Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Bizitzaren jatorria: estralurtarra ote?

2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Australia mendebaldeko Murchison herritik gertu, suzko bola bat bistaratu zen zeruan, 1969ko irailaren 28an. Handik gutxira, suzko bola hark lurra jo zuen, eta izugarrizko burrunba entzun omen zen. Zerutik eroritako bolaren hainbat zati aurkitu zituzten hamahiru kilometro koadroko azaleran, guztira 100 kilo baino gehiago. Meteorito bat zen,egun Murchison izenez ezagutzen dena eta, gaur-gaurkoz, ikerlariek gehien aztertu dutenetako bat. 2001ean, berriz, NWA 801 meteoritoa aurkitu zuten Marokon.

Bi meteorito horiek 4,5 mila milioi urte inguru dituztela uste dute ikerlariek; hau da, Lur planeta baino zaharragoak direla uste dute. Eta, berriki, Lur planetako bizitzarentzat ezinbestekoa den konposatu bat aurkitu dute meteorito horietan, erribosa azukrea, hain zuzen.

Erribosa RNA molekulako osagai bat da. Egun, organismo gehienetan RNAk mezulari funtzioa betetzen du. Izan ere, DNAn dagoen informazio genetikoa RNA bilakatzen da, eta erribosomek RNA itzultzen dute proteinak ekoizteko. Halere, zenbait birusek, adibidez hiesak edo minbizia mota batzuek, eragiten dituzten erretrobirusek soilik RNA daukate.

Ikertzaile askoren aburuz, organismo primitiboetan RNA zen oinarrizko azido nukleikoa, DNAk ez dituen ezaugarri bereziak baititu. Adibidez, RNA molekulak gai dira beren burua bikoizteko, eta erreakzio kimikoak azkartzeko, hots, katalizatzaile gisa jarduteko. Baina, eboluzioaren poderioz, DNAk RNA ordezkatu du, eta, gaur egun, organismo garatuenetan DNA molekulan gordetzen da informazio genetikoa.

DNAk duen azukrea ez da erribosa, 2-desoxierribosa baizik. Eta Murchison eta NWA 801 meteoritoetan ez da 2-desoxierribosarik atzeman, nahiz eta azterketarako erabili diren detekzio teknikak punta-puntakoak izan diren. Hortaz, meteoritoetan soilik erribosa aurkitu izana bat dator RNAk lehendabizi eboluzionatu zuela dioen hipotesiarekin.

Baina erribosa ez da meteoritotan aurkitu den lehen konposatu organikoa, ezta gutxiago ere! Proteinen eta azido nukleikoen osagai diren aminoazidoak eta base nitrogenatuak atzeman izan dituzte lehenago. Hala ere, bizitzarako oinarrizko konposatuen artean, azukreak atzematea falta zen.

Horregatik, berriki bi meteoritotan erribosa topatu izanak izugarrizko harrabotsa piztu du bizitzaren jatorria ikertzen dutenen artean; eta Panspermiaren teoriari eman dio hauspoa. Teoria horren arabera, Lur planetako bizitzak jatorri estralurtarra du; eta Lurra gaztea zela izandako bonbardaketa kosmikoaren ondorioz heldu ziren bizitzaren garapenerako molekula gakoak Lurrera.

Eszeptikoenek pentsa lezakete meteoritoetan atzemandako molekula horiek lurtarrak direla; besterik gabe, meteoritoek Lurra jotzearekin batera bereganatutakoak. Baina aukera hori frogatzeko egindako analisiek, isotopoen analisiek besteak beste, erakutsi dute meteoritoetan aurkitutako molekulen jatorria estralurtarra dela.

Antza, momentuz bildutako datuetan oinarrituz, ikerlariek azaldu dezakete nola heldu ziren Lur planetara bizitza sortzeko molekula gakoak. Ezin dituzte azaldu, ordea,bizitzaren jatorriaren enigma nagusiak: molekula haiek nola sortu ziren, sortu ziren lekuan sortu zirela; eta haien artean nola uztartu ziren, organismoak osatzeraino. Baina, tira, ziur kontu horien inguruko xehetasunak, poliki-poliki bada ere, ailegatuko zaizkigula hurrengo ataletan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.