Xabier Mujika Peña. Erizaina

«Helburuetako bat da erizainen lidergoa sendotzea»

Nursing Now erizaintza sustatzeko nazioarteko kanpaina bat da. Euskal Herriko eragile ugari atxiki zaizkio, eta EAEn propio horretarako eratutako taldean ari da Mujika Peña erizaina.

JUANAN RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun

«Erizaina da, eta gizonezkoa». Elkarrizketa hau lotzeko BERRIAk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin egindako hartu-emanetan, zeharka, ia nabarmendu gabe, agertu zen esaldia. Eta, Xabier Mujika Peñak (Ordizia, Gipuzkoa, 1973) ongi ulertzen du horren zergatia: oraindik ere emakumeen ofizio bat da erizaintza. «Nire promozioan, 110 erizain ginen; uste dut bederatzi gizonezko bakarrik ginela», gogora ekarri du. «Egun uste dut gizonen portzentajea %16-17 inguru dela: baxua da, oraindik ere». Gizartea ikusteko eta ulertzeko era oso baten isla hor dagoela badaki. «Pertsonak zaintzearen rol hori emakumeek bete izan dute askotan, eta horrek, seguruenera, eragina du». Ofizioa hauspotze aldera, abian da Nursing Now nazioarteko egitasmoa, eta Euskal Herriko hainbat eragilek egin dute bat harekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek ehundu duten lantaldeko kideetako bat da Mujika Peña.

 

Zer-nola antolatu da EAEko Nursing Now egitasmoa?

Norbanakoek edo erakundeek egin dezakete bat kanpainarekin, eta Euskadiren kasuan erabaki zen autonomia erkidego osoa atxikitzea batera. Iaz egin zuen Osasun sailburuak horretarako urratsa, eta lantalde bat martxan jarri zuen: unibertsitateko jendea, sare publikokoa, sare pribatukoa, elkargoetakoa, ikasleak, mediku bat eta paziente kroniko bat ere badaude, besteak beste, taldean.

Nazioarteko kanpaina bat da. Non izan zuen ernamuina?

2015ean, Erresuma Batuan, Lorden Ganberak aginduta, ikerketa bat egin zen; galdetu zen zer eragin izango lukeen erizaintzari bultzada bat emateak. Ikerketan ikusi zuten hiru eragin lituzkeela gizartean. Lehena, jendearen osasuna hobetu egiten dela. Bigarrena, ekonomia sendoago bat sortzen dela: baliabideak modu eraginkor batean erabiltzea dakar erizaintza sustatzeak. Azkena litzateke genero berdintasunaren inguruan pauso handiak ematea. Ikerketa hori oinarri hartuta, 2017an OMEk eta Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluak abiatu zuten Nursing Now kanpaina. Hiru urteko egitasmo bat da; 2018an hasi zen, eta aurten amaituko da. Zergatik aurten? Aurten direlako 200 urte Florence Nightingale jaio zela [1820-1910 tartean bizi izandako erizain eta ikertzailea; ogibidearentzat oinarri garrantzitsuak ezarri zituen]. Erizaintzaren Eguna beti izaten da haren jaiotza egunean: maiatzaren 12an.

Zer helbururekin ari zarete?

Helburu bat da erizaintzari ikusgaitasun handiagoa ematea; askotan iruditzen zaigu jendeak ez dakiela erizain batek zer egiten duen. Beharbada zaintzaren inguruan jendeak duen ikuspegiaren ondorioz, ez du uste erizainek, horrez gain, askoz ere gehiago egiten dutenik. Horregatik, garrantzitsua da ikusgaitasuna ematea. Bigarren helburua jarri da erizaintzaren lidergoa sendotzean: nahi dugu erizainak ere egotea osasun erabakiak hartzen diren batzorde eta esparruetan.

Lidergoa egun oraindik ere medikuen esku geratzen delako kasurik gehienetan?

Erizainak baditu ezagutzak lider izateko eguneroko zainketatan, eta talde bat sortzen bada, adibidez, zenbait diziplina aintzat hartzen dituena, erizain batek lidergoa eduki dezake hor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.