Eskubideen aldarria, mundura

Sarek prest ditu 'Dispertsioaren liburuxka'-ren 500.000 ale, sakabanaketari buruz informatzeko
<em>Dispertsioaren liburuxka</em>-ren aurkezpenean bildutako politikariak, atzo, Gasteizko Artiumen.
Dispertsioaren liburuxka-ren aurkezpenean bildutako politikariak, atzo, Gasteizko Artiumen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2014ko azaroak 2
Eskuz esku, sakabanaketaren berri mundu osora eraman arte. Sare mugimenduak egindako Dispertsioaren liburuxka-ren 500.000 aleak grina horrekin sortu dira: sakabanaketaren ikuspegi juridikoa, soziala eta pertsonala ezagutarazteko helburuarekin, baita azalpen horiek datuekin osatzekoarekin ere. «Argitalpen horri esker lortuko dugu edonork modu argian ulertzea eskubide urraketa hori zertan datzan».

Sare sakabanaketaren aurkako herritarren mugimenduak Dispertsioaren liburuxka aurkeztu zuen atzo Gasteizen, Artium museoan. Munduratu asmo dituzten 500.000 aleetatik hainbat banatu zituzten han bildutakoen artean, baita aleak hedatzeko proposamena egin ere; abiapuntu ugari, bildutakoen zerrenda ikusita: ezker abertzaleko, EAJko eta Ezkerra-Berdeak alderdiko ordezkariak, sindikatuetako kideak, idazleak, irakasleak, herri mugimenduetako kideak...

Patxi Zubizarreta idazleak abiarazi zuen ekitaldia; zenbait ipuingileren lanak baliatu zituen presoen eskubideak aldarrikatzeko eta horiek Euskal Herrira itzultzeko eskatzeko: «Heldu da kontzientzia fokatzeko ordua, eta mugimendu harmoniatsu eta leun baten bidez desiratutako itzulera marraztekoa».

Belen Nevado antzezleak hartu zuen Zubizarretaren lekukoa, eta, antzezpenen bitartez, Dispertsioaren liburuxka zabaltzeko bideak azaldu zituen. Hau da, liburua jasotzen duena hartzaile soila izan daiteke, edota hori hedatzen lagundu dezake. Hori ahalbidetzeko, Sarek bost liburuxkako paketeak prestatu ditu, nahi duenak eskuratu eta konparti ditzan. «Entzuteko prest dagoen bizilagunarekin, atzerrian dagoen lagun batekin...».

Mundura zabaldu nahi den liburua paperekoa bada ere, Internetekin izango duen lotura nabarmendu zuen sarekide batek; liburuan QR kode bat dago, eta, horren bidez, aukera egongo da sakabanaketari buruzko eduki gaurkotuak dituen webgune batera joateko: «Tresna horiek hiritar sarearen arteko harremana estutzen lagunduko digute».

Dispertsioaren liburuxka-k bidea hasi berri duen arren, atzerritik jasotako babesa islatu zen aurkezpenean. Xavi Sarria idazle eta musikariak (Herrialde Katalanak), Grainne Holland abeslari eta aurkezleak (Ipar Irlanda) eta Belen Arroniz soziologoak (Peru) babesa eman zioten ekinbideari.

Sare mugimenduak jakinarazi du liburua hedatzeko ekinbidea 2015eko apirilaren 19an bukatuko dutela.

Sarekide

Artiumen bildu zen orok parada izan zuten Sarekide izan nahi dut kanpainan parte hartzeko. Urriaren 16an egin zuten Sare mugimendura batzeko deia. Ildo horretan egin asmo dituzten ekinbideak finantzatu nahi dituzte kanpainaren bitartez —Dispertsioaren liburuxka, kasurako—. Sarekide izateko bideak hauek dira: Sareren webgunean, harremana@sare.eus helbide elektronikora idatzita edo antolatzen dituzten ekitaldietan fitxa beteta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna