Darpon airean jarri du fiskalak

Osakidetzako oposizioen inguruan fiskalak egindako txosten irmoaren ostean, Osasun sailburuaren dimisioa eskatu du oposizioak. Erkorekak «zentzugabetzat» jo du; Darponek agerraldia dauka gaur

Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, oposizioetan salatutako iruzurrari buruz legebiltzarrean egindako agerraldi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Orain arte eutsi dio enbatari, baina fiskalaren salaketak airean jarri du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Osakidetzako oposizioetan iruzurra izan zela esateko zantzu argiak sumatu ditu Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak, BERRIAk atzo aurreratu zuenez. Azterketak prestatu zituzten mediku batzuk ikerketapean jartzeko eskatu du, baina, areago, Osakidetzako arduradun batzuen jarduna ere susmopean ipini du. Darponi begira jarri dira oposizioko taldeak, azken ardura harena delakoan: dimisioa eskatu dute, edo gobernuak postutik ken dezala. Jaurlaritzak, ordea, oraingoz ez du aukera horri buruz hitz egin nahi: dimisio eskaria «zentzugabea» dela erantzun du Josu Erkoreka bozeramaileak. Darpon bera gaur agertuko da hedabideen aurrean; Lehen Arretako Estrategia aurkezteko agerraldia du.

Fiskal nagusiak atzo aurkeztu zuen salaketa, Osakidetzako mediku espezialisten azterketa batzuetan iruzurra izan delakoan. Zehazki, 11 espezialitatetan ikusi ditu zantzuak, eta horietako hirutan pertsona zehatzak akusatu ditu: Anestesiologian, Angiologian eta Digestio Aparatuan. Beste zortzitan, ez du pertsona zehatz baten aurkako akusaziorik egin, nahiz irregulartasunak sumatu. «Epaimahaiko kideek aukera izan zuten oposiziogile batzuei mesede egiteko, eta azterketaren edukia ezagutu ahal izan zuten haiek». Osakidetzaren jokabidea jarri du zalantzan: epaimahaiak hautatzean ez zela behar bezalako «kontrolik» izan, eta ez zela irizpide «objektiborik» aplikatu. Giza Baliabideetako zuzendaria eta zuzendariordea aipatu ditu, eta Osasun Arretako zuzendaria.

Jaurlaritzak ez du oraindik hitz egin fiskalaren txostenaz; argudiatu du «ofizialki» ez duela izan edukiaren berri, hedabideen bidez soilik jaso duela informazioa. Gobernu kontseilua zuen Jaurlaritzak atzo, eta haren osteko agerraldian hitz egin zuen Erkorekak. Orain arteko ildoari eutsi zion: justiziaren bidea errespetatzen duela gobernuak, eta lankide izango duela.

PPren giltza

Argudio hori erabili du Erkorekak Darponen dimisioa baztertzeko: «Ez luke zentzurik orain. Aurkakoa». Haren esanetan, izan ere, sailburuak borondatea azaldu du «auziaren oinarriraino iristeko».

Presioa handitzen ari da, ordea. Darponen dimisioa eskatu dute berriro EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Azken koalizio horrek jakinarazi du sailburua gaitzesteko proposamena aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarrean; orain hurrena ere egin zuen eskari hori parlamentuan, abenduan, baina ez zen aurrera atera. EH Bilduk ere lehen aurkeztutako eskari bat eramango du legebiltzarrera: ikerketa batzorde bat sortzea. Abenduan bozkatu zuten proposamen hori ere, eta alboratu egin zuten. Bi koalizio horiek bat eginda daude, baina, gehiengoa lortzeko, PPren babesa behar dute, eta aurreko bozketetan ez dute lortu.

Orain ere giltzarri izango da PP, beraz. Dimisio baten truke onartu zuen abenduan ikerketa batzordea ez sortzea: Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak kargua utzi izanaren eraginez ez zuen babestu ikerketa batzordea. Fiskalaren txostenak beste egoera bat zabaldu zuela aitortu du orain PPk —«salto kualitatiboa da»—, baina ez du zehaztu nahi Darpon kargutik kentzeko baldintza jarriko duen edo ez. Iñigo Urkullu lehendakariari begiratu dio Alfonso Alonso presidenteak: «Erabaki behar du gai honekin erretzen jarraitu nahi duen eta Osakidetzak susmopean segituko duen, edo guztia amaitzea nahi duen».

Ohar horiek gorabehera, Alonsok iradoki du ez duela ikerketa batzorde baten premiarik ikusten, auzibide judiziala bidean delako. Horrenbestez, Darpon gaitzestea legoke airean, dimisiorik ez balego PPk zer egingo lukeen. Gogoan izatekoa da hauteskunde giroan bete-betean murgilduko direla alderdiak datozen asteetan.

Eusko Jaurlaritzako bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, komunikabideen aurrean babestu egin dute Darpon sailburuaren jarduna. Nabarmendu dute eginahalean ari dela oposizioetan salatutako irregulartasunak ikertzeko, eta Darponek berak duela kasua argitzeko «interesik handiena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.