SALAKETAK

2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Sei aldetatik ari da Urkijo udaletako euskarazko jardunaren kontra. Lehen urrats gisa, errekerimenduak igorri ditu udaletara, jokabidea alda dezaten; helburua lortu ez duenean, auzitara eraman ditu udal horiek.

Euskarazko aktak. Hartutako erabakiak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari bidali behar dizkiote udalek legez. Euskaraz funtzionatzen duten udalek hizkuntza horretan bidaltzen dizkiote agiriak Urkijori, baina hark ez ditu onartzen. Auzitara eraman ditu udalak. Amezketako eta Gaintzako udalen kontrako kasua galdu egin du; aurrez, irabazi egin zuen Lekeitioko Udalaren kontrakoa.

Uema. Udalek Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko erabakien kontra ere jo du Urkijok; Zeraingo eta Berastegiko udalak salatu ditu, mankomunitatean sartzea «legez kanpokoa» izan zelakoan. Argudio hau du: Uema zerbitzu mankomunitatea dela, eta euskara ez dela zerbitzu bat.

Euskara planak. Euskara plan batzuen aurka ere jo du Urkijok. Gipuzkoako Aldundiak, adibidez, euskara lehenestea jaso zuen planean, eta salaketa iragarri zuen gobernu ordezkariak —oraingo aldundiak esan du planari eutsiko diola oraingoz, eta «defektuz» euskaraz arituko dela—. Altzoko plana ere salatu zuen, dokumentuak euskaraz bidali zizkiotelako.

Hizkuntza irizpideak. Euskaraz nola jardun zehazteko irizpideak dituzte udal batzuek: langileen jokabideari buruzkoak, eskakizunak... Irizpideak ezartzeagatik salatu dituzte.

Kontratazioak. Zuzenean kudeatzen ez dituzten zerbitzuak emateko hizkuntza irizpideak dituzte udal batzuek; adibidez, kiroldegiko edo aisialdiko zerbitzuak enpresen esku uzteko. Euskara irizpideak jartzeagatik jarri ditu salaketak Urkijok.

Diru laguntzak. Diru laguntzak banatzeko oinarrietan, kontratuetan bezala, hizkuntza irizpideak dituzte zenbait erakundek —iragarpenak euskaraz ere egitea, adibidez—. Urkijok uste du hori ez dela legezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.