Pablo Gorostiaga. Laudioko alkate ohia eta preso ohia

«Espainiako Estatuak beldur izugarria dio bakeari eta konponbidea bilatzeari»

Sorterrira itzuli da Pablo Gorostiaga: Laudiora. 73 urterekin atera da espetxetik. 18/98 auzikoak Euskal Herrirako «hoberena»nahi zutelako espetxeratu zituztela uste du, eta gaur egun lan egiten jarraitzea ezinbestekoa dela dio.

Edurne Begiristain.
Laudio
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zortzi urteko espetxe zigorra osorik beteta atera zen kartzelatik, duela bi aste, Pablo Gorostiaga (Laudio, Araba, 1941). Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik kartzelatu zuten, 2007an, 18/98 auzian. Ordutik, Herrera de la Mancha espetxean egon da preso, Madrilen. Laudioko alkate, legebiltzarkide eta HBko kidea izandakoak herritarren ongietorri beroa jaso du sorterrira bueltatu denean. Elkarrizketarako bidean dela, auzokideen agurrak eta besarkadak bata bestearen atzetik jaso ditu. Pozik dago. «Beti saiatu naiz jendearekiko hurbila izaten; halakoa naiz ni», dio irribarretsu. Patxadaz erantzun die BERRIAren galderei. «Lasaia naiz, idien antzekoa».

Hamabost egun besterik ez dira kartzelatik atera zinela. Zer moduzkoa izan da itzulera?

Lur hartzen ari naiz. Espetxetik irtetean halabeharrez egin beharrekoa da hori, burua kokatzea izaten baita zailena. Aitortu beharra daukat kalera ateratzeko beldur nintzela, dena oso azkar doalako. Patxadaz hartzea erabaki dut; astiro noa errealitatera egokituz, nire erritmora. Eta errealitateak berak bultzatuta ari naiz egunerokoari martxa hartzen. Autoaren gida baimena berritu egin dut, leku batetik bestera ibiltzeko beharrezkoa dudalako; tentu handiz noa, baina oso gustura. Gogo biziz atera naiz espetxetik, eta egiteko ditudan hainbat konturi lehenbailehen heldu nahi diet; besteak beste, Periko Solabarria bisitatu nahiko nuke.

Zortzi urte pasatu dituzu giltzapean. Nolakoa izan da bizipena?

Barruan, bestelako pentsaera bat izan behar duzu, eta burua espazio mugatu horretara egokitzeaezinbestekoa da. Kartzelan garrantzitsua da buruak ongi funtzionatzea, egoerara ongi moldatzeko, eta nire izateko eragatik esan beharra daukat erraz egokitu nintzela espetxera. Klaustrofobia apur bat nuenez, ziegan egotearen beldur nintzen, baina azkenean ez nuen arazorik izan. Esan dezaket gustura egon naizela, eta bakardadeari zukua ateratzen ikasi dudala. Espetxean izan dudan altxorrik handiena bertan egin ditudan lagunak izan dira. Izugarrizko kemena eta indarra erakutsi dute espetxeko kideek, eta baita umorea ere.

Zein aldaketa sumatu dituzu euskal gizartean?

Arlo sozialean batez ere, Europan oinarrizko printzipio demokratikoak dituzten herrialdeetan ikusi da hezkuntza, lana, etxebizitza eta osasun arloa bezalako zutabeak, pertsonen duintasuna bermatzen duten zutabe horiek, urtetan mantendu egin diren horiek, behera egin dutela, kapitalismoaren zurrunbiloak irentsita egin dutela behera. Inoiz ez da hainbeste diru egon hain esku gutxitan. Eta kontua da gaur egun ez dagoela argi noren aurka borrokatu behar duzun, Europako Banku Zentralaren aurka? Mundu Bankuaren aurka? Guztia birrintzen ari den inertziaren aurka iraultza egin behar dugu, egoera hau apurtu egin behar dugu.

Euskal Herria nola ikusten duzu?

Gure herrian errotuta dauden lan tresna eta moldeak defendatu behar ditugu, ezin ditugu beste batzuen esku utzi. Gure balioak berreskuratu behar ditugu. Gaizki pasatzen ari den jendea laguntzeko bizikidetza formulak bilatu behar ditugu. Euskal Herri libre eta soziala lortzeko, gure borrokarako indarra gizarteratu behar dugu. Lan handia dugu aurrean.

18/98 sumarioaren barruan epaitu eta zigortu zintuzten. Auzitegi Nazionalak zigor gogorrak ezarri zizkizuen auziko 46 laguni: guztira 600 urteko kartzelaldia.

Denbora galdua da kartzela. Estatuak xantaia egiteko tresna gisa erabiltzen ditu presoak; bahitu gisa erabiltzen ditu. Espetxean egon garenok eta oraindik han daudenak koherentziagatik daude. Euskal Herrirako hoberena nahi dugulako espetxeratu gintuzten, eta helburu hori gure herrian garesti ordaintzen da. Batzuek zigor espetxe luzeekin, eta beste batzuek bizitzarekin ordaintzen dute prezio hori.

2007an kartzelatu zintuzten. Orduan ezker abertzalea barne eztabaida egiten ari zen. Barrutik nola jarraitu zenuen prozesu hori?

Ezker abertzalearen eztabaidaren xehetasun guztiak ez nituen jarraitu, baina, emaitzak ikusita, egindako apustua ona dela esan dezaket. Gustuko dut. Eta kartzelan dauden gehienen iritzia ere hori da. Uste dut eman beharreko pausoa izan dela, eta garrantzi handikoa dela. Garai oso gogorrak bizi izan ditugu, baina egoera aldatuz joan da, eta ezinbestekoa zen apustu berria egitea.

Asmatu du ezker abertzaleak?

Argi daukat estatuak joko arau guztiak erabili izan balitu hemenbenetako demokrazia bat ezar zedin ezker abertzaleak eremu politikoan lan egiteko aukera aspaldi izango zuela. Bide politikoei ateak itxi egin dizkiete urte luzez, eta ezinbestekoa zen irtenbideak bilatzea. Baina urrats gehiago egin behar ditugu. Erresistentzia hutsa ez da nahikoa, nahiz eta askotan eustea garaipen bat izaten den. Estrategia aldatu behar izan da, eta agerian geratu da kalean pisu politiko handia lortu dugula, eta, zergatik ez, inbidia ere sortzen dugula arerio politikoengan. Elementu bizia gara oraindik, eta asko dugu emateko Euskal Herriaren alde. Orain arte eman ditugun pausoen bidetik jarraitu behar dugu. Jende asko dago gure helburuekin bat egin nahi duena, eta horiek erakartzeko lan egin behar dugu. Ongi ari gara lanean. Erakundeetan ari gara lanean; ez dira guk nahi genituzkeen erakundeak, baina tresna gisa erabili behar ditugu jendeak gure lana ikus dezan eta jakin dezan lan egiteko beste eredu bat dugula.

Arnaldo Otegi izan zen ezker abertzalearen apustu berriaren sustatzaileetako bat. Kartzelan dago egun. Zeri erantzuten dio?

Estatuak beldur izugarria diola bakeari eta konponbidea bilatzeari. Munduko edozein herrialdetan ohikoa denari beldur dio. Hor dugu Kolonbiako eredua: hango presidenteak babesa jaso du abiatutako elkarrizketa eta negoziazioengatik. Hemen, ordea, gobernua ez da gai elkarrizketarik abiatzeko, ezta modu pribatuan ere. Areago, Brian Currin eta Kofi Annan aditu entzutetsuak gutxietsi dituzte, baita etxe barruan ere, eta hori onartezina da. Bidean dauden oztopoak nola gainditu hitz egiteko prest ere ez dago gobernua. Baina bada garaia trabak gainditzen joateko eta esperientzia duten beste herrialdeetatik ikasteko.

Garai berri batean dago Euskal Herria, ETAk duela hiru urte eta erdi pasatxo bere jarduera uztea erabaki zuenetik. Zein garrantzi du pauso horrek?

Garrantzi handiko pausoa izan da. Mende erdiko borroka gogorra izan da, batez ere ETAko kideentzat, eta errepresioaren eta kartzelaren bitartez erantzun du estatuak, baita debeku eta legez kanporatzeekin ere. Nazioartean egoera aldatu da, eta gure herrian ere bilakaera bat egon da, egoera sozial eta politikoa bestelakoa delako, eta beharrezkoa da garai berrietara moldatzea. Uste dut lortu behar dugula bateragarri egiten ongi bizitzea eta borroka egiten jarraitzea. Izan ere, gure herrian baldintza ezin hobeak ditugu aurrera egiteko.

ETAren jarduera amaitu bada ere, ETArekin lotura izatea egotzita atxiloketak eta epaiketak egiten jarraitzen du estatuak.

Estatuak gatazka egoerari eutsi nahi dio. Estatuak nahiko luke ETAren komandoak atxilotzen jarraitzea, errepresioarekin jarraitzea, baina ezin du, ETAk erabaki zuelako armak uztea. Horregatik, prozesuak aurrera egin dezan pauso gehiago eman behar dira, eta horietako bat da desarmatzearena. Prozesu logiko batean armak entregatzea normal-normal egin beharko litzateke, modu publikoan, bi aldeko solaskideen aitortza eginez. Ordea, aukeratu duten bidea kontrakoaizan da.

