Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea

Olatu bat etorkizunera

Kataluniako prozesuari buruz aritzean, sarri nabarmendu ohi da agintari politikoen inplikazioa. Bidea zabaldu duena, ordea, azken hamarkadotako mugimendu independentista izan da.
1
1 - / EZEZAGUNA

Samara Velte, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 9
Alderdi nagusietako buruzagiak ari daitezke gurditik tiraka, baina jende uholde bat dute atzetik bultzaka. Horrek bihurtzen du, beharbada, Kataluniako prozesu independentista horren sendo: herritarrek aurrea hartu diote klase politikoari, eta obeditzera behartu dute hura.

Carles Castellanos independentista historikoaren ustez (Bartzelona, 1942), okerra litzateke pentsatzea azken urteotan piztu den fenomenoa dela: urteetan gogortutako orea da. Berak 1970eko hamarkadaren amaieran kokatzen du gaur egungo independentismo katalanaren sorrera, frankismotik monarkia parlamentariorako trantsizioan. Orduan sortu zen PSAN, Herrialde Katalanen Nazio Askapenerako Alderdi Sozialista. «Aurretik baziren ezker muturra biltzen zuten alderdi batzuk, erbestean batez ere; baina ez ziren independentista deklaratuak».

Mugimendu berriak ez zuen sinesten «trantsizio» gisa saldu zioten hartan: frankismoko pribilegioak mantentzeko amarrutzat jotzen zuen. Autonomia erkidegoen Espainia berri hura diktaduratik sortutako egituretan eraikita zegoela aldarrikatzen zuen, eta Convergencia eta Unioko zuzendaritzen katalanismo «immobilista» eta «kontserbadorea» gaitzesten zuen.

«Garai hartan, autonomismoa oso tradizionala zen», ekarri du gogora Castellanosek: «Montserrateko Ama Birjinaz gogoratzen zen, baina ez zituen kontuan hartzen kulturaren arlo garrantzitsuenak. Jordi Pujol eta enparauek harrera ona zeukaten burgesia katolikoaren aldetik, baina auzo arruntetan ez zituzten asko maite».

Gaur egun, zenbait alderdi independentistak oraindik badarabilte trantsizioko argudioa, esate baterako, CUPek, Independencia i anem més enllà iragarkian (Independentzia eta harago goaz). «1978an jaio nintzen», dio iragarkiko neskak: «Espainiako Konstituzioa erreferendum bidez onartu zuten urtean. Bistan denez, nik ezin izan nuen bozkatu. Are gehiago: gaur egun 57 urte baino gehiago dituztenek bakarrik eman ahal izan zuten botoa, eta, haien artean, %40k ez zuten alde bozkatu. Horrek esan nahi du gaur egungo biztanleen %15ek soilik onartu zutela konstituzioa; eta Espainiako Gobernuak sakratu bihurtzen du hura, guri bozkatzea eragozteko».

Euskal Herria erreferente

1980ko hamarkadako mugimendu independentista sektore moderatuetatik aldendu zen, eta forma erradikalagoak hartu zituen. PSANetik hainbat talde banatu ziren —MDT Lurraren Defentsarako Mugimendua, adibidez—, eta Terra Lliure talde armatua sortu zen. Euskal Herriari asko begiratzen ziotela azaldu du Castellanosek, «beharbada gehiegi»: «Terra Lliure ez da ETArekin konpara litekeen fenomeno bat, baina ez zen hain bazterrekoa ere. Mobilizatutako herritarren artean, bazen erreferentea; manifestazioetan 10.000 lagun ere izaten ginen».

Garai hartako mugimenduek bi helburu nagusi zituzten: gizartean oinarria finkatzea, eta aurkariaren ezaugarriak zehaztea. Ideologikoki apurtu beharra zegoen autonomia erkidegoak defendatzen zituen katalanismo kontserbadorearekin. Jordi Pujolen patriotismoa, izan ere, oso ondo ezkontzen zen Madrildik diseinatutako erregionalismo espainolarekin, eta ez zien inolako nazio ikuspegirik eskaintzen katalanei: «Immobilismo soziala zuen oinarri. Uste eta aurreiritzietatik abiatzen zen, sarritan tradizio erlijiosoari lotuta, eta sektore boteretsuenen mesedetako bake soziala aldarrikatzen zuen».

Mugimendu independentistak haustura ideologikoa bilatu zuen, eta diskurtso marxistari heldu zion. «Horrek balio izan zion modu objektiboagoan bereizteko zeintzuk ziren bere etsaiak, ikuspegi sozial batetik». Gaur egun, katalanismo ezkertiarrak oraindik defendatzen du bera ez dela pujolismoaren oinordekoa, biktima baizik.

Apurka, gizarte sare zabal bat eratu zen mugimendu independentista horien inguruan; besteak beste, harreman handia zeukatelako ikasle mugimenduekin, sindikatuekin, ekologistekin eta feministekin. Castellanosen ustez, ezinezkoa da gaur egungo mobilizazioak ulertzea orduko tradizioa kontuan hartu gabe: «1980ko hamarkadan, CDCko edo PSCko familietako seme-alabak independentismora gerturatzen hasi ziren, eta gaur egungoa horren adierazpena da. Garai hartan bazegoen azpiko mugimendu bat, baina oraindik ez zegoen politikoki mobilizatuta, hura osatzen zutenak oso gazteak zirelako. Baina presio independentista horrengatik ez balitz, esaterako, alderdiak ez ziratekeen behartuta egongo 2005ean Estatutua erreformatzera».

1990eko hamarkadarako, mugimendu horiek maila instituzionalera eramateko beharra nabarmentzen hasi ziren hainbat sektore. Errepresio handiko garaiak ziren: Bartzelona 92ko Olinpiar Jokoen atarian zegoela, independentisten aurkako sarekada agindu zuen Baltasar Garzon epaileak. Bi astean 45 lagun atxilotu zituzten, eta haietatik erdiek torturak salatu zituzten. 1995ean, Terra Lliurek amaitutzat jo zituen bere ekintzak. «Ez genuen baztertzen berriz hastea, baina, garai hartan, erakundea bere aukeren mugara heldu zela erabaki genuen».

Nazioarteko egoera ere konplikatuagoa zen: Baltikoko herrialdeetan eta Balkanetan ere abian ziren independentzia prozesuak, eta beste gisa bateko talde armatuak sortzen ari ziren; besteak beste, islamistak. «Borroka armatuaren ezaugarrietako bat haren aspirazio politikoa da, eta zaila zen Terra Lliurerentzat horri eustea eta bere alde erabiltzea».

Independentisten sektore erreformista ERCn sartu zen, eta erradikalagoa CUPen inguruan bildu zen. «Hori guztia Espainiak ez zuen ikusi», dio Castellanosek: «Uste zuen 92an akabatu zuela independentismoa, eta ez zen ohartu hark utzitako aztarna luzeaz».

Lehenbiziko pitzadurak

Independentismo instituzionalaren aldarrikapenak kalekoarenak baino nabarmen apalagoak ziren. Autonomiaren bidetik aurrera egitea bihurtu zen talde nagusien helburu: hizkuntza politika eta, batez ere, zerga sistema hobea bermatzeko Estatutu berri bat eskatzen hasi ziren.

2003an PSCk, ERCk eta ICV-EUiAk hiruko gobernua osatu zuten. «CiUren hegemonia erabatekoa deseraiki zuen horrek, eta ordura arteko oreka sozialbergentea [CDCren eta PSCren artekoa] hautsi zuen lehenbiziko aldiz».

Konpromiso batek elkartzen zituen hiru alderdiak: estatutua erreformatzea. Horretarako proposamena 2005eko irailaren 30ean onartu zuen Kataluniako Parlamentuak: CiU, PSC, ERC eta ICVko diputatuek bozkatu zuten alde; PPkoek, aurka. Espainiatik presio handia egin zuten agiri haren aurka, eta handik lau hilabetera Artur Masekin bildu zen Jose Luis Rodriguez Zapatero, orduan Espainiako presidente zena. Estatutuaren erreforma leuntzea adostu zuten, besteak beste, «nazio» terminoa hitzaurrean sartuta —eta ez lehen artikuluan—. Horrek liskarra eragin zuen Kataluniako Parlamentuan, eta ERCk babesa kendu zion agiriari.

2006ko otsailean manifestazio jendetsua egin zuten Bartzelonan Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu lelopean. Castellanosen ustez, ordura arte pilatutako babes gero eta zabalagoaren lehenbiziko adierazpena izan zen hura. «Lelo hark ez zeukan CiUren babesa, ezta PSCrena ere. Eta, hala ere, egin zuten. Une hartan, mugimendu independentistak deialdi masiboak egiteko gaitasuna lortu zuen». Horren ondotik heldu ziren 2010eko manifestazioa —Konstituzio Auzitegiak are gehiago urardotu zuenean 2006ko Estatutua—, eta hurrengo urteetako Diada jendetsuak.

Krisi ekonomikoarekin, sektore gehiagotara heldu da independentismoa. «Akaso burgesia txikiak gehiago sufritu ditu Espainiako Gobernuaren neurriak, soldatapeko klaseak baino. Familia askok negozioa itxi behar izan dute, eta txakur txikirik gabe geratu dira».

2009an independentziari buruzko galdeketak egiten hasi ziren hainbat herri, Arenys de Muntetik hasita. «Askok lehenbiziko aldiz galdetu zioten euren buruari zer pentsatzen ote zuten independentziaz».

Garai hartan sortu zen ofizialki ANC Biltzar Nazional Katalana, eta herri mugimenduek heldu zioten lemari. 2012ko Diadan ordura arteko manifestazio handiena egin zuten Katalunia, estatu berria Europan leloarekin; Masek galdutzat jo zuen Madrilekin itun fiskala negoziatzeko aukera, eta hauteskundeak aurreratu zituen. Bozetan, Diadako leloa babestu zuten alderdiek pilatu zituzten boto gehien; CiUk ez zuen gehiengo osorik lortu, eta ERCrekin aliatu behar izan zuen.

Ordutik, jarrerak argitzen eta gertakizunak bizkortzen hasi ziren. Autonomismoa defendatu ohi zuten alderdi batzuk (CDC, adibidez), estatu propioaren aldeko bandoan lerratu ziren, aldarrikapen lausoekin bada ere. «Estatu propioa» independentea izan litekeela edo ez, hori defendatzen zuten Unio eta ICVko sektore batzuek. Lausotasun horri esker, dena den, gehiengo parlamentario zabalak lortu ahal izan zituzten. Horrela zehaztu zituzten galdeketaren formulazioa eta eguna: 2014ko azaroaren 9a.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna