Mayren trikimailu arriskutsua

Diputatuek hirugarrenez eztabaidatuko dute 'brexit'-erako itunaz, eta hori osatzen duen dokumentu bati buruzko mozioa bozkatuko dute. Baiezkoa emanez gero, gobernuak onartutzat joko du ituna

Leadsom ministroa erabakiaren berri ematen, atzo, Komunen Ganberan. Haren atzean ezkerrean dago eserita Cox fiskal nagusia. UK PARLIAMENTARY RECORDING UNIT / EFE.
ander perez zala
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Diputatuak, haserre eta harrituta. Horien aurrean, John Bercow Komunen Ganberako presidentea eta Geoffrey Cox fiskal nagusia, dena legezkoa dela azaltzen; baita Andrea Leadsom ere, gobernuaren eta ganberaren arteko harremanaz arduratzen den ministroa. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari trikimailu arriskutsu bat okurritu zaio brexit-erako akordioa onarrarazteko, baina ordezkariek atzo ez zuten batere argi zehazki zer bozkatuko duten gaur, eta zer ondorio izango duen. Leadsomek jakinarazi zuen gobernuak mozio bat aurkeztuko duela gaur, soilik Irteerarako Akordioari buruzkoa, eta ez testu hori eta Deklarazio Politikoari buruzkoa —etorkizuneko harremanaren negoziazioetarako oinarria, orain arte egin bezala. Eta, mozio horren alde bozkatuz gero, iradoki zuen gobernuak onartutzat joko lukeela Irteerarako Akordioa, eta Erresuma Batua maiatzaren 22an aterako litzateke Europako Batasunetik (EB).

Hori da Mayren plana. Berez, EBrentzat beharrezkoa da brexit-erako ituna osatzen duten bi dokumentuetako bat onartzea, Irteerarako Akordioa, hurrengo fasera igarotzeko. Errealitate hori oinarri gisa hartu du Mayk gaurko trikimailua osatzeko: Bercowk ohartarazi zion ezin duela «akordio bera» hirugarrenez aurkeztu ganberan, bitan ezezkoa jaso baitu, eta, beraz, lehen ministroak bozketa bitan zatitzea erabaki du, iragan urtarrilean hori egingo ez zuela adierazi arren.

Horrek zer esan nahi du? Gaurko mozioak arrakasta izanez gero, Mayk onartutzat joko luke Irteerarako Akordioa; ez, ordea, Deklarazio Politikoa, hori ere bozkarazi beharko bailuke gaurtik maiatzaren 22rako epean. Gainera, Erresuma Batuko legedia aldatu beharra du brexit-erako akordioko edukia indarrean sartzeko eta, beraz, aldaketak legezko bilaka daitezen; hortaz, EBtik Irteteko legea ere bozkarazi beharko luke maiatzaren 22a baino lehen, aldaketa eta dokumentu ofizial guztiak indarrean sar daitezen.

Badirudi hori dela lehen ministroak ondu duen bidea, Erresuma Batua EBtik atera behar zen berezko egunerako. Trikimailu horrek, baina, zalantza handiak sortu ditu, eta Erresuma Batuko kazetariek eta analistek ere ez zuten oso argi zer gertatu zen, ezta zer ondorio izan ditzakeen ere. Bazen, ordea, iritzi bati buruzko kontsentsua: Mayren erabakia arriskutsua dela, eta ez diola arrakastarako biderik ireki. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagia da horietako bat: «Ezin dituzu banatu; bestela, [Europako] batasuna uzteko itunean bakarrik oinarrituta brexit itsu batera zuzenduko gara». Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak ere (DUP) ez du batere argi ikusten lehen ministroaren mozioa, eta jakinarazi zuen haren 10 diputatuek kontra bozkatuko dutela; May, beraz, diputatu laboristen menpe dago, horietako talde batek Corbynen asmoaren aurka matxinatzea erabakiko balu.

Lehen ministroak ere ez du segurtatua bere alderdiko diputatu guztien babesik. Jacob Rees-Mogg euroeszeptikoz osatutako Europako Ikerketa Taldearen (ERG) buruak eta Boris Johnson Atzerri ministro ohiak herenegun adierazi zuten brexit-erako akordioaren alde bozkatuko zutela, Mayk jakinarazi zuelako dimisioa emango zuela horren truke, baina, DUPen ezezko jarrera jakitean, biek ala biek atzera egin zuten, eta ezezkoari eutsi zioten berriro; alabaina, ERGko diputatu batzuek gaur mozioaren alde bozka lezakete, horietako bik hala adierazi baitzuten atzo. Mozioari buruzko eztabaida 10:30ean hasiko dute, eta espero dute 15:30 aldera hastea bozketarekin. Diputatuek zuzenketak aurkezteko eskubidea dute; beraz, litekeena da bozketa bat baino gehiago egotea.

Apirilaren 12a

Gaur ezezkoa gailenduz gero, brexit-aren egunak apirilaren 12a izaten jarraituko du; alegia, bi aste barru. Eta, hain gutxi falta dela jakinda ere, diputatuek ez dute oraindik adostu alternatibarik.

Herenegun, zortzi aukera bozkatu zituzten, eta ez zuten bakar baten alde ere egin. Aduana batasunaren eta bigarren erreferendumaren aldeko bozketetan izan zen estuena baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tartea, eta, beraz, agerian utzi zuten gaur-gaurkoz bi ideia horiek direla arrakastarako aukera gehien dutenak.

Diputatuek astelehenean hartuko dute berriz eguneko agendaren kontrola, eta erabaki dute egun hori erabiltzea alternatibei buruzko eztabaidan sakontzeko. Ez dirudi ados jartzea lortuko dutenik, eta litekeena da irteera eguna berriz atzeratzea erabakitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.