Independentziarako berrituta

Abian eztabaida prozesuaren bukaerako txostena aurkeztu du ezker abertzaleak, Durangon
Marije Fullaondo eta Igor Arroyo Abian prozesuko bozeramaileak, atzo, Durangoko ekitaldian.
Marije Fullaondo eta Igor Arroyo Abian prozesuko bozeramaileak, atzo, Durangoko ekitaldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2016ko maiatzak 8
Orain dela bi aste bukatu zuen ezker abertzaleak Abian eztabaida prozesua, eta atzo aurkeztu zuten haren emaitza, Durangon, Landako erakustazokan egindako agerraldian; hots, independentziarako estrategia berritua. «Amaitu da erresistentziarako ezker abertzalea. Euskal errepublika askea irabazteko lanean ariko den ezker abertzale berria aterako da Landakotik», adierazi du Marije Fullaondok. Haren esanetan, Abian-en onartutako txostena «orube polita» da 2010ean Zutik Euskal Herria adierazpenak finkatutakoa eraikitzeko. Azpimarratu dute Zutik EH-ren ondorioz aldaketa handia izan dela Euskal Herrian, baina ezker abertzaleak ez duela behar adina baliatu. «Urteotako balantze autokritiko zorrotza egin dugu».

Ezker abertzalea «indarberritu» egin dela adierazi du Igor Arroyok, atzean ehunka militante dituela. «EH Bildu eta EH Bai koalizioen barruan» sustatu nahi dute elkarlana, baina baita ezker abertzalearen proiektuarekin identifikatzen diren herritarrekin ere. Dei berezia egin die herri mugimenduei eta gazteei.

Ezker abertzaleak historikoki defendatu duen «egitasmo estrategikoaren gaurkotasuna berretsi» dutela azaldu du Arroyok. «Guretik emanez, Euskal Herritik emanez, alternatiba globala sustatu nahi dugu. Horregatik gara independentistak: gure herrian eta gure herritik eredu ekonomiko, sozial eta politiko berria eraiki nahi dugulako».

Independentzia gauzatzeko aroari «ateak irekitzera» doazela iragarri dute. Horretarako estrategia «berritu» dute, aldebakartasunean oinarrituta: «Euskal Herrian egin behar dugu bidea». Eskaintza independentista ere «berria» izango da, «herritarren behar eta desio partekatuei erantzuna emateko». Estatu propioaren aldeko lanean «herrigintza ardatz» izatea nahi du ezker abertzaleak. Estrategia berri horren barruan euskal preso eta iheslarien etxeratzea garrantzitsua izango dela ohartarazi du.

Barne aldaketak

Ezker abertzalearen birsortzeak barrura begira ere berritasunak ekarriko lituzke. «Aldaketa eragile izan nahi duen orok aldaketa etxetik hasi behar du». Mugimenduko erakundeek kongresuak egingo dituzte. Aurrena Sortuk egingo du, uda aurretik seguruena. Hura bilakatu nahi dute «ezker abertzale osoko» bilgune. Ostean, LAB sindikatuak eta Ernai gazte erakundeak egingo dituzte biltzarrak; hirurak izango dira ezker abertzaleko erakundeak. «Gure kultura politikoa osatu dituzten tasunak berreskuratzera goaz. Izan ditugun keriak zuzentzera goaz», esan du Arroyok.

Berrikuntzarako oinarriak zehaztu ditu: parte hartzea, auzolana, elkartasuna, euskararekiko konpromisoa eta feminismoa.

@ Abian-eko behin betiko txostena irakurri nahi izanez gero, bisitatu BERRIAren ataria: www.berria.eus

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna