Katalunia-Espainia. Aldebiko batzordearen bilera

Ekintzak ez, baizik asmoak

Batet Lurralde Politikarako ministroak esan du Espainiak «proiektu bat» duela Kataluniarako. Maragall kontseilariaren esanetan, egutegi bat ezartzea izan da bilerako «gauza on bakarra»
Generalitateko ordezkariak ezkerraldean, eta Espainiako Gobernukoak eskuinaldean, atzoko bilera hasi aurretik.
Generalitateko ordezkariak ezkerraldean, eta Espainiako Gobernukoak eskuinaldean, atzoko bilera hasi aurretik. QUIQUE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2018ko abuztuak 2
Espainiako Gobernuarekin negoziazio bat hasteko, bi marra gorri ezarri ditu Generalitateak: autodeterminazio eskubidea, eta prozesu subiranistaren ondorioz kartzelatuta dauden politikarien egoera onbideratzea. Baina Madrilek ez du asmorik eskaera horiek aintzat hartzeko. Eta, espero bezala, argi asko geratu zen hori atzo, bi gobernuen arteko aldebiko batzordearen bileraren ondoren Meritxell Batet Espainiako Lurralde Politikarako ministroak egindako adierazpenetan. «Autodeterminazio eskubidea ez da existitzen», esan zuen, batetik. Eta, bestetik, presoen gaiari dagokionez, hauxe: «Judizializatuta dagoen oro gure eskumenetatik kanpo dago». Gaineratu zuen, hori bai, bi gobernuek adostu dutela «lanerako egutegi bat» ezartzea. Generalitatearen izenean, Ernest Maragall Atzerri Jarduereterako kontseilaria mintzatu zen, eta nabarmendu zuen egutegi hori zela, «agian», bilerak emandako «gauza on bakarra».

Hiru ordu pasa iraun zuen Generalitatearen jauregiko Tarongers aretoan egindako ezohiko bilerak. Ezohikoa, baziren-eta zazpi urte pasa —2011ko uztailaren 19tik, hain zuzen ere— Generalitatearen eta Madrilen arteko aldebiko batzordea ez zela biltzen. Hamahiru puntuko gai zerrenda bat adostu ondoren elkartu ziren mahai baten bueltan, eta puntu horien artean zeuden finantzaketa, Kataluniako Parlamentuak onartu eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako hainbat lege sozial, eskumenen eskualdatzea... Baita autodeterminazio eskubidea eta politikari presoen egoera ere.

Baina Madrilek ez du asmorik bi auzi horiei heltzeko. Batetek esandakoaren arabera, dena den, Espainiako Gobernuak «proiektu bat» du Kataluniarentzat. Proiektuaren nondik norakoez galdetu ziotenean, erantzun zuen batzarrean hitz egindakoa duela «oinarrian» proiektu horrek. Bileratik, «elkarrizketaren irekiera» nabarmendu zuen Batetek, batez ere.

Maragallentzat, Generalitateak «sakoneko desadostasunak» ditu Madrilekin. «Gure mugimendu ahalmena hutsera murriztu nahi dutelako sentsazioa genuen», salatu zuen. Batetek aipatutako proiektuari dagokionez, azpimarratu zuen ez dietela eman horri buruzko «zehaztasunik». Eta politikari presoen egoera saihesteko Madrilek erabilitako argudioak izan zituen hizpide kontseilariak: «Presoei buruz hitz egiterakoan, epaileen independentzian babestu da Espainiako Gobernua». Iragarri zuen, hala eta guztiz ere, abendura bitartean «gauza asko» gertatuko direla, «judizialki, politikoki eta instituzionalki». Maragallentzat, bilera «zuzena» izan zen. «Normalitatearen ikusmolde oso diferenteak ditugu».

16:30ak pasatu zirenean hasi zuten bilera. Quim Torra Generalitateko presidenteak ez zuen parte hartu enkontruan, baina ordu batzuk lehenago adierazi zuen bilera «ke laino bat» besterik ez zela izango, PSOEren gobernuak Kataluniaren autodeterminazio eskubideaz eta politikari presoez «erabaki zehatzik» hartu ezean. Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilaria, berriz, zuhurrago mintzatu zen herenegun. Haren ustez, lehentasunak zehaztu behar dira aurrena, eta urritik aurrera «akordioak egin».

Torrak aipatutako bi auzi horietan, hitzak utzi eta ekiteko eskatzen dio Generalitateak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, baina Madrilek ez du intentziorik halakorik egiteko. Kataluniarako estatutu berri bat bozkatzeko proposamena egin zuen Espainiako presidenteak joan den uztailaren 17an. Eta, Batetek lehengo igandean elkarrizketa batean esan zuenez, katalanek bozkatu behar dutena «akordio politiko bat» da.

Kataluniako Gobernuaren aldetik, hauek parte hartu zuten bileran: Maragallek, Artadik, Pere Aragones presidenteordeak, Merce Salvat Atzerri Jarduereretako idazkari nagusiak, Ferran Mascarell Generalitateak Madrilen duen ordezkariak, Francesc Esteve Generalitatearen kabinete juridikoaren zuzendariak eta Aleix Villatoro Harreman Instituzionalen zuzendariak.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritza osatu zuten: Batetek, Ignacio Sanchez Lurralde Politikarako Estatu idazkariak, Ines Maria Bardon Ogasunekoak, Pedro Saura Azpiegituretakoak, Gorteekiko Harremanetarako Jose Antonio Montillak, Jose Maria Perez Estatuaren Ordezkaritzarakoak eta Teresa Cunillera Madrilek Katalunian duen ordezkariak.

CDRen deialdia

Kataluniako Gobernuak Urriaren 1eko erreferendumeko «agindua» gauzatu dezala eskatzeko, CDR Errepublikaren Aldeko Batzordeek elkarretaratzera deitu dute gaurko, Bartzelonako Marina etorbidean (18:30).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna