Ikuskaritzak ez du urraketarik ikusi Bizkotxalde zahar etxean

Egoiliarren senideen kexak aztertu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan. Oposizioak eskatu du «protokoloez harago» joateko

120 adineko bizi dira Bizkotxalde egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Bizkaiko Batzar Nagusietara itzuli zen atzo zahar etxeen inguruko eztabaida. Azaroan Basauriko Bizkotxalde egoitzako erabiltzaileek eta langileek egindako salaketak izan zituzten hizpide Gizarte Ekintza Batzordean. PPk eta EH Bilduk eskatuta, Sergio Murillo diputatuak azaldu zuen ikuskaritzak ez duela antzeman urraketarik ofizioz zein salaketen ondorioz jardun denean. Halere, oposizioko alderdiek zerbitzua hobetu beharra nabarmendu zuten. «Enpatia erradikaleko ariketa bat» eskatu zuen Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak: «Pentsa dezagun gure senide bat dagoela egoitzan, edo gu geu, zahartzen garenean: denoi gustatuko litzaiguke zaintza ona jasotzea eta duintasuna bermatzea».

Bizkotxalden bizi diren 120 adinekoen dozenaka senidek igorri zuten kexa Bizkaiko Foru Aldundira, «kalitatezko arreta» eskatzeko. Langileek bat egin zuten salaketarekin, baita ELAk ere. Behargin falta eta lan zama handiak salatu zituzten, eta gaitzetsi zuten horren ondorioz «zaintza eskasa» jasotzen dutela egoiliarrek. Izatez, urrian piztu ziren alarmak: bi erabiltzailek hazteria hartu zuten zahar etxean.

Hala ere, ikuskariek ez dute urraketarik ikusi, Murilloren arabera: «2017 eta 2019 artean egindako azterketetan ez dute gabeziarik detektatu». Maiatzean izan zen ofiziozko azken ikuskaritza: «Ez zen urraketarik agertu». Azaroan senideek aurkeztutako kexen harira, zentroko arduradunak eta ikuskariak gutxienez 35 familiarekin bildu direla azaldu du diputatuak: «Arazoak konpontzen saiatzen ari dira. Goiz da jakiteko zer emaitza duen prozesuak, baina erne egongo gara».

Halere, Murillok nabarmendu du garbiketari eta pixoihalei buruzko arauak betetzen direla Bizkotxalden. Duquek, ordea, zenbakiez harago joateko eskatu du: «Protokoloek diote egunean lau aldiz aldatu behar direla pixoihalak, baina hori gutxieneko bat da; ez da beti nahikoa: pentsa dezagun egunean zenbat aldiz dugun komunera joateko beharra». Erantsi du senideek egoera gogorren berri eman dietela: «Pixoihalak aldatu bai, baina garbitzeko astirik ez dute langileek».

Eduardo Andrade PPko ordezkariak, berriz, «kezka» agertu du ikuskarien lanaren inguruan: «Senideek kexak aurkeztu baino hilabete gutxi lehenago izan zen ofiziozko azken azterketa, eta ez zuten ezer atzeman; edo ikuskaritzek ez dute funtzionatzen, edo ez da familiekin behar bezala erkatzen».

Hazteriari buruz ere aritu da Elkarrekin Bizkaia taldeko Hector Fernandez: «Higienearen bidez prebenitu daiteke. Auzi horrek lotura estua du egoitzako baldintza materialekin eta lan baldintzekin». Murillok argitu du bi kasuak egun bakarreko aldearekin atzeman zituztela, eta berehala hartu zituztela gainerako egoiliarrak babesteko neurriak. «Hazteria oso kutsakorra da, eta bi kasu izan ditugu. Ez diot garrantzirik kendu nahi, baina neurrian hartu behar da. Halako zentroetan pertsona asko aritzen dira; ez daude gorabeheretatik libre».

Sexu abusuen aurka

Barakaldoko zahar etxe batean azaroan izandako beste urraketa batez ere jardun dira batzordean: 71 urteko andre batek salatu zuen bi gizonek sexu abusuak egin zizkiotela. Murillok azaldu duenez, datorren urteko lehen seihilekorako prest izango du aldundiak sexu abusuen inguruko protokolo bat, besteak beste, hala ezartzen duelako Eusko Jaurlaritzak zahar etxeen inguruan onartutako dekretuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.