Farida Shaheed. NBEko kultur eskubideen alorreko kontalari berezia

«Garrantzitsua da haurrei historia monolitorik ez ematea»

Funtsean, historia liburuek karratu izateari utzi behar lioketela dio Farida Shaheed soziologo eta aktibista pakistandarrak. Gatazkan diren gizarteetako testuliburuez egindako lana aurkeztu du Euskal Herrian.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Leioa
2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Badira soinu banda duten elkarrizketak. Mikel Laboak musikatutako Bertolt Brecht poetaren hitzak entzun daitezke kasik Farida Shaheed soziologo eta ikerlari feministaren hitzen atzean. «Alejandro gazteak India bereganatu zuen. / Berak bakarrik ote? / Zesarrek galoak menderatu. / Ez ote zuen berarekin sukaldari bat bederen? / Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada / urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?». Izan ere, Nazio Batuen Erakundeko Kultur Eskubideen kontalari berezia ere bada Shaheed, eta historiaren irakaskuntzari buruz eta eskoletako historia testuliburuei buruz egin dituen gomendioak aurkezten izan da egunotan Leioan (Bizkaia), EHUko Gizarte eta Komunikazio Fakultatean. Euskal Herriko kasuari erreferentzia zuzenik egin gabe ere, balio dute haren gogoetek Euskal Herriko kasuaz aritzeko: «Ez da nahikoa nik nire historia jakitea; zuk ere jakin beharra duzu nirea, eta nik ere jakin beharra dut zurea. Bestela, ez dago elkarrizketarik».

Diozunez, inongo gizartek ez du sekula kultura bakarra izan, eta kultura ez da estatikoa. Historiari buruz ere gisako zerbait esan daitekeela pentsatzen dut. Baina nola landu errealitate aldakor hori eskoletan?

Umeei historiaren ahots pluralak eramatea da horretarako bideetariko bat. Historia bera izan arren, haren gaineko esperientzia oso desberdina izan dezakegu, bizi garen aldearen arabera. Oso garrantzitsua da haurrei monolitorik ez ematea. Eta nabarmenduko nuke historia irakasteak ez lukeela izan behar nortasun nazionalak edo gisakoak eraikitzeko tresna bat, baizik eta plurala den eta desberdintasunez betea dagoen geure gizartea ulertzeko modu bat. Nire ustez, historia gure ondare kulturalaren parte da, eta, maiz esan dudanez, ondare kulturalaren parterik garrantzitsuena ez dago iraganean, baizik eta orainean. Ondare kultural hori orain nola ulertzen dugun, hori da gakoa, nola interpretatzen dugun eta zer nahi diegun pasatu hurrengo belaunaldiei. Irakaskuntzak kritikoki pentsatzen lagundu behar lieke umeei, eta garen aniztasun horrekin lotuta egon behar luke.

Herri askotan egon zara. Ezagutu duzu historia era plural horretan irakasten duen eskolarik?

Ez. Baina herrialde batzuek egin dute saioa beren historiako alde zail batzuk lantzeko, eta hori garrantzitsua da. Brasilen, adibidez, legez ezarri dute eskoletan herri indigenen eta esklaboen historia ere irakasteko betebeharra. Gobernuak ezarri du neurria, baina oso zaila izan da eskoletara eramatea, jendearen erresistentziagatik. Austrian estatuak gutxiengotzat onartzen dituen taldeek badute eskubidea beren hizkuntza, kultura eta historiak ikasteko, baina hori ez da aski. Ez da nahikoa nik nire historia jakitea; zuk ere jakin beharra duzu nirea, eta nik ere jakin beharra dut zurea. Bestela, ez dago elkarrizketarik. Ideia ez da nortasun bata ala bestea duelako jendea ghettoetan bakartzea, baizik eta pluralismoa lantzea eta identitate artean zubiak eraikitzea; hartara, umeek aukera izango baitute beren kasa erabakitzeko. Bosnia eta Herzegovinan, adibidez, hain dira zorrotzak, talde linguistiko-etniko-erlijiosoen arabera bereizten dituzte eskolak. Eraikin berean ere, umeek ez dute elkarrekin hitzik egiten. Bereizita egiten dituzte atsedenaldiak ere. Beren gazteria entzuteko gomendatu diet nik. Jasotako nortasun horiez harago joan nahi dute haiek, eta elkarrekin batu nahi dutela sentitzen dute. Gogoan dut bake zuhaitz bat landatu zutela, irakasle eta zuzendarien harrigarri, eta bi eskoletako jendea batu zuten zeremoniarako.

Euskal Herriko kasua ez duzu oraindik ikertu, ezta?

Ez dut Espainia aurrez sekula bisitatu, eta ez dut lehen eskuko informaziorik. Irakurria dut Egia, Errekonozimendua, Justizia eta Berradiskidetzeari buruzko txostena, eta badakit aipatu ditudan gai horietariko asko presente direla hemen ere. Nik bi txosten idatzi ditut historiari buruz: historia irakasteari eta historia testuliburuei buruzkoa lehena, eta memorializazio prozesuei eta museoei buruzkoa bigarrena. Historia ez baitugu eskoletatik eta testuliburuetatik soilik jasotzen; gune publikoetatik ere edaten dugu, eta baita familiatik, lagunartetik eta beste espazio pribatu batzuetatik ere. Egoera postkolonialetan, esklabotza osteko egoeretan eta gatazka osteko egoeretan asaldadura handia egoten da, eta gero historiaren berridazte moduko bat eta gertatu zena berrikusteko saio bat. Oso bizi egon daiteke memoria kolektiboa, baina bereizi beharra dugu historia eta memoria. Eta ezberdinak behar lukete memoriaren helburuek eta historiaren irakaspenarenak.

Eta zein da, bada, memoriaren helburua?

Memoriak esaten digu nor garen. Hori izan daiteke positiboa edo ez. Identifikazio emozionala du horrek. Beraz, memorializazio prozesuetarako nik kultur esku hartzeen garrantzia azpimarratzen dut. Egiaren batzordeak, gertakarien bilaketa eta egitateen identifikazioa beharrezkoak dira, baina maiz ez dira nahikoa memoria horren jabe den jendearentzat. Gehiago behar dute, eta gizarteek zatiketez harago jo dezaten nahi badugu —eta ez dago munduan zatiketarik gabeko gizarterik—, kultur batzeak behar dira. Jendeari utzi behar zaio elkarrekin hartu emanak izaten, eta gertatu zena maila emozionalean bizitzen. Hego Amerikako zenbait lekutan antzerkia eta bestelako arte adierazpideak hautatu dituzte horretarako. Oso oreka zaila da emozioaren eta egitateen artekoa, baina biak dira beharrezko aurrera egin nahi bada. Espainian ere gai hauek presente izango direla espero dut.

Justizia trantsizionala aipatzen duzu historiari buruzko zure ikerketan, eta memoria eta historiarekin lotzen duzu hori. Diozunez, zaila da gogoratzearen eta ahaztearen arteko oreka.

Jendeak eduki behar ditu bideak bere galerak adierazteko. Baina ez dut uste biktima izaeran itxita geratu behar ginatekeenik, ezta betiko kaxaratzen gaituen bestelako ezein memoriatan ere. Ahazteko eskubidea ere badutela esan didan jendea ezagutu dut. Beren birraitonari edo birramonari geratu zitzaiona hor dagoela sentitzen dute, baina ez dute nahi hori izaterik haiek definitzen dituena. Ezagutu behar ditugu gertatutako ankerkeriak eta urraketak, baina eman behar diogu aukera jendeari aurrera egiteko. Beldurra ematen dit biktima izateak pribilegio moralak ematen dituela dioen pentsamenduak. Historia ere guda zelai bihurtu daiteke batzuetan, mendekua prestatzeko edo inori erasotzeko prestakuntza gisa. Kezkagarri zait. Eta bada beti pizten zaidan galdera bat: zergatik irakasten dugu soilik politikaren historia? Politikaren historia gudaren historia da, lurraldeen apropioazioarena, eta orohar gatazkak nabarmentzen ditu. Ingeniaritzari eta arteari ere ematen ahal zaie garrantzia, ingeniaritzaren historia edo artearen historia ere badirelako historia, eta erakuts dezaketelako zer gauza ditugun elkarrekin, eta historia hori ez dago bereizketa etniko, linguistiko eta erlijiosoen menpe. Etsaiak izan ginela eta betiko etsaiak izango garela adierazten duen historiarik ez da egin behar, baina hori da umeek jasotzen duten inpresioa. Eta handia da umeentzako testuliburuen erronka, hiru esalditan laburtu behar duzulako dena eta irudi bakar bat hautatu behar duzulako. Eta, beraz, zer irudi aukeratu? Zer testu hautatuta?

Amerika deskubritu egin zela esaten denekoa, alegia.

Horixe! Nire herrialdea deskubritutako jendez beteta dago, eta gure tradizioa ere deskubritu egin zen, eta deskubritu ostean etiketatu egin zuten! [Barreak]. Europaren zati txiki baten ikuspegi etnozentrista da Kolonek Amerika deskubritu zuela esatea. Ni neujoan nintzen orain urte batzuk Karibeko Saint Vicent and the Grenadinak izeneko irlara, eta nire ezjakintasunagatik uste nuen bertan esklabo itsasontzietatik ihes egin zuen jendea baino ez zela egon. Harritu egin ziren bertakoak, esklaboak heldu baino lehen ere jendea bizi zelako bertan. Indigenak desagertu egin zirela da kontua, noski. Orain historia hori azaleratzen dabiltza, eta beren umeei hizkuntza erakusten hasiak dira. Erbestera joan arren beren kultura eta ohiturak gorde dituen jendearen bidez berreskuratu dute ondare hori, eta bueltan eraman dute orain. Konplikatua da historia; zer esango dizut, ba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.