Gerra Ukrainan

Putinen ustez, zigorrak «erronka handi bat» dira Errusiarentzat

Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuna Errusiaren aurkako beste zigor sorta bat prestatzen ari dela eta, Vladimir Putin Kremlineko buruak atzo aitortu zuen Bruselak eta nazioarteak ezarritako neurri ekonomiko horiek «erronka handi bat» direla Errusiarentzat. Hori bai, ohartarazpen bat ere egin zuen, Interfax berri agentziak jasotakoaren arabera: «Ez dugu amore emango, eta ez ditugu hamarkada batzuk atzera egingo garapenean».

Mendebaldean, zenbaitek adierazi dute zigorrek Errusiaren garapenari eragingo diotela. «Argi dago ezin garela garatu mundutik at. Baina ez da hala izango. Gaur egungo munduan ezinezkoa da konpas batekin murru erraldoi bat altxatzea», adierazi zuen Putinek, garapen estrategikorako proiektu nazionalen kontseiluaren bileran. Kontuan hartuta Errusiak «ikaragarrizko zailtasunei» aurre egin behar diela, azpimarratu zuen «modu eraginkorrean» erabiliko dituztela herrialdearen «aurrerapauso teknologiko burujabeak».

Talde komunitarioko estatuetako atzerri ministroak Bruselan bildu ziren atzo —edizio hau ixteko orduan, oraindik ez zituzten iragarriak zigor berriak—, eta Errusiari urrea erosteko debekua ezartzea zen hizpidera ekarritako neurrietako bat. Josep BorrellEBko diplomaziaburuak esan zuen Ukrainari laguntzen jarraituko dutela. Hala, 500 milioi euroko diru sail bat onartu zuen atzo klubak, herrialdeak bultzatzeko armak modu bateratuan erostera, iritzita herrialde horien armategiak murriztu egin direla Ukrainara bidalitakoengatik.

Ministroen bileraren harira, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak eskaera bat egin zien. «Nire mezua hau da: arma gehiago Ukrainarentzat, zigorrak Errusiarentzat, eta erantzukizun penala», idatzi zuen Twitterren. Kremlini egotzi zion gerra gatibuak xede politikoetarako erabiltzea, eta haiei «tratu humanoa» emateko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.