Emakumeak jaietan. Hondarribiko alardea

EZINIKUSIAREN OINETAN

Alarde eguna dute bihar Hondarribian. Bi desfile aterako dira aurten ere: bat, andreak eta gizonak elkarren alboan jartzen dituena; bestea, andreak kantinera modura soilik onartzen dituena. Igaro dira hemezortzi urte. Jaizkibel konpainiak pauso handiak eman ditu. Tentsio handia dago, halere. Aurreko urteetan baino gaiztotuago dago giroa.

Plastiko beltza kalean alderik alde jarrita, ezinikusia agertzen diote Jaizkibel konpainia parekideari. Neska gazteak izan ohi dira maiz plastiko horien eusle. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Horma sendo bat, plastiko xehezkoa. Pareta bat, emakumeei jaietan gizonen pare parte hartzeko aukerarik aitortzen ez diena. Zatituta ospatuko dute alarde eguna bihar Hondarribian (Gipuzkoa). Bi desfile izango dituzte. Ez da berria. Hemezortzi urte joan dira. Aurtengoak hartuko du, nolanahi ere, iraganeko kutsu bat. Gaindituak ziruditen adierazpenak itzuli baitira: batetik, udala, alarde parekideari ordua aldatzeko eskatuz; bestetik, alarde baztertzailea, erakundeetatik eta hedabideetatik «lintxamendua» jasaten ari dela salatuz. Tentsioa dago.

Aurreko urteetako ordutegia eta ibilbidea izango dituzte. Jaizkibel konpainia 08:25ean abiatuko da. Babesle izango ditu Emakunde, Gipuzkoako Aldundia eta EAEko Arartekoa. Jaizkibelek gonbidatu arren, Jaurlaritzak ez du argitu Emakundez gain inor bidaliko duen. Gipuzkoako Batzar Nagusietako jarduneko presidentea, Eider Mendoza (EAJ), ez da joango; aurrekoetan joan izan da Lohitzune Txarola lehendakaria (Bildu), baina ez dago lanean, umea izan berri. Erakundeek Kale Nagusian babestuko dute Jaizkibel, plastiko beltza zabaltzen baitute haren aurka, eta oihuak ere egiten.

Ertzaintzak, bi desfileak arautzeko ebazpenean, horrelakorik ez egiteko eskatu die Jaizkibelen kontrakoei. Iaz ere egin zuen eskari bera, baina ez zioten jaramonik egin. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, zeharka, ohartarazi du Alarde fundazioak lotura duela plastikoekin. Hau dio ebazpenean: «Fundazioko sustatzaileek saiatu behar dute saihesten ibilbidean zehar beren zale den publikoaren zati jakin batek plastiko edo beste elementu fisiko batzuk erabiltzea». Ohar batekin, fundazioak erantzun du ez duela zerikusirik plastikoekin. Defenditu egin du jarrera hori, ordea: «Beren iritzia adierazteko eskubidea daukate».

Alkatea, «isiltasun zuhurrean»

Ezinikusia agertzen duten kartelen aurrean, emakumeen parte hartzeak sortutako gatazkaren aurrean, udalak ezikusia egiten duela salatu dute Jaizkibelek eta hainbat erakundek. Isiltasuna hautsi du aurten udalak, eta alarde baztertzailearen alde lerratu da. EH Bilduk atera zuen gaia, udalbatzara proposamen bat eramanez: plastikoak kentzeko eskatzea eta udalak Jaizkibeli harrera egitea. Ez zuten hori onartu gainerako taldeek, eta beste testu bat egin zuten EAJk, PPk eta Hamaikabatek: ordutegiak aldatzeko eskatu zioten alarde parekideari, baztertzailearen atzetik joateko. Alarde tradizionala goraipatu egin zuten.

Aitor Kerejeta alkateari (EAJ) elkarrizketa bat eskatu dio BERRIAk, gatazka horri buruz hitz egiteko, eta uko egin dio, «isiltasun zuhurra» izan nahi duela argudiatuta.

Gatazka bideratzeko ahaleginak egin dituzte, baina alkateak muzin egin dio haietan parte hartzeari. Gipuzkoako Diputazioak, Arartekoak eta Jaurlaritzak —Emakunderen bidez— osatua dute mahai bat. Ertzaintzaren iazko ebazpenean nabari ziren keinu eskariak —aurten ere agiri bera kaleratu du—: Jaizkibeli eskatu zion ez eramateko manifestazioko kartelik —bete zuen iaz, eta aurten ere beteko du—, eta alarde baztertzailearen aldekoei, ez eramateko plastikorik —ez zuten bete, eta oso litekeena da aurten ere hala egitea—. Hori ikusirik, Jaizkibelek azaldu zuen espero zuela alkatearen keinuren bat, baina ez zen izan.

Alderdien barruan kontrakotasun handiak sortu ditu alardearen auziak. EAJ dago agintean Hondarribian: alkateak ez dio harrera egiten Jaizkibeli, eta jarrera aldatzeko eskatu dio, nahiz eta, aldi berean, hura babesten ari den Emakunde —Jaurlaritzaren menpeko da—. Tartean agertu da Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua aurten, Alarde fundazioak antolatutako ekitaldi batera joanda —Hondarribian bizi da—. EH Bilduk ere ez ditu urak bare: Hondarribiko bost zinegotzietatik lauk dimisioa eman zuten iaz, haietako bat alarde baztertzailean irten eta koaliziotik bota zutelako. PSEn ere badira desadostasunak: Irungo alkatetzan dago, ez dio harrera egiten alarde mistoari, baina PSEko gazteen saria jaso du aurten alarde horrek —Idoia Mendia han zelarik—.

Azken asteetan sendotu diren hormen erakusleiho izango da Hondarribia. Ezinikusiaren oihu. Eskubideen aldarrikapen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.