Hondarribiko alardea

Konponbidearen esperoan oraino

Alardetik aparte aritu beharko du aurten, berriz, Jaizkibelek. Aldundiak esan du auziaren «etorkizunerako ibilbide» bat lantzera doazela aurki. «Berandu» ari da, oposizioarentzat

Entseguak. Oihana Etxebarrieta, asteazken ilunabarrean, Jaizkibel konpainiaren azken entseguan. J.C.RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun

Berritu egingo da bihar irudia Hondarribian (Gipuzkoa). Aparte desfilatu beharko du Jaizkibel konpainiak, aparteko ordutegi batean, herritar gehienak jaietan batzen dituen arma desfiletik lekora. Horretarako dagoen motiboa da emakumeen parte hartze parekidea onartzen duela, eta gainerako konpainiek andrazkoak soilik kantinera rolean onartzen dituztela: usadioaren izenean, argudiatzen dute ezin dutela beste lekurik hartu. Gatazka piztu eta 22 urtera berrituko da irudi baztertzailea, eta zer pentsatu handia eman du beti gatazka honen iraupenak —Irunen ere antzekoa dute, baina han bi alarde dira egun; bat mistoa da; bestea, ez—. Eta haren gordintasunak. Bi herrietan nabarmena izan da aldarri parekidearen aurkako kontrakotasuna, eta jazarpen sistemakoa jasan zuten lehen urteetan horren aldekoek. Ordutik, baretu dira urak, baina auzia konpontzeko dagoela agerian geratuko da gaur berriz Hondarribian.

Gatazka bideratzeko saioen kamustasuna ere ikusiko da. Adibide bat: erakunde arteko mahai bat eratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian auziaz aritzeko. 2017ko apirilean alarmak piztu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan; azalpenak eskatu zizkioten Bizkidetza zuzendari Maribel Bakerori, eta onartu zuen azken urtebetean bi bider bakarrik elkartu zirela erakunde guztiak. Ordutik aurrerako erritmoa lausoa da. Emakunderen arabera, iazko azaroan egin zuten azken bilera: orain dela ia urtebete, Irun eta Hondarribiko udalik gabe. Hortik aparteko datarik ez du zehaztu aldundiak.

Oposizioak maiz egotzi dio aldundiari legealdi honetan mahai horren geldotasuna, baina Maribel Bakerok esan du fruituak badatozela. Ikerketa bat agindu zuten, eta, horren berri oraindik eman ez badute ere, albisteak iragarri ditu: «Etorkizunerako ibilbidearen inguruan hitz egiteko, erakundeen arteko mahaira deituko dugu behin Hondarribiko jaiak amaituta». Auziarekin lotutako erakundeekin harreman «iraunkorrak» dituztela nabarmendu dute foru gobernuko informazio iturriek: lanean ari direla. Mahaiko kide dira aldundia, Emakunde, EAEko Arartekoa, eta Irun eta Hondarribiko udalak.

Oposizioak ez du inolako susmo onik. EH Bilduren izenean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide Ainhoa Beola aspaldi ari da esaten «ekin» egin behar dela. Egoera aztertzeko txostenak, mahaia eratzearekin batera, aurreko foru gobernuak egin zituela oroitarazi du; urratsak egiteko aroan dela aldundia: «Oso berandu doa». Ahal Dugu-ko batzarkide Juantxo Iturria ere, kritiko: «Emaitzarik ez da ikusten».

Oposizioko kideek, esaterako, tamalez oroitzen dute ekain honetan bertan Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman zuten erdibideko zuzenketa bat. Irungo alardearen atarian, lau eskari nagusi atera nahi izan zituzten aurrera. Bat: foru gobernuko eta Batzar Nagusietako buruzagiek desfile parekideei babesa erakustera joan behar dutela iritzi zuten, eta eskaria egin zuten «ordezkaritza ofizial bat» bidaltzeko Irun eta Hondarribira. Bi: bi udaletako udalbatzei ere «goi ordezkaritza» bidaltzeko eskaria egitea nahi zen. Hiru: plastiko beltzen kontrako «eskari publiko bat» egiteko eskatu zen. Lau: orain arteko babes ofizialaren faltak egindako mina «erreparatzeko» konpromisoa eskatu zen. EAJk, PSEk eta PPk kontrako boza eman zuten, ordea: ez zen onartu.

Aldundia, plastikoen aurka

Baina puntu horietara hurbiltzen ari dira hilabeteotan. Irunen, esaterako, iragan ekainean, estreinakoz egon zen alarde mistoa ikusten EAJko ordezkaritza bat, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza buru. Atzo, halaber, aldundiak ohar bat atera zuen bihar Hondarribian plastiko beltzik ez ateratzeko eskatuz. Kultura diputatu Denis Itxasoren adierazpenak ditu: «errespetua» du hizpide. Aurten ere Hondarribira joango dela iragarri du: bi desfileak ikustera —iaz ere izan zen—. Lehendik egina du urrats hori Irunen. Alde horretatik, EAJkoen irudia da berriagoa; bihar begi asko egongo dira jeltzaleei begira. Izan ere, Markel Olano ahaldun nagusia «sukaldeko lan» isilaren aldeko azaldu da maiz. Baina keinuak egiteko gogoa agerikoa da orain. Gatazka piztu eta 22 urtera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.