Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Abereak mozorrotuta

2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Marra zuri-beltzez apaindutako larruazala izateagatik bereizten dira zebrak. Azken 150 urteetan lau hipotesi nagusi gailendu dira zebren marren zergatiaren inguruko eztabaidetan: zebrek marrak dituzte (1) harrapariak despistatzeko, (2) arrazoi sozialengatik, (3) tenperatura erregulatzeko eta (4) eltxoen ziztadak saihesteko. Baina 2019an argitaratutako bi ikerketa independentek erakutsi dute zebren marren funtzio nagusia eltxoen ziztadak saihestea dela, nahiz eta mekanismo zehatza oraindik ez den ezagutzen.

Horietako lan batean, tabanidoen familiako intsektuen, hots, ezparen portaera aztertu zuten zebren eta kolore bakarreko zaldien presentzian. Behaketen arabera, nahiz eta ezparek denbora bera pasatu bi ekidoen inguruan hegaka, zebren gainean zaldien gainean baino gutxiago jartzen ziren. Efektu hori zebren marrei zor zekiokeen frogatzeko, zaldiak kolore eta patroi askotariko jantziekin atondu zituzten, eta behaketekin jarraitu zuten.

Kasu horretan, ezparek batez ere soinean jaka zuria edo beltza zeramaten zaldiengana jotzen zuten, eta ez horrenbeste marradun jakadunengana. Ikerketa horretan grabatutako bideoetan ikus daiteke ezparak zaldien larruazalera baino azkarrago gerturatzen direla zebren larruazalera. Baina zebrak ukitu baino lehen abiadura ez dute behar bezala moteltzen, eta kontrol gabezia horrek saihestu egiten du zebren gainean tinko jartzea eta, ondorioz, zebrak ziztatzea.

Arestian aipatutako ikerketaren harira, hilabete batzuk geroago, Japoniako talde batek esperimentu praktiko bat gauzatu zuen hango behi beltzekin. Batzuk marra beltzez margotu zituzten, beste batzuk marra zuri-beltzez eta gainerakoak margotu gabe utzi zituzten. Behi talde bakoitzak gorputz osoan zein hanketan jasotako ziztadak zenbatu zituzten, eta ateratako ondorioa honako hau izan zen: marra zuri-beltzdun behiek eltxoen ziztada gutxiago jasotzen dituzte. Gainera, behiek eltxoak uxatzeko dituzten mekanismoen (buztana eta burua astintzea, hankak eragitea eta abar) maiztasuna ere behatu zuten. Lortutako emaitzek aurrez erreparatutakoa berretsi zuten: hau da, eltxoek enbarazu gutxiago eragiten dietela marra zuri-beltzdun behiei. Hori horrela izanik, ikerketa egin duen talde japoniarrak proposatu du, pestizidak erabili beharrean, baserrietako abereak marra zuri-beltzez margotzea, eltxoen erasoak saihesteko.

Eta, bide batez, metodo alternatibo horri esker, pestizidekiko erresistentziak ingurumenean sortzen duen arazoa arintzea lortuko litzateke.

Imajinatzen duzue hurrengoan mendi buelta bat egitera irten eta zebraz mozorrotutako behi edo zaldi talde batekin topo egitea? Hori gertatuz gero, orain badakizue apaindura horiek ez direla duela hilabete eskas ospatutako inauterien arrastoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.