Kataluniako erreferenduma. Enoch Alberti. Jurista

«Tamalgarri jokatu du Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako prozesuan»

Erreferendumaren «legitimitatea» defendatzen du Consell Assesor Per a la Transcio Nacionaleko kideak. Salatu du Espainiako Gobernuak hartutako neurriak haiek aldarrikatutako legearen kontrakoak direla.

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
CATN Consell Assessor per a la Transicio Nacional de Catalunya elkarteko kidea da Enoch Alberti (Vilafranca del Penedes, Herrialde Katalanak, 1958), eta duela urtebetetik Colectiu Praga egitasmoko kidea ere bai. Egoera honen «irtenbide bakarra» erreferenduma egitea dela dio.

Martxoan atera zenuten erreferendumaren aldeko manifestua.

Espainiako Konstituzioaren barruan erreferenduma egitea legitimoa dela uste genuen hainbat jurista batu ginen manifestu hori idazteko. Madrilek inposatu duen interpretazioa oso murriztailea da. Horrekin ez dut esan nahi gehiengoaren interpretazioa ez denik, hala baita, baina ez bakarra. Eta, kasu, irakurketa hori ez dugu bakarrik jurista katalanok babestu. Han eta hemengo juristak ere agertu dira gure interpretazioaren alde.

Zergatik da legitimoa erreferenduma?

Konstituzioak balio behar duelako funtsean politikoa den gatazka bat moldatzeko. Eta konstituzioek integrazio arauak izan behar dute, gatazkak kanalizatu eta erantzun demokratikoak emateko. Bestela, krisian sartzen dira, eta hori gertatzen ari da. Kanadan eta Eskozian ere ez zegoen aurreikusita erreferendumak egitea, eta, aldiz, arazorik gabe bermatu ziren. Beraz, ez dugu ulertzen nola izan daitekeen ilegitimoa galdeketa bat egitea. Eta, zalantzarik gabe, erreferenduma da egoera honen irtenbide bakarra.

Madrilek, aldiz, ez du ontzat ematen.

Espainiako Gobernuak Kataluniari erantzuteko egin dituen hiru ekintzak legearen ertzetatik kanpo daude. Alegia, eurek agintzen duten horren kontra jokatzen ari dira. Hasteko, Generalitatearen diru kontuen interbentzioa. Aurrekontuen Egonkortasunen Lege Organikoaren bitartez justifikatu zen, funtsean, jakinarazpenak biltzen zuen bezala, legalitatearen kontrola bilatzen zutenean. Gero, mossoen kontrola Barne Ministerioaren esku uztea erabaki zuten. Hori ez dago inon aurreikusita: interbentzioa aplikatu nahiko balute, 155. artikulua aplikatu beharko lukete. Eta, azkenik, Poliziak 72 orduz atxilotu ditu Generalitateko kargudunak, proportziorik gabeko operazioen bitartez, droga trafikatzaileak balira bezala. Tamalgarriena da legalitatearen aldeko aldarrikapenetan oinarritzen diren hainbat eta hainbat lagun isilik gelditzea halako gertakariak ikusita.

Espainiako Gobernuaren errepresioak gora egin du azken bi aste hauetan. Konstituzioak bermatzen du Rajoyren gobernuaren interbentzioa?

Juridikoki argi dago bi lege horiek onartu direla Auzitegi Konstituzionaletik kanpo gelditzen den prozeduraren bitartez. Baina, esango nuke Kataluniako Parlamentuak bazekiela lege hauen bitartez Espainiako Konstituzioaren ertzak urratzen zituela. Hori bai, hala bideratu zuten parlamentuak edozein gairen inguruan eztabaidatzeko duen gaitasuna baliatuz. Auzitegi Konstituzionalak rol tamalgarria jokatu du Katalunian, parlamentuan eztabaida oztopatzeko asmoz.

Kritikatu da Puigdemonten gobernua trantsizio eta erreferendum legeak sortzeko prozeduragatik. Zein da zure iritzia?

Hasteko, ez da delitua. Konstituzionalak erresalbuzko neurriak hartu ditu, baina orain arte ez du jarrera jakinik hartu. Tira, zalantzarik ez dago hartuko duen erabakiaz, baina orain arte ez du ezer esan. Generalitateak Konstituzionalaren erabakiaren kontra aurkeztutako helegiteak tramiterako onartu ditu, eta, beste ezer egin ezin duenez, erresalbuz baliogabetu ditu automatikoki. Baina argi dagoena da ez dela delitua.

Azaroaren 9ko galdeketa egiteagatik auzipetu zituzten kargudunei 5,2 milioi euroko isuna jarri zieten joan den astean.

Sinestezina da. Isunak jarri zituzten, hasteko, auzipetuen ikuspuntua entzun gabe. Hori gutxi ez, eta txosten bat eskatu zien non euren kontra zabalik duten kasu penalaren aurrean, euren kontra erabili daitekeen. Beraz, auzipetuak behartuta zeuden euren kontra deklaratzera. Eta horrekin urratzen dituzte, irmoki, Konstituzioaren 24. artikuluak aplikatzen dituen babes eskubideak. Hori da hiritarren babesen aldeko auzitegia?

Bozkatu ahal izango da?

Oso zaila da zer gertatuko den jakitea. Ez dakit hainbesteko mobilizazioa eteteko adina poliziarik egongo den. Hala ere, zail ikusten dut normaltasun osoz egitea erreferenduma. Hori nahi genuen, beste herrialde batzuetan egin duten bezala, baina ezinezkoa izango da. Argi dagoena da milaka lagunen adierazpen erraldoia egongo dela, non, beste behin, argi geldituko den Kataluniako herriak bozkatu egin behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.