Frantziari esku hartzeko eskatu diote 217 hautetsik

Intza Oxandabaratz garaztarraren urtarrilaren 21ko dei auziaren harira egin dute eskaera.Kolore guztietako hautetsiak dira: Garazi, Baigorri eta Oztibarrekoak

Nora Arbelbide Lete.
Donibane Garazi
2015eko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Mozioaren izenpetzaileen kopuruak berak egoera berezia azaltzen duela azpimarratu zuten atzo. Garazi, Baigorri eta Oztibarreko 217 hautetsi, alderdi orotakoak: UMP, PS, Modem, EELV, Sortu eta AB. Eta horien artean, bi diputatu, bi eskualdeko kontseilari, 28 auzapez eta tokiko hiri elkargoko burua. Garaziko kantonamenduan berean, 19 auzapezetatik 16ek dute izenpetua mozioa, baita ere Sylviane Alaux eta Jean Lassalle diputatuek, François Maitia Eskualdeko eta Departamenduko kontseilariak, Alice Leiziagerrezahar kontseilariak eta Beñat Arrabit Garazi Baigorri herri elkargoko presidenteak.

Konparazione, apirilaren 7an iragan auzian, 70 bat hautetsik zuten bat egin sostengu mozioarekin. «Mobilizazio azkar honek erakusten du Intzaren kasuaren inguruan arrangura handia badela.», azpimarratu zuen komiteko Hegoa Arakamak, atzo. Mozioaren mezu nagusia epaileari dute zuzendua. Oxandabaratz ez dezan preso sar galdetzen diote zuzenean. Testuingurua kontuan hartzeko eskatzen diote: «Intzak libre segitu behar du. Garazin bizi eta lan egiten segitu behar du, bikotekidearen eta semearen ondoan. Bat-batean hain lanjerosa bilakatua ote da preso sar dezaten orain?», esan zuen Arakamak. 2011ko abenduan atxilotu zuten Oxandabaratz, bost hilabetez haurdun zela, Julen Mujika bikotekidearekin. Haurra ukan baino zenbait aste lehenago askatu zuten. Mujika bera preso atxiki zuten. Duela pare bat aste askatu dute. Oxandabaratz 2012az geroztik libre da kontrol judizialpean. Akusazioak Mujikak bere gain hartu ditu. Oxandabaratz, dei auzitegira joanen da bere hobengabetasuna aldarrikatzera.

Epaiketa baino urrunago, Frantziako Estatuari ere zuzentzen dute mozioa. «Euskal gatazkaren zinezko konponbidean inplikatzeko» eskatu diote. Hautetsiez gain, herritarrei ere sostengu zabaltzeko deia egin zuten atzo. Horretarako, Donibane Garazin urtarrilaren 17ko 16:00etan finkatua dute manifestaldia. Garazin bizi den Aurore Martinen kasua ere gogoratzekoa dute orduan. Urtarrilaren 12an hasiko den EHAK eta ANVren auziko auzipetuetakoa da Martin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.