Berlingo Harresia (1989-2014). Ekialde pobretuan

'Gorliwood': kapitalismora, atzeko eskaileratik

Alemaniako hiri txiroenak estropezuka igaro ditu Berlingo Harresia jausi eta lehenbiziko hogeita bost urteak. 'Grand Hotel Budapest' pelikula filmatzeko erabili zen eraikin zaharra luxuzko saltoki bilakatuta, behingoz Mendebaldera salto egin gura du.
1
1 DANEL AGIRRE / EZEZAGUNA

Danel Agirre -

2014ko azaroak 2
Goerlitzek badu etxeko berogailua ordaintzeko sosik izan ez baina janzki dotore, bitxi bikain eta makillaje deigarriarekin kalera irteten den noble parearen lepo tente hori. Pobrea, bai, baina txoko itsusirik badu, maisuki ezkutatzen dio bisitariari.

Hiriko 54.000 biztanleek lau mila eraikin historiko dituzte beren artean banatzeko. Errenkadan daude guztiak: Errenazimentu garaikoak, barrokoak edo art nouveau estilokoak, atari zabaleko museo bat balira bezala. Gehiegi dira, beharbada, Goerlitzentzat, bi Alemaniak batu zirenetik populazio erdia galdu duen hiriarentzat. Ehun bat etxe aurre egoera tamalgarrian daude; Berlingo Harresia jausi ondoren porrot egindako negozio eta lantegienak dira gehienak.

«Hementxe zegoen zinema eta ez hor; hemen!». Tren geltokitik Berliner Strassen beherako bidea astiro paseatuz doa Nele Hartmann (68 urte), senarra eta ahizpa lagun. Hiriburutik jaioterrirako bidea egin dute zapatu goizez, ilobaren alaba jaioberria ezagutzeko irrikaz. 70eko hamarkadan aldatu ziren hirurak Alemaniako Errepublika Demokratikoko hiri handienetara: Berlinera bikotea, Dresdenera ahizpa. Nekez egiten dute egun Goerlitzeko txangoa: «trena oso mantsoa da, eta guk ez dugu autorik». Azkenekoz, duela zortzi urte izan ziren bertan. Zinema non zegoen erabakitzeko ados jarri ez badira, are zailago egiten zaie haurtzaroko kale bazterren bilakaera gustuko duten ala ez deliberatzea. «Garbi dago guztia, garai batean baino askoz garbiago; kolore politekin margotu dituzte hormak; baina non dago jendea?», galdegin du Hartmannek.

Industriaren exodoa

Goerlitz eta eskualdea ezagunak ziren milaka behargini lan ematen zieten makineria lantegiengatik. Alemania batu eta merke asko erosi zituzten fabrikok Mendebaldeko erraldoiek. Produktibitate apala aitzakia, azkar desmuntatu zituzten, eta lanpostua mantendu nahi zutenei alde egitera behartu. Neguko arropa ekoizten duen multinazional estatubatuar batek, Saxoniako gobernuaren diru laguntzen gose, lanpostu gutxi batzuk sortu zituen joan zen hamarkadaren hasieran. Laster asko hanka egin zuen, ordea, hark ere, kilometro batzuk ekialdera mugituz gero antzeko abantailak izateaz gain soldata are baxuagoak ordaindu zitzakeenaz jabetuta.

2013az geroztik, Goerlitz prusiarra da ofizialki Alemaniako hiririk txiroena: bizilagun bakoitzak 14.000 euroko inguruko diru sarrerak ditu, batez beste. Hanburgon, Munichen eta Stuttgarten ia horren halako bi jasotzen dute.

Bai Goerlitz, bai iaz arte sailkapen malerusean azkenputz izan ohi zen Halle eta bai sotoan dauden beste izen guztiak DDR izanikoan zeuden. «Mendebaldeko politikariek uste zuten diruarekin etorri, guztia erosi eta arazoak bakarrik konponduko zirela. Lehen zegoen guztia itxi eta denda piloa ipini, bai, baina ezer gutxi eraiki dute bertakoek lan egin dezaten», dio Hartmannek.

H&M bai, baina Zara falta

Oraino zabalik ez dagoen saltoki batek aztoratu ditu, ordea, azkenaldian bazterrak. Goerlitzer Warenhaus XX. mende hasierako art nouveau estiloaren eredu bikaina da. Merkataritza gune izateari 2010ean utzi zion, baina modu ezohikoan berreskuratu du kuxkuxeroen arreta. Wes Anderson zuzendariak Grand Hotel Budapest pelikulako set-a bere saloi dotoreetan paratu zuen joan zen urtean. Saxoniako bazter hau gutxi aldatu da azkenaldian, eta zinemagileen agertoki kuttun da egun. Quentin Tarantinok ere erabaki zuen Goerlitzek Parisen antz handiagoa zuela Parisek berak baino, eta pare bat kale harago filmatu zituen Inglourious basterds arrakastatsuaren eszena batzuk.

Gorliwood-ek supituki pilatutako ospea dela medio, Warenhaus zaharrera luxuzko markak erakarri nahi ditu Winfried Stoecker inbestitzaileak. Larunbatetan ere zabalduta dago bulegotxoa, areto bat alokatu nahi dutenen eskariak kudeatzeko. Eraikinaren barrualdearen argazkia ateratzeko baimena eskatuta, irribarre jostalaria egin dute Lea Hahnek (22 urte) eta haren lankideak, atzeko ate txiki bat zabaltzen zuten bitartean.

Saltokia datorren urterako pronto egongo den itxaropena du Hanhnek: «Egun Poloniako eta Txekiar Errepublikako erosle asko Dresdenera doaz». Bi mugetatik Goerlitz baino urrunago dago, ordea, Dresden, eta multinazional gehiago limurtuz gero, Warenhausek uste du arrakasta izan dezakeela: «H&M badugu Berliner Strassen, baina aukera zabalagoa behar dugu. Oraingoz ez dut ezer entzun, baina Zara bat bertatik bertara edukitzea irrikatzen dut», eskatu du Hahnek. «Jaaaa, Zara ist sooo geil!» («Bai, Zara oso guai da!»), lankidearen oihartzuna .

Historiaren aro luzeetan, Polonia eta Txekiar Errepublikako atal batzuekin batera, Silesia osatutakoa da Goerlitz. Egun, oinez zubi bat zeharkatzea nahikoa da Zgorzelec hiri biki poloniarra zapaltzeko. 2004az geroztik, ez dago inongo agiririk eraman beharrik sakelan mugaz bestalde osteratxoa egiteko. Azken hiruzpalau urteotan, alboko bi estatuetan bizi-maila (eta batez ere inflazioa) altxatzeak Ekialdeko Alemaniako eskualde batzuetako karrikak biziberritu ditu. Goerlitzen, arropa denda gehienek ikur elebidunak dituzte, auzotar poloniarrei sorosteko. Salbuespenak ere badira: txekiarrez ahaztu ez eta ikur hirueledunak dituztenak.

Etxebizitza merkatuan ere erosle atzerritarrak harrapaka sartu dira. Izan ere, eraikin huts andanak prezioak oso maila apalean mantentzen ditu. Maklerburo Jany etxe agentziaren katalogoan eskaintza zabala dute 50 mila euroren azpitik. Berliner Strassen apropos kokatutako 144 metro karratuko etxebizitza zaharberrituak 95 mila balio du.

Historiaz, ahapeka

Kale horretantxe, asteburuko erosketak egitera datozenen zain, erakusleihoen parean organo biraderadunari eragiten ari da Luca Seidel (26 urte). Ekialdeko Alemania gogor jo zuen modaren ondorioz, izen italiarra du, haren belaunaldikoak eta zaharxeagoak diren hainbatek bezala. «Bost kanta berri sartu dizkiot organoari», zehaztu dio agurtzera etorri den pareko okindegiko emakumeari. «Gaur ere Berlingoen eta beste guztien dirua zuk eramango duzu, bada», jaso duen erantzuna.

Historia lizentziaduna da Seidel, eta irakasle izateko prestatzen ari da. Karrikak girotzea afizio du, ofizio bainoago. Berlingo Harresia erori baino hilabete batzuk lehenago jaio zen, baina ekialdearen eta mendebaldearen hizka-mizka bere horretan uztearen aldekoa da. «Izan gintezke poloniar, txekiar... Horrela begiratuta, Alemaniak aukerarik onena dirudi guretzat, egitura politikoa dena dela ere», azaldu du ziztu batean Seidelek. Bisitari taldetxo bat H&M-ko atetik irten berri da, eta biradera eragitearekin batera kantu tradizionala ahots lodiz abesten hasi da.

Historiari buruzko azalpenak ia ahopean ematen ditu. «Gazteek ez dute lehengoan pentsatzen; egungo bizimoduan bete-betean bizi dira, Goerlitzen egoera Alemaniako beste eskualdeetan baino okerragoa bada ere», xehatu du. «Baina hegoalde eta iparraldearen artekoa izan da beti benetako desberdintasun kulturala Alemanian, ez ekialde eta mendebaldearen artekoa», azaldu du Seidelek. «Silesia izan ginen, baita Prusia ere. Alemanian bazterrean egotea tokatzen zaigu, baina bazter hau gustatzen zait niri gehien». Hegoaldeko alemanak gogoko ote dituen galdetuta, isildu egin da une batez. Ezer esan gabe, biraderari bueltaka hasi da berriz. H&M-tik hirukote bat atera da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna