«Legeria» eskuan, «lanean»

Grande-Marlaskak azaldu du PSOEren gobernua presoen hurbilketak aztertzen ari dela jada, «kasuz kasu». Esan arren gerturatzeak ez direla «onura bat», harro azaldu da pauso gutxi eman izanaz
Fernando Grande-Marlaska, atzo, Espainiako Kongresuan eginiko agerraldiaren une batean.
Fernando Grande-Marlaska, atzo, Espainiako Kongresuan eginiko agerraldiaren une batean. FERNANDO ALVARADO / EFE

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 30
Espainiako Gobernua «jada» ari da lanean euskal presoen alorrean. «Kasuz kasu» aztertzen ari da presoen hurbilketa, «lasai» eta «legeria eskuan» duela, irizpide «objektiboak» betez eta presoei «bakarkako trataera» emanez. Horrela adierazi zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak atzo, Espainiako Kongresuko Barne Batzordean eginiko agerraldi batean. Azpimarratu zuen presoak sorterritik gertuko espetxeren batean egotea ez dela «onura bat», eta agindu zuen lekualdatze gehiago iritsiko direla: «Bai, noski, egongo dira».

Grande-Marlaskak berak eskatu zuen Kongresuan azalpenak ematea, besteak beste, Espainiako Gobernuak euskal presoekiko abiatu nahi duen politika azaltzeko. Uztail hasieran ere gaiaz aritu zen Kongresuan, eta, orduko legez, atzo ere apenas sartu zen xehetasunetan. Nagusiki, ETArik gabeko aroan bestelako espetxe politika bat ezartzeko beharra argudiatzeko baliatu zuen atzoko agerraldia, orain arte gerturatutako presoei buruzko nondik norakoak ematearekin batera.

Ekainean PSOE Espainiako Gobernura heldu zenetik, bost preso Euskal Herriratu dituzte. Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo izan ziren aurrenekoak; hirugarren gradua eman zieten biei, eta Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu zituzten. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik aldenduta daude biak. Alfredo Remirez izan zen hirugarrena, Darocatik Iruñeko espetxera ekarrita. Joan den astean, berriz, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auziagatik espetxeratutako gazteak lekualdatu zituzten, Madrilgo Soto del Realetik Zaballara (Araba). Auzi berean zigortutako Adur Ramirez de Alda eta Aratz Urruzola Euskal Herriratuko dituztela ere zabaldu da, baina oraingoz ez da berririk haien inguruan. Bestalde, atzo EITB taldeak zabaldu zuen Kepa Arronategi presoa ere gerturatuko dutela, baina baieztapen ofizialik ez da horri buruz ere.

Grande-Marlaskak Sanzen eta Morenoren kasuez baino ez zuen jardun atzo. Gogorarazi zuenez, biak hirugarren graduan zeuden, bat otsailetik eta bestea apiriletik —artean, PP gobernuan zegoen—, eta «zentzuzkoa» zen preso horiek gizarteratuko diren esparruan egotea. Gainera, gogora ekarri zuen Mariano Rajoyren gobernuak bi presoak lekualdatu zituela, Madrildik Asturiasera, «eta orduan inor ez zen kexatu». Bi presoen kasuari helduta, Grande-Marlaskak azpimarratu zuen hirugarren gradua lortzeko baldintzak Espainiako Zigor Kodearen 72.6. artikuluan jasotzen direla: «Erantzukizun zibila ordaintzea, bitarteko terroristak uztea, barkamena eskatzea eta autoritateekin elkarlanean aritzea».

Zenbait datu ere azaldu zituen: 203 euskal preso lehen graduan daude, 28 bigarren graduan eta bi hirugarrenenean —Sanz eta Moreno—. Horietatik, 205 gizonak dira eta 28 emakumeak. Oroitarazi zuen euskal presoen egoeraz txosten bat eskatu zuela PPren gobernuak otsailean, eta erantsi bere ministerioak txosten hori erabiliko duela gradu aldaketak aztertzeko.

Gerturatzeei dagokienez, aurkia eta ifrentzua eman zuen ministroak. Batetik, nabarmendu zuen presoak beren ingurutik gertu egotea ez dela «onura bat», espetxe legerian onurak aipatzen direnean zigorrak murrizteari egiten zaiola erreferentzia; bestetik, ordea, PPri erantzunez, harro agertu zen udan preso gutxi gerturatu dituztelako: «Uztailetik zenbat lekualdatze egin dira? Noski, egongo dira, baina legearen, objektibotasunaren eta bakarkako irizpideen arabera».

Hitzak ez, «ekintzak»

Taldeen galderen txandan, Mikel Legarda EAJko diputatuak PPri egotzi zion ETAren aurkako jardunean «akordio guztiak apurtu» izana, eta azaldu zuen preso orori dagokiola senide eta ingurukoengandik gertu egoteko eskubidea. Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak, berriz, uste du Madrilek ez duela «borondate errealik» erakutsi presoak hurbiltzeko eta «agerian» geratu dela «hitzak eta ekintzak» ez datozela bat.

Gogor mintzatu ziren PP eta Ciudadanos. PPko Mari Mar Blancoren hitzetan, presoak gerturatzea «legezkoa» da, baina «ez derrigorrezkoa», eta PSOEri egotzi zion EAJri eta EH Bilduri mesedeak ordaintzen aritzea: «Biktimen memoria ezin da erabili bost botoren truke [EAJko diputatu kopurua]». «Independentistei eta bilduetarrei bidesaria» pagatzea egotzi zion Miguel Angel Gutierrez Ciudadanosekoak, eta eskatu ez dezala «ETA saritu hiltzeari uzteagatik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna