2015eko ekainaren 20an egingo du Gure Esku Dagok ekitaldi nagusia

Orain, giza katean sortutako sare herritarra indartzea izango da plataformaren lehentasuna
Gasteizko Mendizabala institutuan egin zuen urteko batzar orokorra erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak.
Gasteizko Mendizabala institutuan egin zuen urteko batzar orokorra erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Ivan Santamaria -

2014ko irailak 28
Eguna jarrita dago. 2015. urteko ekainaren 20an erabakitzeko eskubidearen aldarria ozen entzun dadin saiatuko da Gure Esku Dago. Aurten, Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate jendetsuaren ondoren, urte politiko berriko ekitaldi nagusiaren diseinuan lehen urratsak egin ditu plataformak. Noiz izango den ezarri da, bai eta nolakoa izango den ere: herrialdez herrialdeko ekitaldi «erraldoiak» sustatuko dituzte.

Gure Esku Dagok aurrera begira egingo duen ibilbidea erabakitzeko asmoz, batzar orokorra egin zuten atzo Gasteizen. Lan egutegia ezartzeaz gain, dinamikaren bidea eta barne antolakuntza eztabaidatu zituzten Euskal Herri osotik iritsitako 175 ordezkarik.

Heldu den urtekoa ez da izango Gure Esku Dagoren deialdi bakarra. Datorren azaroaren 8an, Kataluniako galdeketaren bezperan, mosaiko handia egingo du plataformak Donostiako Zurriolan. Eskoziako erreferenduma igaro ondoren, eta, Katalunian gertatzen ari denari erreparatuta, Euskal Herriak ere erabakitzeko eskubidea behar duela esateko eskua altxatzen duela irudikatuko dute ekitaldiarekin.

Giza katearen ondoren, tokian tokiko batzarrek hausnarketak eta proposamenak egin dituzte udaren joanean. Horiek oinarri hartuta, idazkaritzak proposamen zehatza helarazi zien. Herrialdeko batzarretan eztabaidatu ondoren, proposamen hori hogei ebazpenetan bildu zuten, eta atzo bozkatu zituen batzar orokorrak.

Egindako proposamen guztiak aurrera atera ziren, bakarra izan ezik. Horretan, bazkide (kuota ordainduta) eta laguntzaile (kuota ordaindu gabe) figurak sortzea proposatzen zen. Boto zuriek baiezkoak eta ezezkoak gainditu zituzten bozketan, eta, horren ondorioz, aukera hori baztertu da.

Sarea indartuz

Joan den ekainaren 8ko giza kateari esker erabakitzeko eskubidearen aldeko sare herritarra sortu dela uste dute dinamikako partaideek. Behin sarea ehuntzen hasita, hurrengo erronka hura indartzea izango da. «Sare horren bidez adostasunak lortu ahalko ditugula iruditzen zaigu, eta horrek zabalduko digu erabakitzeko eskubidearen ariketa egiteko bidea», Zelai Nikolas Gure Esku Dagoko kidearen arabera.

Batzar orokorrak, halaber, dinamikaren ildo orokorra ezarrita utzi du. Euskal Herriaren estatus juridiko eta politikoari buruz erabakitzeko eskubidea izatea bultzatuko du Gure Esku Dagok, erabakimenaren bestelako esparruak alde batera utzita. «Ia egunero erabaki behar dela badakigu, eta hainbat arlotan, baina esparru askotan badira beste eragile batzuk Euskal Herrian, eta, akaso, hutsunea hor zegoen», argitu du Nikolasek

Hala, erabakitzeko eskubidearen oinarri demokratikoa landuko du dinamikak, «norberak izan dezakeen nazio edo identitate sentimendutik harago». Ideia horri jarraituz, hiru fase izango dituen bidea ere ezarri du. Aldarrikapena ehuntzea eta gizarteratzea litzateke lehenbizikoa. Ondoren, erabakitzeko eskubidearen edukia adostea da helburua. Hau da, nolako galderak egin behar diren, edo noiz. Azken urratsa eskubide hori gauzatzea litzateke.

Erabakitzeko eskubide horrek izan dezakeen tokian tokiko gauzatzeari buruz ere erabakiak hartu ditu plataformak. Herri kontsultak tresna baliagarritzat jo, eta horiek sustatzen lagunduko du, «betiere, baldintza egokiak sortzeko aurrelan eraginkorra bermatuta». Diru laguntza publikoak ere onartzeko prest dago Gure Esku Dago, dinamikaren autonomia ez badute urratzen edo baldintzatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna