Errepublika eskatu dute, ozen

Milaka lagun atera dira kalera Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, monarkiaren aurka

Milaka lagun atera ziren kalera Iruñean, atzo, Monarkiari ez. Herritarrek erabaki lelopean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko kaleetan inoiz baino ozenago entzun ziren atzo errepublikaren aldeko aldarriak, inoiz baino babes zabalagoa eta pluralagoa izan baitzuten monarkiaren aurkako protestek.Ideia askotako eragile politiko eta sozialek bat egin zuten Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean arratsaldean deitutako manifestazioekin, eta milaka herritarren babesa izan zuten deialdiek.Monarkiarik ez, herritarrena da erabakia lelopean antolatutako protestak jendetsuak izan ziren. Erreferendum baten bidez herritarrei hitza eman eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten manifestazioetan. Halaber, prozesu konstituziogile berri bat egiteko beharra nabarmendu zuten,errepublikari ateak zabaldu eta «herritarrei kendutako eskubideak» itzuliko dizkiena.

Juan Carlos I.a Borboikoaren abdikazioren ondorioz, inoiz baino indar handiagoa hartu dute errepublikaren aldeko aldarrikapenek eta estatuaren antolaketa politikoaren inguruko erreferendumaren aldeko mobilizazioek.Atzoko manifestazioak horren isla izan ziren. Iruñeko deialdiak izan zuen babes eta parte hartze handiena, hogei alderdi, sindikatu eta gizarte eragileren atxikimendua lortuta: besteak beste,Nafarroako Ezker Batua, EPK, Geroa Bai, Podemos, EH Bildu, Batzarre, Nafarroako Gazte Sozialistak, Izkierda Antikapitalista, LAB, ELA, EILAS, ESK, CGT, Ernai eta Ikasle Abertzaleak izan ziren manifestazioari babesa agertu ziotenen artean.

Autobus geltoki zaharretik abiatu zen protesta bateratua, eta jendetsua izan zen, oso. Monarkiari ez , herritarrek erabaki lelodun pankartaren atzean milaka eta milaka lagun bildu ziren —15.000 inguru, antolatzaileen arabera—. Bandera errepublikanoek, Nafarroakoek eta ikurrinek kolorez bete zituzten hiriburukokale nagusiak, eta ozen entzun ziren Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko eta monarkiaren kontrako garrasiak. Amaiera ekitaldian, monarkia bazter utzi eta errepublikari bide emateko deia egin zuten: «Proposamen errepublikanoen txanda da. Demokraziaren txanda da».

Gasteizen, errepublikaren aldeko elkarte eta kolektibo ugarik antolatu zuten manifestazioa.Andre Mari Zuriaren plazatik abiatu zen, Hirugarren Errepublika orain. Erreferenduma orain goiburua zuen pankartarekin. Aurretik, tamaina handiko bandera errepublikanoa eraman zuten hainbat manifestarik. Borboien aurkako aldarriak nagusi izan ziren ibilbidean, eta baita langileriaren eskubideen aldekoak ere.

Deitzaileek «bestelako gizarte bat» sortzea aldarrikatu zuten, errepublika federala, laikoa, demokratikoa eta parte hartzailea lortzeko. Hori hala, «haustura» ezinbestekotzat jo zuten, Hirugarren Errepublikari bide emango dion «prozesu konstituziogile demokratiko bati» ekiteko.

Jende dezente zen, halaber, Bilbo eta Donostiako manifestazioetan. Bilbon, besteak beste, Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu ohiak, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak eta Tasio Erkizia buruzagi abertzale historikoak parte hartu zuten protestan. Bizitza publikoa «etikoki onbideratu» dadin, errepublikaren balioak ezinbestekoak direla adierazi zuten.

Donostian, Hirugarren Errepublika aldarrikatzen zuen pankartak zabaldu zuen manifestazioa. Amaieran, antolatzaileek dei egin zieten herritarrei hilaren 19rako deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko, orduan izendatuko baitute Felipe Borboikoa Espainiako errege.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.