Presoen eskubideen alde lan egiten dutenen aurka lau polizia operazio egin dituzte. Espetxe barruan nola bizi izan duzu?

Presoen elkartasunaren aurka jotzeko hautua egin du estatuak. Kartzelan daudenak presoak dira, baina defentsa eta asistentziarako eskubide osoa dute. Edozeren gainetik gizakiak dira, eta eskubideak dituzte. Edozein dela barruan daudenen ideologia, denen eskubideak errespetatu behar dira. Estatua amorratuta dago, eta ETArekin lot daitekeen zerbaiten aurka jotzeko beharra du. Orain, presoak eta familiak laguntzen dituztenen aurka egin dute, baina egunen batean atxilo hartuko dute preso bat bisitatzera doan edozein pertsona.

Premiazkoa da espetxe politika aldatzea?

Bai, baina ez soilik euskal preso politikoen egoera hobetzeko, baita preso arrunten egoera hobetzeko ere. Duela gutxi Brian Currini elkarrizketa batean irakurri nionbadela garaia pausoak ematen hasteko gaixorik dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak aske uzteko. Erabat ados nago; urratsak egiteko garaia da.

73 urterekin atera zara espetxetik. 70 urte bete zenituenetik egin dituzu baldintzapean aske uzteko eskaerak, baina atzera bota zizkizuten.

Nik eskatu nuen kalera ateratzea 92. artikulua aintzat harturik, baina espetxe erakundeen erantzuna izan zen nik ez nuela nire jarrera eta pentsaera aldatu eta ondorioz kartzelan jarraitu behar nuela. Alegia, nahi zutena zen damua agertzea. Baina zertaz damutu behar nuen? Egin egunkariari laguntzeagatik damua agertu behar al nuen? Laguntza behar zuen egunkari baten alde lan egin nuen, besterik ez, eta ez naiz horretaz damutzen. Nire bizitzaren parte bat da.

Gero eta traba gehiago jartzen ari zaizkie EPPK-koei Euskal Herrira hurbiltzeko eta kalera ateratzeko. Nola ikusten duzu?

Preso askok ezin dute damurik agertu, egin zutenarekin kontsekuenteak izan zirelako, euren bizia arriskuan jartzeraino. Estatuak badaki damuaren bidea ez dela zintzoa. Damua eskatzen hasiz gero, Espainian ere askok egin beharko lukete. Norberak badaki zer egin duen, bere ideien arabera jokatu duelako.

EPPK-ko presoak legezko bideak erabiltzen ari dira gerturatuak izateko, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak eskariak ukatzen dizkie. Nola eman buelta egoera honi?

Gizarteak presio handiagoa egin behar du, lana areagotu behar du. Presoei legezko bideak bete eta jarraitzeko eskatu zaie beti, eta, hori egin dutenean, ukatu egin zaie. Eta emandako arrazoia betikoa izan da. Zer egin behar dute orduan? Zozketa bat egin beharko dute kalera ateratzeko? Bada garaia presoak askatzen joateko.Espetxeetako funtzionarioek berek badakite zer egin duen preso bakoitzak, eta estatuak badaki indarrean dagoen araudia ezarrita eta legea aplikatuta egun kartzelak ia hutsik egongo liratekeela. Baina estatuak bahituak behar ditu.

Bake prozesua geldituta dago. Zer egin blokeo egoeratik irteteko?

Lehen esaten zen bonbarik gabedena posible zela, eta orain, bonbarik ez dagoenean, ez dago ezer. Estatua lokaztuta dago, gero eta gehiago, eta zaila izango du egoera honetatik ateratzea. Legeak, boterea eta kartzeletako giltzak haien esku daude, baina horrek ez du esan nahi estatu demokratiko bat denik. Espainia ezin homologa daiteke beste herrialde batzuekin ikuspuntu demokratiko batetik.

Non dago geldiunetik irteteko giltza?

Erakundeek badituzte beren zirrikituak egoera zailei aurre egiteko. Formulak bilatu behar ditugu irtenbideak bilatzeko, legeak ez gaitzan gero eta gehiago estutu. Lanean jarraitu behar dugu, herri bezala existitzeko dugun eskubidea defendatu behar dugu. Herriak mobilizatu beharra dauka, eta gure egoeraren berri zabaldu behar dugu han eta hemen.

Euskal Herriko errealitatea kanpoan zabaltzearen aldekoa zara, beraz.

Espainian denak ez dira inozoak, eta badago jendea ohartzen dena hau ez dela bidea. Gure herriaren errealitatea kanpoan ezagutzera eman behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.