo egitea. Ahoz ahokoak eta teklaz teklakoak bakartua jakin minaren epizentroa bilakatu zuten: nork paratu ote zuen metalezko prisma triangeluar hori gizakiarendako hain bizi gaitza dirudien tokian? Berria biribilka zebilela, jin bezala joan zen monolitoa: deblauki desagertu baitzen egun batetik bertzerat, azaroaren 27an.

[youtube]https://youtu.be/sNwYEb3729I[/youtube]

Biharamunean, hazi bereko kreatura bat hazi zen, zeinak marka zirkularrak baitzituen. Aldi honetan, Piatra Neamteko (Errumanian) mendixka baten kaskoan agertu zen, zeina abenduaren 1ean desagertu baitzen.

Biharamunean, Atascaderoren (Mexiko Berria, AEB) aldi zen. Baina 24 orenen buruko, ordez gurutze bat baizik ez zen baratu.

Misterioz misterio, monolitoak onddoak bezala ibili dira, agertzen eta desagertzen; alta, Utahkoak badu sinadura: The Most Famous Artist artista kolektiboak bideo baten bidez jakinarazi baitzuen bera zela obra lurtar horren egilea, duda mudak mututuz.

[youtube]https://youtu.be/L-gMgky1lbM[/youtube]

Horrek egozte estralurtarra desjabetu dio agerpen misteriotsuari: Stanley Kubricken 2001: A Space Odyssey (1968) filmeko irudiarekin tai gabeko erkaketak gertatu baitira egunotan. Egia da filmeko irudiak eta Utahko monolitoarenak badutela komunetik franko: paisaia desertiko arrokatsu okrearen eta objektu bertikal hain geometrikoaren arteko talka, hain desintegratua, naturaren kontra zentzuan doana, artifizialtasunaren gailurra.

2001: A Space Odyssey filmeko monolitoa. BERRIA

Kaliforniakoa ere artista laukotearen obra da: Wade McKenzie, Travis Kenney, Randall Kenney eta Jared Riddle. Errumaniakoak, Erresuma Batukoak, Herbehereetakoak, Bruselakoak, Varsoviakoak eta gainerakoek ez dute beti sortzailerik edota xede artistikorik. Badirudi 70 bat obra altxatu direla honezkero.

Munduan agertu diren monolitoen mapa. CLAUDIA CHELBEA / DIGI24.RO

Preseski, Ismael Manterola arte kritikariak ez du oroitzen monolitoen gisako fenomenorik gertatu ote den Euskal Herrian. Baina gogorat jin zaio 1983an Bilboko Arte Ederren museotik ebasketa aldarrikatzailea burutu zuteneko hura: «Oteizaren obra bat lapurtu zuten, herriari itzuli nahi ziotelako, haien ustez obra hori bahitua zelako museo horretan. Ekintza aldarrikatzailea izan zen; Bilboko Udalari itzuli zioten». Euskal Artisten Elkarteak zuen ekintza hura burutu, garaiko instituzioen kritika falta, erantzun eta kontzientzia eskasa, bai ere isiltasuna salatzeko. Asteotako gertaerak arrunt berdinak ez badira ere, badute antzekotasunik ordukoarekin. «Asmoa desberdina da, baina estrategia, antzekoa. Monolitoen kasuan, erabilpen komertziala dela iruditzen zait, gero saltzeko baliatzen baitute. Berri faltsu bat asmatu, eta erabilpen komertziala ematen diote. Beraz, artistikoa baino, komertziala gehiago dela deritzot», gehitu du Manterolak. Izan ere, Kaliforniako monolitoa 45.000 dolarren (37.000 bat euro) truk saldua izan baita.

Haatik, zerk bereiziko luke ekimen artistikoa komertzialetik? «Arte mundura mugatuko balitz, obra bakarra izango litzateke. Kasu honetan, ordea, eskariaren arabera ari dira. Arteak daukan ezaugarrietako bat puskatzen dute: bakarra izatea». Bakarra ez izanik ere, ikuspegi artistikotik egina delarik, artistak kontrolatu egiten duela azpimarratu du Manterolak, monolito horien kasuan ez bezala.

Dena den, nondik so egiten den, prozesua bera arte obra bat ere izan daitekeela onartu du Manterolak: «Monolitoa bera da? Ala burua zabaldu behar dugu, eta kontzeptua ikusi? Hau da, estrategia osoa da obra bat?». Hala, Banksy grafiti egilearen lan moldeak sortzen duen misterio bertsua dakusa afera honetan: «2010eko Donostiako Zinemaldian, Banksyrenak izan zitezkeen grafitiak agertu ziren. Agerian geratu zen instituzioen faltsukeria: hemengo grafiti egile batena izan balitz, ezabatu eginen baitzuketen. Baina ez ziren ausartzen, bereak zirelakoan. Estrategia mediatikoa da, monolitoena bezalakoxea: azaltzen baita zerbait jakin gabe zer den, gero desagertu eginen dela jakitun».

Funtsean, Banksyren estrategiak badu misteriotik ere, eta horrek du bat egiten monolitoen fenomenoarekin: «Misterioa gehitzen zaio arreta gehiago deitzeko. Gaur egun komunikabideen bidez oso laster zabaltzen denez, posible da Utahkoaren ondotik agertu diren guziak ideiaren kopia izatea». Orson Wellesen Munduen gerra ere bururatu zaio Manterolari: estralurtarren inbasioa kontatzen zuen irrati emankizuna. «Jendea beldurtu egin zen. Antzeko zerbait da hau ere, fikzio moduko bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.