Onartua lehen aurrekontua

Euskal Elkargoko hautetsien %81ek babestu dute. Urte honetan 602 milioi euro izanen ditu

Euskal Elkargoak atzo Baionako Unibertsitatean egindako batzarreko une bat. ISABELLE MIKELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Ekintza nagusia da». Horrela azaldu du Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak atzo instituzioak aurtengo onartu dituen aurrekontuen inguruan. «Gure komunitatearen integrazio politikorako beste etapa bat da 2018ko aurrekontuen adostea». Orotara 602 milioi eurokoa adostu dute, 233 hautetsietatik bildu diren 210ek. Aldeko 171 bozka izan dira (%81,4), kontrako hamar, zuri bat eta 28 abstentzio. Baionan egin dute elkargoaren batzarra, unibertsitateko fakultatean.

602 milioi euroetatik 335 aurrekontu nagusiarenak dira, gastuak eta diru sartzeak barne. Beste erdia hamabost gehigarrien artean banatuko dute: hondakinen kudeaketa, aktibitatze zonak, Donibane Garazi eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) operazio ekonomikoak, Angeluko (Lapurdi) laket portua, aprendizgoen formakuntza zentroa, Baigurako aisialdi zentroa, ikusgarri antzokiak, Bidaxunerriko (Nafarroa Beherea) turismo bulegoa, ur edangarria eta ur garbitzerako egiturak ageri dira egitasmoan.

Elkargoak, 2018rako aurreikusi duen inbertsioa egin ahal izateko, 46,6 milioi euroko mailegua beharko du. Iazkotik 11,1 milioi ditu xahutzeko. Ekainaren 30 arte dute Frantziako Estatuarekin aurrekontuen izenpetzeko. Etxegaraik jakinarazi du hitzordu bat eskatu diola Jacqueline Gourault Barne Ministerioko ordezkariari: «Euskal Herriko berezitasunak azaltzeko eta azpimarratzeko, espero dugu entzunak izango garela». Euskal Elkargoaren sortzeak ekonomikoki dakartzan gastuetan estatuak duen ardura oroitaraziko dio bileran.

Arnaud Fontaine Ozaraine-Erribareitako (Zuberoa) delegatuak adierazpen mozio batean proposatu du estatuak bere gain hartu behar lituzkeela «Elkargoa antolatzeak dakartzan ondorioak, baita haren berezitasunak ere», eta mozioa gehiengo osoz babestu dute hautetsiek.

Alde eta kontrakoak berriro

Eztabaida ugari piztu du aurrekontuen adosteak, eta hein handi batean Ipar Euskal Herriko instituzionalizazioaren aldekoen eta kontrakoen arteko ezberdintasunak azaleratu ditu berriz ere. Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapeza izan du kontseilu exekutiboak aurkari berriro. Inbertsioen eta diru sartzeen arteko ezberdintasuna azpimarratu du Alzurik: «Eskumen guzien hartzeak eragin ekonomikoa du, eta egoera arriskutsuan jartzen gaitu. Aurten erabakiko dugu zein dugun interes komunitarioa, zein eskumenekin segitu nahi dugun, eta arrazoizko hautua egin beharko dugu». Zorrotz erantzun dio Kotte Ezenarro Euskal Elkargoko lehendakariordeak: «Prozesu arriskutsua? Ez dut uste. Denek hemen horrela egiten dugu gure herriko etxeetan».

Barnealdeko hautetsi batzuek salatu dute elkargoaren sorrerarekin estatuaren diru ekarpenaren apaltzea euren bizkar egin dela. «Kostaldekoek aberasten segitzen dute», haien arabera. Etxegarai lehendakariak nabarmendu du pobreak eta aberatsak ez direla haiek uste duten lekuetan, eta Ezenarrok ere antzekoa ihardetsi die: «Pobrezia tasa apalagoa da Hendaian, departamenduan baino. Nola neurtzen dugu herri baten pobrezia?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.