Joseba Azkarraga. Sare plataformako eleduna

«Alderdi politikoen akordiorako agendan egon behar du presoen auziak»

Euskal presoei eragiten dien sakabanaketa politikari aurre egiteko aldarria eramango dute Sare eta Bagoaz herri ekinaldiek Bilboko eta Baionako kaleetara urtarrilaren 9an. Azkarragak gizartearen inplikazioa eskatu du presoen auzia konpontzeko.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Presoen eskubideen errespetuari dagokionez «momentu txarrenetako batean» gaudela uste du Joseba Azkarraga (Agurain, Araba, 1950) Sare plataformako bozeramaileak. Egoerari konponbidea bilatzeko asmoz, kale mobilizazioekin batera, Europako erakunde politiko eta juridikoetara jotzeko lanean ari da Sare.

Hogeita zazpi urte dira sakabanaketa politika euskal presoei ezartzen hasi zitzaienetik. Zer garaitan gaude orain?

Duela lau urte baino egoera okerragoan, sakabanaketa politikari dagokionez, presoen eskubideen errespetuari dagokionez eta baita iheslari eta deportatuen egoerari dagokionez ere. ETAk bere indarkeria jarduerari amaiera eman eta lau urtera ere berdin jarraitzen dugu, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Espainiako Gobernuak eta justiziak euskal presoen eta senideen aurkako mendekuan eta gorrotoan oinarritutako politikari eusten diote. Beraz, alde horretatik garairik txarrenetako batean gaudela esango nuke.

Hamahiru euskal preso larri gaixo daude. Muturrekoa da haien egoera, ezta?

Larri gaixo dauden presoen artean gaixotasun terminalak dituztenak daude, eta, beraz, kartzelan hiltzeko arrisku handia dute. Eri dauden beste presoek kartzelatik kanpo artatuak izan beharko lukete, ez duelako zentzurik espetxean mantentzeak egun jasotzen ari diren tratamenduekin. Kasu horien artean dago Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso arabarra. Abuztuan atera behar zuen, zigorra erabat beteta, baina espetxean jarraituko du ez diotelako zenbatu Frantzian egindako espetxealdia. 102. artikulua aplikatu dadin ari gara eskatzen. Hain justu ere, Galindori, Verari eta estatu terrorismoa erabili zuten beste hainbati aplikatu zaien artikulu berbera. Horrek islatzen du justiziak ez duela berdin jokatzen preso guztiekin.

Euskal presoei eta haien senideei eskubideak etengabe urratzen ari zaizkie. Euskal gizartearen erantzuna nahikoa al da?

Ez, inondik ere. Nahikoa izango balitz, ez genuke urtarrileko mobilizazioa antolatuko, ezta beste egitasmo batzuk ere. Euskal gizartearen zati batek ez du ongi ikusten euskal presoekin gertatzen ari dena eta urrunketa politiken aurka dago, zigor erantsia delako. Ordea, gizartearen beste zati bat lokartuta dago, ETAk duela lau urte hartutako erabakiak arazoari amaiera eman diola uste duelako. Baina guk uste dugu gatazkaren konponbidea etorriko dela gatazkaren ondorioei ere soluzioa ematen zaienean, alegia, espetxean dauden 470 presoen egoera konpontzen denean. Preso horiek existitzen diren bitartean, gatazkak bere hartan iraungo du.

Gisa honetako mugimenduen erabilera politikoa kritikatzen dute askok presoen auzian ez engaiatzeko. Oraindik mesfidantzak nabari dituzu sektore jakin batzuetan?

Bereziki aipagarria da hainbat euskal erakunderen jarrera, esaten dutenean presoek uko egiten diotela espetxe politikak ezarritako bideak onartzeari. Hori gezurra da. Bide hori jorratu dute, eta Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskaera indibidualak egin dituzte. EPPK-k zehaztutako bide orria betetzen ari dira. Beraz, kontrakoa esaten dutenak euskal gizartea engainatzen ari dira, eta hori salatu beharrean gaude.

Instituzioen eta alderdien erantzuna egoerak eskatzen duen mailan dago?

Ez. Alderdiek konfrontazioaren agendan daukate presoekin, iheslariekin eta deportatuekin zerikusia duen guztia. Guk eskatzen dieguna da konfrontaziorako elementu gisa erabiltzeari utzi eta akordiorako agendan sartzea. Giza eskubideak ezin dira izan liskarrerako elementu bat, akordioetarako elementu bat baizik. Ez da abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko eztabaida bat; pertsona guztien giza eskubideen errespetuaz ari gara, baita delitu larriak egin dituztenen eskubideez ere.

Eusko Jaurlaritzak nahikoa pauso eman al ditu?

Urrats batzuk egin ditu, eta horietako batzuk positiboak dira, baina arazo nagusia da planteatzen dituen pauso asko emateko eskumenik ez duela. Presoei hainbat urrats egitea eskatzen diete, baina urrats horien ondoren ezin dute ezer gehiago egin, espetxe eskumena Espainiaren esku dagoelako. Ezin du halako neurririk planteatu, aurrera eramateko nahikoa baliabide ez baditu. Jaurlaritzak ETAri eta presoei eskaerak etengabe egiteaz gainera, behin eta berriz egin behar dizkio eskaerak Espainiako Gobernuari, egun mendekuan eta gorrotoan oinarritutako politika indarrean baitu. ETAri pausoak eskatu behar zaizkio, dudarik gabe, baina beste aldeari ere bai, behintzat pauso bat eman dezan.

Duela urte eta erdi sortu zen Sare. Ordutik zein izan da ibilbidea?

Gero eta babes eta parte hartze handiagoa ari gara sumatzen herrietan eta auzoetan. Gure estrategiaren gakoa olio orban bat sortzea izan da, gero eta jende gehiagoren engaiamendua lortzeko. Urte eta erdi honetan aurrerapauso izugarria eman dugu, eta milaka lagun ari dira aktiboki parte hartzen herritarren sarean. Hasieran genituen aurreikuspenak aise bete dira.

Nola ari zarete josten herritarren sare hori?

Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Badira gai honek zauri eta liskarrak eragin dituen herri asko, eta gure asmoa da herri horietan ikuspuntu desberdin batekin begiratzea presoen auzia. Saiatzen ari gara herri askotan biolentziaren inguruan egon den konfrontaziotik lankidetza eremu batera igarotzen eta iraganean aurrez aurre egon diren pertsonen artean elkarguneak sortzen. Herri askotan, presoen aldeko pankarten atzean daude orain arte pankartaren aurrealdean egon direnak. Gatazkaren ondorioei konponbidea ematea lan nekeza da, baina lortzen ari gara. Urtarrileko manifestazioak ere hori islatuko du. Pankartaren atzean egongo diren batzuk ez dira sekula egon halako mobilizazioetan, duela gutxi arte ez zutelako presoen auzia giza eskubideen ikuspuntutik ulertzen. Hori da Saren egiten ari garena.

Euskal presoen aldeko mugimenduan zatiketak sortu dira. Eragin al du zuen lanean?

Halako zatiketak ez dira lagungarriak, baina gure asmoa da argi uztea gure arerioak ez direla euskal presoak defenditzen dituztenak, nahiz eta bestelako estrategia batzuk erabili; gure etsaiak Espainiako Gobernua eta Espainiako justizia dira. Guk errespetatzen dugu norberak aukeratzen duen estrategia, nahiz eta planteamendu batzuekin ez dugun bat egiten. Amnistia hitzaren gatibu izan behar dugu, gizartearen zati handi baten babesik ez badu? Ala helburu bera lortzeko preso guztientzat legediaren aplikazioa eskatzea lehenetsi behar dugu? Bi estrategia zeharo desberdinez ari gara. Konparazio bat egiteko: Txindoki edo Gorbeiara igotzeko bi modu daude; bide zuzena hartu dezakezu, baina akaso ez zara tontorrera iritsiko, edo bide luzeagoa aukeratu dezakezu, gailurrera iritsiko zarela bermatuta.

Presoenganako elkartasuna kriminalizatzeko saio ugari izan dira azken boladan. Auzitegi Nazionalak Sareren jarduera ikertzeari ekin zion uda aurretik. Zein ondorio du zuen lanean?

Sare kriminalizatzeko helburu argia dago, etengabe. Joan den urteko manifestazioaren ostean gertatutakoa horren isla da: bildutako dirua lapurtu ziguten, eta Sareren aurkako dilijentziak ireki ziren. Ez dakigu zer gertatuko den Sarerekin datozen hilabeteetan, baina Herrira-rekin egin dutena errepikatzeko asmoa badute, beste batzuek jarraituko dute gure lanarekin. Uste dut euskal gizartea gero eta engaiatuago dagoela gatazkaren konponbidearekin.

Zertan da Sareren aurkako prozedura?

Ez dugu berririk. Auzibidea aurrera doa, eta mobilizazioaren gastuei aurre egiteko lapurtu ziguten dirua ez dugu berreskuratuko. Sare itotzen saiatzen ari dira baliabide guztiak erabiliz, ekonomikoki zein kriminalizazioaren bidetik. Guk argi esaten dugu elkartasuna ez dela delitua; Espainiako Gobernuak legea ez betetzea, ordea, bai.

Europara jotzeko asmoa duzue presoen egoera salatzeko. Zertan da ekinbidea?

Ikasmirak EHUko taldearekin elkarlanean ari gara, espetxe politikaren eta euskal presoen egoeraren inguruko dokumentu bat prestatzeko. Txostena ikuspegi ideologiko askotariko jurista talde baten esku utzi dugu, euren ekarpenak egin ditzaten. Besteak beste, Iñaki Lasagabaster, Nazario Oleaga, Jose Angel Cuerda, Juan Porres eta Jose Antonio Martin Pallinek egindako ekarpenekindokumentu oso interesgarria osatu da. Dokumentua urtarrilerako bukatuta egongo da, eta Europako Parlamentuko hainbat talderen laguntzarekin —EAJ, IU, EH Bildu eta Podemosekin, besteak beste—, Europako erakundeetara iritsi nahi dugu Espainiako Gobernuaren espetxe politika juridikoki salatzeko. Europako Batzordera, Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegira, Europako Parlamentura eta Europako hainbat juristarengana iritsi nahi dugu. Lan hori ez du Sarek egingo, jurista horiek baizik, salaketa juridikoa egin nahi dugulako.

Espainian bide guztiak agortuta daudelako joko duzue Europara?

Nik neuk ez dut sekula konfiantzarik izan Espainiako justizian, Barne Ministerioaren aginduetara dagoelako. Euskal presoen kolektiboak egiten dituen eskaera guztien aurkako erabakiak sistematikoki hartzen direnean, prebarikazio delitu baten aurrean gaude. Hori da Europan salatu nahi duguna. Orain arte Espainian egin izan dugu salaketa hori, baina bada garaia beste pauso bat emateko.

Itxaropena Europan jarria duzue, beraz?

Bai, Europak eman izan dituelako hainbat ebazpen itxaropentsu. Nahiz eta egia den helegite bat aurkezten denetik erabaki bat hartzen den arte urteak pasatzen direla, eta tarte horretan Espainiako Gobernuak mendekua erabiltzen duela presoen kolektiboaren aurka.

Aurten Bagoaz ekinaldiarekin batera elkarlanean ari da Sare. Nolakoa da lankidetza hori?

Elkarlana aspaldikoa da, baina lehen emaitza urtarrileko manifestazio deialdiak dira. Bagoaz Iparraldeko mugimendu garrantzitsu bat da, eta Frantziako estatuko alderdi politiko gehienek egin dute bat ekinaldiarekin, Le Penen alderdiak salbu. Aniztasun handiko eragile politikoak izanagatik, bat egin dute urtarrilaren 9an Baionan manifestazioa antolatzeko. Sarerentzat bultzada bat da Hegoaldean ere askotariko indarrak inplika daitezen.

Zergatik Iparraldean posible dena ez da posible Hegoaldean?

Indar politikoei galdetu beharko litzaieke; nik ez dut erantzunik. Gizarte zibila da mobilizatu behar dena, kalera atera behar dena. Baina kaleko mobilizazio horrek isla izan behar du instantzia politikoetan, egunen batean haiek hartu beharko dutelako gaiaren ardura eta presoen urrunketari eta salbuespen legediari konponbidea eman. Horretan egin behar dute indarra, legea aplikatuz gero 6-8 urteko epean preso guztiak aske gera baitaitezke.

Mugi daitezen harriak goiburu hartuta, manifestazio bana antolatu duzue urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan, sakabanaketa eta salbuespen legeak amaitzeko. Zein babes lortu duzue?

Jasotako babesak hurrengo egunetan jakinaraziko ditugu jendaurrean. Manifestazioen helburu nagusia da euskal gizarteari oroitaraztea gatazka konpondu gabe dagoela oraindik eta gizartearen inplikazioa beharrezkoa dela konponbidea lortzeko. Soluzioa etorriko da gatazkaren ondorioak konponduz; besteak beste, 470 presoen auzia konponduz. Gatazka politiko guztietan mahai gainean egon da presoen auzia, eta hemen ere egon behar du. Erakunde eta alderdiei exijitu behar diegu euren agendetan eta negoziazioetan sar dezaten.

Presoen alde urtero egiten da manifestazio bat. Dinamika bera urtero errepikatzeak ez al du arriskurik?

Urtero manifestazio bat egitera mugatuko bagina, bai, baina Sarek bestelako ekinaldi batzuk egingo ditu aurten. Hor dago Europa, esaterako. Urteko 365 egunetan egon behar dira ekinbideak, gizartea inplikatuta sentitu dadin.

Duela bi urte Bilboko manifestazioaren debekuari emandako erantzun bateratua ikusteko aukera izango dugu berriro?

Debeku horrek indar politikoak batzea lortu zuen; itxaropentsua izan zen. Espero dugu beste debekurik ez egotea, baina nahiko genuke alderdi politikoek presoen gaia akordioen agendara pasatzea eta elkargune bilakatzea. Sarek ez die esango nola egin behar duten, egin behar dutela baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.