Koreako gatazka. Trump-Kim goi bilera

Gerra bukatzeko zain

Koreako gatazkan protagonista diren aldeek baikor hartu dute Kimen eta Trumpen arteko bilera. Txina: «Historia berri bat ari da sortzen»

Trumpen eta Kimen goi bileraren informazioa, atzo, Tokion. FRANK ROBICHON / EFE.
mikel rodriguez
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerra bukatu eta urte gutxira piztu zen Koreako gerra, 1950ean, eta, teknikoki, ez da bukatu. 1953tik armistizio bat dago indarrean, eta, aurrez aurreko gerra irekia horrekin bukatu bazen ere, orduko etsaitasunak eta tentsioa hormatuta gelditu dira zazpi hamarkadatan. Korearen inguruan dauden herrialdeek munduko biztanleriaren eta barne produktu gordinaren zati handi bat osatzen dute elkarrekin, eta Koreako penintsularen tentsio egoerak dezente baldintzatu du eremu estrategiko horren garapena. Horregatik, herrialde horiek ongi hartu dute Donald Trump AEBetako presidenteak eta Kim Jong-un Ipar Koreako liderrak atzo eman zuten pauso historikoa.

Korearen bertze zatiak, Hego Koreak, garrantzi erabakigarria izan du urte hasieratik garatu den hurbiltze diplomatikoan. Moon Jae-in presidenteak Trumpen eta Kimen «ausardia eta determinazioa» goraipatu zituen atzo. «Ekainaren 12ko Sentosako akordioa oroituko da Gerra Hotzaren azken oinordekotza bukatzea lortu zuen gertakari historiko baten gisan». Trumpek iragarri zuen AEBek aztertuko dutela Hego Korearekin egin ohi dituzten ariketa militarrak gehiago ez egitea, baina Moonek ez zion aipamenik egin horri.

Txinak esku hartze erabakigarria egin zuen 1950. urtean, Ipar Koreak gerra gal ez zezan, eta geroztik haren aliatu handiena izan da; batzuetan, ia bakarra. «Historia berri bat ari da sortzen», adierazi zuen atzo Geng Shuang Atzerri Ministerioko bozeramaileak. «Txina pozik dago, espero genuena baita». Trumpek atzo erran zuen Xi Jinping Txinako presidenteari dei eginen ziola Singapurretik AEBetara bueltako bidaian, eta ahaleginduko zela Xi ere elkarrizketetan inplikatzen.

AEBek eta Txinak lehia ekonomiko eta estrategiko handia dute, eta Koreako auzia beste pieza bat da hor. Hurbiltze diplomatikoa hasi zenean, bazirudien Pekin baztertuta gelditzen ari zela Seulen, Piongiangen eta Washingtonen artean sortzen ari zen hiruko harremanean, bain,a martxoaz geroztik, Kim birritan elkartu da Xirekin —Ipar Koreako lider goren gisa atzerrira egin zuen lehendabiziko bidaia izan zen Pekinera martxoan egindakoa—, eta Txinako presidenteak guztiz babestu ditu Ipar Koreako liderrak Hego Korearekin eta AEBekin izan dituen harremanak.

Pekinek mesfidantza handia du AEBek Korean duten presentziarekin, baina ez du nahi Ipar Koreak arma nuklearrak izatea —nazioarteko zigorrak babestu ditu azken urteotan—, eta Seulekin duen harremana guztiz aldatu da azken hamarkada hauetan; izan ere, gaur egun, Koreako bi estatuen bazkide ekonomiko nagusia da Txina.

Hego Koreaz eta Txinaz gain, Ipar Koreak muga dauka Errusiarekin. Piongiangek arma nuklearrak izatearen aurka dago Mosku, baina harreman diplomatikoak dituzte, eta, berriki, Vladimir Putin presidenteak Moskura joateko gonbita egin dio Kimi. «AEBetako eta Ipar Koreako liderrak elkartze hutsa gauza baikorra da», adierazi zuen atzo Sergei Lavrov Atzerri ministroak.

Japonia ere kontent

Hurbiltze diplomatikoa hasi zenetik, Japonia izan da ezkorren agertu izan den herrialdea. Dena den, Shinzo Abe lehen ministroak mezu baikorrekin bat egin zuen atzo. «Erranahi handia du Kim buruzagiak argiki berrestea Trump presidenteari Koreako penintsularen desnuklearizazioarekin duen konpromisoa».

Ekialde Hurbiletik ailegatu zen mezu baikorrei paratutako kontrapuntua, Mohamad Baqer Nobajt Irango Gobernuko bozeramailearen ahotik: «Ez dakigu zer nolako pertsonarekin ari den negoziatzen Ipar Koreako liderra. Ez dago argi [Trumpek] ez duenik akordioa bertan behera utziko etxera itzuli aitzinetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.