«Autogobernua baztertzeari» uko

Estatutua urratzearen aldeko mozioa arbuiatu egin du Jaurlaritzak; PPri egotzi dio «interes koiunturalen» arabera aritzea. PPk dio Casadok, gobernatuz gero, «leial» egingo dituela transferentziak

Iñaki Arriola, Josu Erkoreka, Beatriz Artolazabal eta Jon Darpon sailburuak, atzo, Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. BERRIA.
jon olano
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako «Senatua erabiltzeko eginiko ahalegin desleiala» salatu, eta 1979ko estatutua osorik betetzeko beharra defendatu du Eusko Jaurlaritzak. Adierazpen batean, gobernuak adierazi du senatuak otsailaren 20an onartutako mozioak «alderdien interes koiunturalei» erantzuten diela, eta ukatu egin du estatutua osorik betetzeak «estatuko herritarren arteko desberdintasunak» eragingo lituzkeela: «Hori hala dela onartzeak eredu autonomikoa eraistea eta euskal autogobernua baztertzea ekarriko luke».

Gaur zortzi, Espainiako Senatuak estatuko gobernuari eskatu zion ez diezaiola eskumen gehiagorik eman Eusko Jaurlaritzari, «erkidego batek eskumen gehiago izateak espainiarren arteko berdintasuna hausten duelako». PPk aurkeztu du mozioa, eta onartu egin zuen Senatuak—gehiengo osoa dauka PPk—. Atzo erantzun zuen Jaurlaritzak, gobernu kontseiluan adostutako adierazpen baten bidez; agiri horretan, gogorarazi du estatutua «Euskadiren artikulazio instituzionalerako oinarrizko araua» dela, eta «irmo ukatu» du eskualdatzeko dauden eskumenen zerrendak «Gernikako estatutuaren irakurketa nazionalista bati» erantzuten diotela. Izan ere, gogora ekarri du eskumen zerrenda hori Jaurlaritzak onartu zuela 2017ko irailaren 22an, eta oniritzia eman ziotela Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek, PPk izan ezik.

Aitzitik, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio jarrai dezatela lanean transferentzien egutegia gauzatzeko.

Gobernu kontseilu osteko agerraldian, Erkorekak PPri egin dio kritika, estatutuko eskumen guztiak betetzearen inguruan azaldutako jarrerarengatik: «Estatutua betetzen da, edo ez da betetzen. Baina ez dago beste interpretaziorik». PPri gogorarazi dio beste erkidego batzuek badauzkatela jada PPk Jaurlaritzaren esku utzi nahi ez dituen zenbait eskumen, eta ukatu egin du estatutuaren «irakurketa nazionalista bat» egiten dela: «Ez du oinarririk, ezta zentzurik ere». Adibide gisara, aipatu du Eusko Legebiltzarrak, PP barne, adostasun handiz onetsi zuela Jaurlaritzari dagozkion eskumenen katalogoa, eta iritzi aldaketaz galdetu dio Erkorekak PPri: «Zer gertatu da 1993aren eta 2019aren artean, PP hain nabarmen bereizteko erreserbarik eta errezelorik gabe sinatu zuen Estatutuaren irakurketa partekatutik?».

1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion 37 eskumen daude oraindik Espainiako Gobernuaren esku, eta horietatik 33 transferitzeko egutegi bat prestatu zuen Madrilek, 2020ko urtarrilera bitartekoa. Negoziaziotik kanpo utzi zituen Gizarte Segurantzari eta espetxeen kudeaketari buruzko eskumenak. Apirilaren 28an, ordea, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte, eta, beraz, ez da egutegia beteko. Agenda hori hiru bloketan bereizi zuen Pedro Sanchezen gobernuak, eta zazpi eskumen jaso zituen lehen blokean. Erkorekak azaldu du hizketan ari direla bi gobernuak, eta aste honetan zehar bidaliko duela Madrilek zazpiei buruzko dokumentazioa.

«Legaltasunez»

PPk egunotan estatutuaren aurka azaldutako jarrera sutsua ñabartu zuen atzo Amaia Fernandez PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak. Esan zuen ez duela «inolako zalantzarik» Pablo Casado PPko presidenteak «Euskadiren autogobernuan eta berezitasunetan sinesten» duela eta, gobernatzen badu, eskumenak transferituko dituela «legaltasunez eta leialtasunez». Halere, erantsi zuen ez dela «leiala» EAJk EH Bildurekin hitzartzea egungo autogobernua «eraistea, autodeterminazioa eta euskal herritarren bi maila jasota».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.